Musika

Etsipenetik argira doan zuzeneko diskoa kaleratu du Garik

Bakarka egindako 27 urteko ibilbidea biltzen duen 'Zuzenean 2022' diskoa kaleratu du Iñaki Igon Garitaonandia 'Gari' musikariak, eta autobiografia musikal bat ere badela azaldu du.

Iñaki Igon Garitaoandia 'Gari' eta Miguel Moyano musikariak. ARITZ LOILA/ FOKU
Inigo Astiz
2022ko azaroaren 4a
13:30
Entzun

«Zuzenean grabatutako album honetan azken urteetan idatzitako kantak errepasatzen ditut, eta nire bizitza aurkezteko modua da: gorabeheraz beteriko bizitza, une argitsuekin eta une ilunagoekin». Idatziz utzi nahi izan du aitortza hori Iñaki Igon Garitaonandia Gari musikariak. Bakarkako ibilbidean egindako 27 urteen errepasoa egiteko lau kontzertuko bira eskaini zuen ekainean Maldanbera taldearekin, eta zuzeneko diskoa kaleratu du orain saio haietan grabatutako 15 kantarekin: Zuzenean 2022 (Elkar). Eta disko horren liburuxkako lehen orrialdean dator musikariaren aitorpena. Autobiografia musikal moduko bat ere badelako lana, haren hitzetan. Amets abestia sortu zuen «desesperaziotik» hasi, eta Berlin abestiko «argitasunera» egindako hamabost kantako ibilbide bat.

Zor moduko baten ordaina ere bada zuzenekoa, Garik azaldu duenez. «Urteak dira Gasteiztik Bilbora etorri nintzela; epe luzera begira, hemen inguruan talde baten sarea sortzea zen nire asmoa, gehienbat musikari bezala eta artista bezala hazteko, behar hori nuelako. Miguel [Moyano] eta biok hasi ginen horretan, taldea egonkortu dugu, landu dugu sonoritate berezi bat, eta musikari bezala lortzen duzunean halako egonkortasun bat, mentala, fisikoa eta baita ere artistikoa, zor bat sortzen da hor, eta hori erregistratzeko beharra nuen».

Tranparik gabe

Lazkaoko Areria aretoan (Gipuzkoa), Bilboko Arriaga antzokian, Getxoko Muxikebarrin (Bizkaia) eta Bergarako Seminarixoan (Gipuzkoa) egin zituzten ekaineko emanaldiak, eta bertan Alex Alonso, Oier Aldekoa, Miguel Moyano musikariak izan zituen alboan. Unai Mimenza aritu zen soinu teknikari lanetan eta John Luhman arduratu zen argiztapenaz. Zehaztu zuten lehenik diskoan sartu beharreko kanten zerrenda, eta, gero, Moyano eta Victor Sanchez teknikariak egin dute lau grabazioetako kantarik onenen hautaketa Elkar estudioetan. «Oso gustura» geratu da emaitzarekin Gari. «Garbi genuen kantak ongi geratzeko tranpak egin behar baziren egingo genituela, eta prest geunden jatorrizko horren gainean grabazio gehiago egiteko ere, baina ez da behar izan».

Kanten hautaketa egitean «atzera begirako bat» egitea izan da asmoa, Garik azaldu duenez. «Ez bakarrik sonoritatean eta hitzetan oinarrituta, baizik eta kontuan hartuz baita kanta hori idaztean nola sentitzen nintzen, fisikoki eta mentalki nola bizi izan nuen une hura, eta inguruan zer-nolako babesa sentitu nuen. Hasierako desesperazioetatik, azkeneko heldutasun eta itxaropen eta momentu argietara. Eta ibilbide horretan ikus daiteke 27 urte horietan zein izan den Gari musikariaren nondik norakoa».

Hertzainak taldearen ispiluan

Hertzainak taldea desegin ostean hasi zuen bakarkako ibilbidea Garik, 1995ean, Gari izeneko diskoarekin, eta lan hartako lehen abestiarekin hasi du orain zuzeneko diskoa ere. «Sasoi ilunak» izan zirela aitortu du, ordea, eta behin baino gehiagotan aipatu du «desesperazio» hitza haiei erreferentzia egiteko. «Desesperaziotik idatzitako kanta bat da [Amets]».

Paradoxikoki, Hertzainak taldearekin hiru kontzertuko agur bira prestatzen ari dela aurkeztu du bere bakarkakoaren nondik norakoa biltzen duen lana musikariak. Eta, nolabait ere, onartu du elkarri ispilu lana egiten diotela bi proiektuek.

Azaldu duenez, adibidez, «txikia» da bakarkako proiektuarekin sentitzen duen «motxila», eta aitortu du «funtsezkoa» zaiola horrek ematen dion «malgutasuna». Kontrastean, ordea, «erraldoia» izaten ari da Hertzainaken despedidarekin gertatzen ari dena. «Disparate bat da». Zehaztu duenez, guztira, 40.000 edo 50.000 ikusle inguru bilduko ditu taldeak urtarrilean Gasteizen, eta abenduaren 16an eta 17an Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaian) emango dituen hiru kontzertuekin. «Oso gustura» dago jasotako berotasun horrekin, baina onartu du «deskolokatu» egin duela.

Eta oharra ere utzi nahi izan du. «Jakizue, musikaren mundu inguruko jendearen gehiengo handienak ez zuela Hertzainak-en proiektuaren alde apusturik egin, emango ez ditudan izen gutxi batzuen salbuespenarekin, ez Euskaldunakoa egin zenean [duela hiru urte], ez orain ere. Baina ez ditut epaitu nahi, oso zaila zelako duela hainbeste urte hildako proiektu batek horrela funtziona zezakeenik».

Azaldu duenez, Josu Zabalaren osasun egoera ahulak bultzatuta hasi ziren elkarrekin berriz ere lehen saio laburrak egiten. Erantzun ona igarrita, jarraitu egin zuten. Proiektua hazten ikusi ahala, Zabalaren osasunak ere hobera eginez joan dela esan du Garik.

Bakarkako ibilbidean jarraitzea da bere asmoa, halere. Eta esan du zuzeneko diskoaren ideia eta Hertzainak-en agurra heldu aurretik kanta berriak sortzen zebilela. Pozik dagoela dio. «Sentitzen naiz... gazte esatea gehiegi da, baina musikari bezala, artista bezala, sentitzen naiz pil-pilean».

Onartu du nekea ere, bi proiektuak aldi berean zutik eutsi beharragatik. «Bolada oso gogorra daramat». Amaitu da bakarkako ibilbidearen zuzeneko diskoaren prentsaurrekoa, atera dituzte albistea zabaltzeko argazkiak, agurtu ditu lagunak, eta Moyanorekin batera joan da zuzenean Hertzainak taldearen agurra prestatzeko entseguetara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.