Girona 2-1 Athletic

Lau egun beranduago iritsi da Athleticen gau beltza

Athleticek neurketa kaxkarra jokatu du Montilivin, eta amaieran markagailua berdintzeko aukera izan badu ere, esku hutsik itzuliko da etxera

Alex Berenguer, eta atzean Gironako jokalariak goletako bat ospatzen. DAVID BORRAT / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2022ko azaroaren 4a
23:19
Entzun

Bizi hasi du partida Gironak, eta mota guztietako aukerak izan ditu markagailuan aurreratzeko. Hala ere, bigarren zatian iritsi dira neurketako hiru golak. David Lopezek, eta Ivan Martinek egin dituzte Gironarenak, eta Gorka Guruzetak egin du Athleticena. Amaieran Niko Williamsek izan du markagailua berdintzeko aukera, baina kanpora joan zaio errematea.

Girona nahi bezala aritu da aurreneko 35 minutuetan. Athletic atzean sartuta egon da, etxeko taldearen saiakerak ahal bezala zapuzten, eta soilik kontraerasoan eraman dute arriskua Paulo Gazzanigaren ate ingurura. Bi hegaletatik eraman du arriskua Gironak, eta aukera garbiak izan ditu markagailuan aurretik jartzeko. Aleix Garciak oso gertu izan du neurketako lehen gola falta jaurtiketa batean. Jaurtiketak zuri-gorrien giza hesian jo du, eta aterako bidea hartu du baloiak zuzenean. Hala ere, Unai Simon oso trebe aritu da, eta ahal bezala desbideratu du baloia kornerrera. 43. minutuan beste aukera bat izan du Garciak, baina orpoarekin egindako erremate hori ere kornerrera desbideratu du Simonek.

Hasiera-hasieratik hartu du erantzukizuna etxeko taldeak, eta pase gutxirekin iritsi da Athleticen areara. Oso modu bertikalean jokatu du Gironak, eta Athleticek nahikoa lan izan du atea hutsean mantentzen. Horren adierazgarri da Gironak 11 jaurtiketa egin dituela lehenengo 45 minutuetan. Hala ere, Yeray Alvarez eta Simon oso ondo aritu dira atzean, eta aukera guztiak saihestea lortu dute. Azken hamar minutuetan hobeto aritu da Athletic. Areaz kanpotik arriskua sortu du Ernesto Valverderen taldeak, baina Gazzanigak ez du lan askorik izan.

Atsedenaldian Mikel Balentziaga sartu du Valverdek Yuri Berchicheren ordez, baina partidaren norabidea ez da asko aldatu. Valentin Castellanosek bigarren zatia hasi eta berehala izan du gola egiteko aukera, baina jaurtiketa bortitzari ondo erantzun dio Simonek. Beste hainbat aukera izan ditu etxeko taldeak bigarren zatiko aurreneko minutuetan, eta 65. minutuan iritsi da Gironaren gola. Estrategia jokaldi bat ederki errematatu du Lopezek, eta Simonek ezin izan du enegarren errematea urrundu.

Gol batekin nahikoa ez, eta berehala iritsi da Gironaren bigarrena. Aulkitik sartu berria zen Ivan Martinek bikain kontrolatu du baloi luze bat, eta Simonen hanka artetik bidali du baloia sareetara. Hala ere, Athleticek ez du etsi, eta bi minutu beranduago egin du gola.  Iñaki Williamsen erdiraketa De Marcosek ukitu du, eta Guruzetaren jaurtiketak Gazzaniga gainditu du.

Golarekin punturen bat lortu zezakeela sinetsi du Athleticek, eta orduan iritsi dira zuri-gorrien minutu onenak.  Nico Williamsek markagailua berdintzeko aukera garbia izan du, baina area barruan egindako jaurtiketa kanpora bidali du. Horrela amaitu da neurketa, eta hiru puntuak Gironan gelditu dira. Geldialdira iritsi aurretik bi neurketa gelditzen zaizkio Athletici. Asteartean Valladolid hartuko dute zuri-gorriek San Mamesen, eta Alziraren aurka jokatuko dute azken neurketa, bihar zortzi, Espainiako Kopan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.