Lanbide Heziketaren VI. plana onartu dute, «eraldaketa» eta «berrikuntza» xede

Jokin Bildarratz sailburuak azaldu du plan berriak aintzat hartuko duela prestakuntza «humanista». 513 milioi euro aurreikusi dituzte datozen hiru urteetarako.

Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluaren bilera, gaur. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko azaroaren 7a
13:24
Entzun

Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak «aho batez» onartu du gaur Lanbide Heziketaren VI. Plana. 513 milioi euro aurreikusi dituzte datozen hiru urteetarako. Lanbide Heziketako Euskal Kontseilua erakunde arteko organismo bat da, eta instituzioek eta gizarte eragileek osatzen dute: hala nola Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiak, Confebaskek, zenbait sindikatutako ordezkariek, eta ikastetxe publiko zein pribatuetako ordezkariek. Organismo hori gaur goizean batzartu da, Lakuan, Lanbide Heziketaren VI. Plana onesteko.

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, plan berriak «argi» finkatzen du datozen urteetarako ikuspegia. Lau «dimentsio» aintzat hartuko ditu plan berriak: pertsonak, teknologia, jasangarritasuna eta sistema osoa hartzen duen dimentsioa. Bildarratzek azaldu du planaren helburua dela «giza garapen iraunkor eta inklusibo baterantz» aurrera egitea, pertsonen talentua bultzatuta eta ikaskuntza eredu aurreratuak txertatuta. Horrekin batera, lortu nahi dute lanbide heziketa «eraldaketa» eta «berrikuntzako» eragile bilakatzea, enplegagarritasuna hobetzeko, enpresei lehiakortasun handiagorako bidean laguntzeko, eta garapen iraunkorra sustatzeko.

Plan berriak ezartzen dituen helburuei dagokienez, lanbide heziketak aurrean dituen erronkak azpimarratu ditu Bildarratzek: besteak beste, teknologiak, digitalizazioak eta sistema adimendunetan oinarritutako ereduak baldintzatutakoak. «Datozen hogei urteetan, aldaketa disruptiboen lekuko izango gara, orain arte ezagutu dugunarekin zerikusirik izango ez duen mundua eratuko baitute. Disrupzioa, konplexutasuna eta ziurgabetasuna lagun izango ditugu».

Lanbide heziketak pertsonak trebatzeko erronka handia duela gaineratu du Bildarratzek, «eraldaketa horretara egokitu daitezen eta errealitate berriak eskatzen dituen gaitasunak gara ditzaten». Hori izango da Lanbide Heziketaren VI. Planaren jarduera ardatz nagusietako bat. Bide horretan, eta digitalizazioak eta adimen artifizialak duten potentzial handiaren aurrean, planak prestakuntza «humanista» ere aintzat hartuko du.

Hori guztia kontuan hartuta, ikastetxeak ere eraldatu beharko direla azaldu du sailburuak: «Ikastetxe mota berri bat behar da, begirada etorkizunean jarria izango duena, antolatua eta erakunde adimendun gisa kudeatuta, jarduteko eta lan egiteko beste modu batekin». Horrekin batera, laugarren industria iraultzak lanean eta enpleguan izango duen eragin zuzena hizpide izan du sailburuak, horri ere heltzen baitio Lanbide Heziketaren plan berriak. «Etorkizunean, lan aukerak oso bestelako ingurune batzuetan sortuko direla sumatzen dugu, eraldaketagatik edo sorkuntza berriagatik».

Gaur egun, 45.000 ikasle inguruk ikasten dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lanbide heziketako zentroetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.