Athletic 3-0 Valladolid

Guruzetaren bolada ona baliatu du Athleticek garaipena lortzeko

Iragan ostiralean Gironan 1-2 galdu ostean, hiru puntu bildu ditu Athleticek Valladoliden aurka, San Mamesen

Gorka Guruzeta goletako bat ospatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2022ko azaroaren 8a
22:46
Entzun

Neurketa hotz hasi badu ere, garaipen handia lortu du Athleticek, gaur, Valladoliden aurka. Garaipen horrekin Txapeldunen Ligako postuetan dago Ernesto Valverdek zuzentzen duen taldea. Gorka Guruzetak egin ditu lehen bi golak, eta Dani Vivianek biribildu du gaua. Guruzeta lehen aldiz aritu zen hasieratik Lehen Mailako neurketa batean, eta hemezortzi minutu behar izan ditu gola egiteko. Donostiarra une gozoan dago. Europako ligetatik gol bat sartzeko denbora gutxien behar duen bigarren jokalaria da gaur-gaurkoz: gol bat 36 minuturo.

Lanak izan ditu Athleticek hasierako minutuetan. Valladolidek oso ondo hasi du neurketa, eta hiru aukera izan ditu hamabost minutuan. Sergi Guardiolaren oinetan izan du lehen aukera garbia. Aurrelariak Yeray aurrean zuela jaurti du Unai Simonen atera, eta ezker zutoinaren ondotik kanpora joan da baloia. Hala ere, bost minutu beranduago iritsi da zuri-gorrien gola. Iñaki Williamsen pasea jaso eta gero, Guruzetak errematea egin du ezkerrez. Masipek gola saihestea lortu du aurreneko saiakeran, baina aldaratzea Guruzetak berak bidali du sareetara.

Valladolid oso ausart hasi da San Mamesen. Lehen minutuetan gola gertu izan du, baina oso aurrean ipini du defentsako lerroa, eta Williams anaien abiadura ondo baliatu dute zuri-gorriek hegaletatik min egiteko. Golaz gain, beste zenbait aukera iritsi dira, baina bizkaitarrek ez dute ate aurrean asmatu. Iñaki Williamsek lortu du baloia sareetara bidaltzea; baina jokoz kanpo zegoen errematea egin duenean, eta epaileak baliorik gabe utzi du jokaldia.

Bigarren zatia hasi eta berehala sartu du Guruzetak zuri-gorrien bigarren gola. Vesgak Valladoliden area inguruan lapurtu du baloia, eta Guruzetari eman dio baloia area barruan. Aurrelariak ez du birritan pentsatu, eta jaurtiketa gurutzatu batekin bidali du baloia sareetara. Donostiarra «oso pozik» agertu da neurketaren ostean: «San Mamesen golik sartu gabe nengoen, eta oso berezia izan da», aitortu du.

Valladolidek ez du lortu aurreneko minutuetan erakutsitako jokoa egitea, eta Simonek oso lan gutxi eduki du bigarren zatian. Jose Rojo Pacheta saiatu da aldaketak egin eta neurketaren norabidea aldatzen, baina ez du inondik inora lortu. Oso aurrean egin du presioa, baina horrela hutsune handia utzi du atzean. Athleticek, zaleen aupada aprobetxatu du, eta presiotik irtetea lortu duen bakoitzean arrisku handiarekin iritsi da Masipen ate ingurura. Falta jaurtiketa batean iritsi da Athleticen hirugarren gola. Iker Muniainek egin du erdiraketa, eta Vivianek, buruz, ginga jarri dio erdiraketa eder bati. Beste hainbat aukera izan ditu etxeko taldeak, baina 3-0 amaitu da neurketa San Mamesen.

Gauzak horrela, aste honetan jokatuko diren partiden esperoan, Txapeldunen Ligako postuetan dago Athletic, 24 punturekin. Qatarko Munduko Kopagatik egingo den geldialdira iritsi aurretik, azken neurketa bat jokatu beharko du Valverderen taldeak, Espainiako Kopan. Valentziara egingo dute bidaia zuri-gorriek, igandean Alziraren aurka jokatzeko .

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.