KARABAKH GARAIA

Karabakh Garaian «gune desmilitarizatu bat sortzea» proposatu dio Armeniak Azerbaijani

Paxinian lehen ministroak ziurtatu du Erevan «leiala» zaiola lurraldeko bake elkarrizketari, eta «lehenbailehen» sinatu nahi duela Azerbaijango muga finkatzeko akordioa.

Ezkerretik hasita, Azerbaijango presidente Ilham Alijev, Vladimir Putin Errusiakoa eta Armeniako lehen ministro Nikol Paxinian, urriaren 31n, Sotxin (Errusia) egindako bileran. SERGEJ BOBYLEV / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko azaroaren 10a
12:53
Entzun

Armeniako eta Azerbaijango gobernuen arteko tentsioa baretzeko asmoz, Erevanek Bakuri proposatu dio «gune desmilitarizatu bat» sortzea Karabakh Garaia eremuaren inguruan, «nazioarteko bermeekin». Hala baieztatu du gaur Nikol Paxinian Armeniako lehen ministroak, bere kabinetearekin egindako bilera baten ostean egindako agerraldian. Azaldutako proposamenaren arabera, gune desmilitarizatuak hiru kilometroko zabalera izango luke, 1991n zehaztutako bi herrialdeen arteko mugak aintzat hartuta, Armenpress albiste agentziak jaso duenez.

Paxinianek nabarmendu duenez, Karabakh Garaiko eremua desmilitarizatzen badute, bertako karabakhtarrek ez dute «defentsarako» indar handirik erabili beharko. «[Azerbaijanen] Genozidioa jasateko mehatxuagatik bakarrik dute armada Karabakh Garaiko armeniarrek», zehaztu du. Era berean, Armeniako lehen ministroak ukatu egin ditu Bakuren salaketak; izan ere, Azerbaijanek leporatzen dio soldaduak dituela Karabakh Garaian, eta gogorarazi du, halaber, Azerbaijanek berak uko egin diola gai hori argitzeko misio bat hara bidaltzeko proposamenari. Haren esanetan, Bakuren ekintzak «mehatxu» dira Hego Kaukasoko eskualdeko «segurtasunarentzat».

Bestalde, Paxinianek ziurtatu du Erevan «leiala» zaiola lurraldeko bake elkarrizketari, eta «lehenbailehen» sinatu nahi duela Azerbaijango muga finkatzeko akordioa, bi errepubliken arteko bake hitzarmenean «aurrera egiteko». Halere, kritikatu egin ditu Bakuk haizatzen dituen «gerra kutsuko erretorikak» eta bi aldeen artean adostutako su etenaren «ia eguneroko urraketa» salaketak. «[Azerbaijango agintariek] diote Karabakh Garaia ez dela existitzen, eta hori 2020ko azaroaren 9ko hiruko adierazpenaren aurka doa [lurraldeko gerrari amaiera eman zion akordioa da]. Adierazpeneko laugarren puntuak, hain zuzen, Karabakh Garaia aipatzen du», baieztatu du Paxinianek.

Joan den urriaren 31n, Errusiako Sotxin (Itsaso Beltza) egindako bileran, Armeniako eta Azerbaijango buruzagiek adostu zuten ez zutela «indarrik erabiliko», Hego Kaukasoko eskualdeko «arazoa» konpontzeko eta «mugen subiranotasuna, lurralde osotasuna eta bortxaezintasuna» errespetatzeko, Nazio Batuen Gutunarekin eta 1991ko Alma-Ataren adierazpenarekin bat etorrita.

Horrez gain, bi aldeek berretsi egin zuten aldez aurretik lortutako akordioak «zorrotz» betetzeko konpromisoa, «Azerbaijanen eta Armeniaren arteko harremanen normalizazio integrala lortzeko, bai eta Hego Kaukasoko bakea, egonkortasuna, segurtasuna eta garapen iraunkorra ere». Era berean, Erevanek eta Bakuk nabarmendu zuten Moskuk «funtsezko ekarpena» egin duela Karabakh Garaiaren aferan Armenia eta Azerbaijanen arteko gatazka konpontzeko, «bake kontingente bat» hedatuz; lurralde horretan dago, 2020ko udazkeneko azken borroken amaieratik.

Karabakh Garaiaren kontrolak asko areagotu du bi herrialdeen arteko tentsioa. Azerbaijanen menpe dago ofizialki Karabakh Garaia, baina gehiengo armeniarra du, eta de facto independentea da, nahiz eta nazioarteko herrialde bakar batek ere halakorik onartu ez. 2020an, sei aste iraun zuen gerra bat izan zen han. Geroztik, aldiro izan ohi dituzte borrokak mugan. Azkena, joan den irailean; Armeniako 105 soldadu eta Azerbaijango 71 hil ziren ia hiru egunez izandako borroketan. Irailaren 15ean, bi aldeek su etena hitzartu zuten, eta, horren bidez, Armeniak eta Azerbaijanek bestearen lurralde osotasuna eta subiranotasuna onartzen dute. Dena dela, menia urratzea egotzi diote elkarri azken egunotan. Hain justu, Armeniako Defentsa ministerioak gaur salatu duenez, Azerbaijango armadak soldadu bat «larri» zauritu du mugako «kokaleku baten» aurkako eraso batean. Armenpress agentziak jaso du albistea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.