Aurrekontuak

EAJk eta Espainiako Gobernuak 70 milioi euroren neurriak adostu dituzte aurrekontuetan

EAJren 48 zuzenketa partzial onartu ditu Madrilek. Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak jakinarazi du negoziazioak ez daudela itxita eta zuzenketa gehiago onartzeko aukera dagoela.

Aitor Esteban EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramailea. LUIS TEJIDO/ EFE
Edurne Begiristain.
2022ko azaroaren 11
13:00
Entzun

Espainiako Gobernuaren aurrekontuei osoko zuzenketarik ez ziola aurkeztuko iragarri ondotik, akordiorako bidean beste urrats bat iragarri du EAJk. Aitor Esteban EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak agerraldia egin du gaur, Bilboko Sabin Etxean, eta azaldu du azken bi aste hauetan «modu positiboan» negoziatu direla aurrekontuei egindako zuzenketa partzialak. Bide horretan, jakinarazi du atzo lortu zutela beren zuzenketen «kopuru handi bat» aurrekontuen proiektuan sartzea, zehazki 48, EAJren «zuzenketen %70». Denera, 70 milioi euroren neurriak adostu dituzte.

Estebanek azaldu duenez, ekonomia bultzatzeko, azpiegiturak hobetzeko, kultura proiektuak garatzeko eta giza eskubideen defentsa babesteko dira diru sailak. Besteak beste, 25 milioi euro bideratuko dira Urdaibaiko Guggenheimen egitasmoa garatzeko, hamar milioi ur hondakinak garbitzeko Loiolako estaziorako, eta bederatzi milioi Arabako Zadorra ibaiaren inguruko hainbat jardueratarako. Estebanek azaldu duenez, EAJren zuzenketa bati esker, lehen aldiz giza eskubideen defendatzaileak aldi baterako babesteko programa bat sortuko da. Horrekin lotuta, portuetako tasak doan izango dira giza salbamenduan dabiltzan ontzientzat: adibidez, Aita Mari-rentzat.

Akordioa «oparoa» izan dela nabarmendu du Estebanek: «Balantze ona dela uste dugu, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako herritarren bizitza hobetzeari eragingo dioten gai interesgarriak sartzea lortu dugu». Hala ere, zehaztu du oraindik ere negoziatzen jarraituko dutela eta zuzenketa gehiago adostea espero dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.