Artea

Mari Paz Jimenezen inguruko album ilustratua kaleratu du Pamielak

Elena Olabek eta Irrimarrak ondu dute 'Mari Paz Jimenez eta pintura. Ahizpari gutuna' lana, artistak Rosario Escudero ahizpari bidalitako gutun bat itxuratuz.

Garazi Ansa, Elena Olabe eta Karmele Gorroño, gaur goizean, Donostiako Udal Liburutegian. JON URBE / FOKU
itziar ugarte irizar
2022ko azaroaren 11
17:25
Entzun

Euskal Herrian pintura abstraktua jorratu zuen lehen artista izan zen. «Lehen artista, ez lehen artista emakumea». Eta hala ere, gaur-gaurkoz, justuan heldu zaio aitortza Mari Paz Jimenez artistari (Valladolid, Espainia, 1909 - Donostia, 1975). Aski motibo iruditu zaie hori Garazi Ansari eta Haizea Barcenillari eurek zuzentzen duten eta Pamielak argitaratzen duen Bagara sailaren barruko bigarren album ilustratua hari eskaintzeko. Elena Olabek idatzi du testua, Irrimarrak —Karmele Gorroño eta Irene Irureta— egin ditu irudiak, eta erabateko abstrakziora heldu aurretik artistak izandako garapenean jarri dute begirada. «Testuan asko kontatzen da esan gabe, eta saiatu gara irudietan ere hala izan zedin», aurreratu du Gorroñok.

Mari Paz Jimenez eta pintura. Ahizpari gutuna da lanaren izenburu osoa, artistak 1950ean bere ahizpa Rosario Escuderori bidalitako fikziozko eskutitz bat baitu ardatzean. Olabek bazekien Jimenezek gutun ugari bidali zituela bere bizitzan, eta aise etorri zitzaion ideia gogora. «Bere bizitzari eta bere ideia filosofiko eta artistikoei buruz jaso izan dudan informazio gordinena gutunetan topatu izan dut; hor ikusi nuen gutuna formatu egokia zela bere bide artistikoaren eta bizipenen inguruan berba egiteko».

Gutun bat idazteak aukera eman dio, halaber, irakurlea ez zen beste hartzaile bat txertatzeko testuan; Rosario Escudero, artistaren ahizpa. Flamenkoko dantzaria izan zen hura, Jimenez bera baino are ezezagunagoa, Olabek azpimarratu duenez. Esperimentazio gogoz jardun zuen beti, eta Frantzian topatu zituen bere lana erakusteko agertokiak, apenas aurkitu zuen halakorik Espainian. «Badakigu New Yorken ere egon zela Marta Grahamen eskolan, eta Mari Paz Jimenezek jantziak josi eta kartelak egin zizkiola». Hari ere bidali zizkion gutunak Jimenezek, ahizparen «sorkuntza elikatuko zuten» irakurketak aholkatuz.

Testuinguru bat eta ijito komunitatearen inguruko iruditegia partekatu zuten bi ahizpek, eta Jimenezek bere hasierako margolanetan islatu zuen hori, oihalen, jantzien eta dantzen aipamenekin eraman du testura orain Olabek. Haren koadernoetatik bildutako oharrak ere baliatu ditu. «Oso ondo islatzen dute existentzialismoarekiko, naturarekiko, geologiarekiko eta abarrekiko izan zuen interesa; batik bat, bere lan abstraktuarekin lotzen dena».
Pinturaz arituta, akrilikoa baliatu dute teknika gisa Irrimarrakoek. Gorroñok kontatu du duda izan zutela non jarri arreta, artistaren lan figuratiboa ezagutaraztean edo haren ibilbidearen garapena irudikatzean; bigarrenaren alde egin dute azkenean. «Nolabaiteko porfolio bat balitz bezala; munduak ikus dezan nor izan zen bera, nolakoa bere lana».

Barcenillak, hain justu, garapen hori islatu izana ospatu du: «Mari Pazen lanean, ikusgarritasun handiagoa eman zaio beti alde abstraktuari, eta inportantea da ikertu gabe dagoen bere aurreko garaira eta emakume arrazializatu askoren errepresentaziora hurbilketa bat egin izana liburu honetan. Abstrakzioa inportantea izan da Euskal Herrian, baina figurazioa ere hor egon da beti; esperimentazio iturri handia izan da, eta Mari Pazen ekarpena oso inportantea izan da hor».

Ansak aipatu du, bestalde, haurrentzat ere pentsatuak daudela Bagarako albumak, eta garrantzitsutzat jo du haien iruditerian emakume artisten erreferentziak txertatuz joatea. Artistaren inguruan ikertzen segitzeko QR kode bat ere erantsi diote liburuari.

Hurrengoa, Rosa Valverde

Esther Ferrerren ingurukoa izan zen Bagara sailean kaleratu zuten lehen lana, eta, Jimenezenaren ondotik, Rosa Valverderi eskainiko diote hurrengoa. Maialen Lujanbiok (hitzak) eta Arrate Rodriguezek (irudiak) onduko dute, eta Valverdek landu zituen ehunka kaxak izango dituzte oinarrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.