Musika

Keith Levene The Clash taldearen sortzailea hil da

Public Image Limited (PIL) taldea ere sortu zuen, John Lydonekin batera.

Keith Levene, bere ibilbideko lehenengo urteetan. BERRIA
mikel lizarralde
2022ko azaroaren 14a
12:02
Entzun

Mick Jones gitarristarekin eta Paul Simonon baxu jotzailearekin batera, The Clash taldearen sortzaileetako bat izan zen Levene 1976an, eta hark eta Bernie Rhodes managerrak eskatu zioten Joe Strummer abeslariari taldeko kide izateko. Levenek The Clashen egingo zuen bidea, baina, laburra izan zen, eta Londresko taldeak bere lehenengo diskoa grabatu baino lehen, utzi egin zuen taldea. Levenek berak aipatu zuenez, ez zegoen ados The Clash hartzen ari zen norabide politikoarekin, eta, artean taldeko kide zela, Johnny Rotten Sex Pistols taldeko abeslariari talde bat sortzeko aukera aipatu zion, baldin eta taldea desegiten bazen. 1976an bertan, baina, taldetik bota zuten Levene.

1978an, azkenean, Levene eta Rotten elkartu —John Lydon bere izena berreskuratuta—, eta Public Image Limited (PIL) taldea sortu zuten. Punk mugimendua aldatzen eta garatzen ari zen ordurako, eta PIL taldea horren erakusle nabarmena izan zen. Public Image: First Issue (1978) taldearen lehen diskoak post-punkaren oinarriak jarri zituen, baina ondorengo urteetan eta diskoetan taldeak bestelako musika batzuen eragina jaso zuen, hala nola dub-arena, disco musikarena eta musika esperimentalarena. Horren guztiaren erakusle dira PILek argitaratu zituen bi diskoak: Metal Box (1979) eta The Flowers of Romance (1981).

1984an taldea utzi zuen Levenek, eta, bi urte geroago, Red Hot Chili Peppersen The Uplift Mofo Party Plan diskoko maketak ekoitzi zituen. 1989an, berriz, bere bakarkako lehenengo diskoa argitaratu zuen: Violent Opposition.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.