AEB-TXINA

AEBen eta Txinaren arteko erlazioa egonkortzeko prest dira Biden eta Xi

Taiwango auzian ez dute aurrerapausorik eman, bi liderrek gobernuburu gisa izandako aurrez aurreko lehen bileran. Washingtonen esanetan, ez batak, ez besteak ez du nahi Ukrainan arma nuklearrak erabiltzea.

Xi eta Biden, gaur, Indonesian. EFE
Igor Susaeta.
2022ko azaroaren 14a
18:19
Entzun

Joe Biden AEBetako presidentea eta Xi Jinping Txinakoa aurrenekoz batzartu dira aurrez aurre gobernuburu gisa gaur, Balin (Indonesia), han G20koen goi bilera hasi bezperan. Afera komertzialak eta geopolitikoak direla medio, gaiztotuta daude bi herrialdeen arteko harremanak, azken hamarkadotan inoiz egon ez diren puntu batean. Bilera ez da baliagarria izan bi potentzien arteko harremana onbideratzeko, baina atzerapausorik ere ez dute eman. Izan ere, nahiz eta oraindik ere ez dauden ados hainbat gaitan, bi herrialdeen arteko erlazioa egonkortzeko prest agertu dira.

Horren erakusgarri, bilera bukatu eta gero agerraldi bat egin du Etxeko Zuriko maizterrak, eta nabarmendu du esparru bat ezarri dutela bi herrialdeei eragiten dieten auziez aritzeko, hala nola finantza eta osasun egonkortasunaz, eta klima larrialdiaz. Azken horri buruzko lankidetza etenda egon da abuztutik, Nancy Pelosi AEBetako Ordezkarien Ganberako presidenteak Taiwanera bisita ofizial bat egin zuenetik.

Baina orduan piztutako ekaitza baretu da. Bidenek eta Xik bost aldiz hitz egin dute elkarrekin telefonoz edo telematikoki, Bidenek iazko urtarrilean presidente kargua hartu zuenetik. Nolanahi ere, ez da izan aurrez aurre biltzen diren lehendabiziko aldia. 2011ko abuztuan ere batzartu ziren Biden eta Xi, Pekinen, eta 2012an Washingtonen, biak presidenteorde baitziren Barack Obama AEBetako presidentea zenean eta Hu Jintao Txinakoa.

«Beti bezala ikusi dut», esan du Bidenek, Xiri buruz galdetu diotenean. Zabaldutako irudietan ikusi denez, adeitsu agurtu dute elkar. Txinak bileraren ondoren kaleratutako oharraren arabera, solasaldi «eraikitzailea, irekia» eduki dute biek. Taiwango egoera egon da bileraren erdigunean, eta, Etxe Zuriak ohar batean jaso duenez, Bidenek esan dio AEBek uko egiten diotela uhartearen statu quo-a «alde bakarrez aldatzeari». Txinak hamarkadotan argudiatu du Taiwan bere lurraldearen parte dela, eta Xik esan izan du Txina eta Taiwan—ofizialki, Txinako Errepublika— «berriz elkartuko» dituela, eta horretarako indarkeria ere erabiliko luketela «beharrezkoa balitz».

Bidenek adierazi dio Xiri bazter utzi beharko lituzkeela Taiwanen aurkako ekintza «hertsatzaile eta gero eta oldarkorragoak», argudiatuta horiek arriskuan jartzen dituztela eskualde osoko «bakea eta egonkortasuna». Abuztuan Pelosi Taiwanera joan eta gero, Txinak maniobra militarrak egin zituen Taiwango kostaldearen parean, eta, aste batzuk geroago, Bidenek azpimarratu zuen AEBek Taiwan defendatuko zutela Txinak uhartea inbadituz gero. Horrekin lotuta, Etxeko Zuriko maizterrak esan die kazetariei iruditzen zaiola ez dagoela halakorik gertatzeko zantzurik. Pekinek gaur nabarmendu du Xik esan diola Bideni Taiwanen estatusa «zeharkatu ezin den» marra gorri bat dela, eta eskatu dio Washingtoni «hitza» bete dezala, eta ez dezala babestu uhartearen independentzia. Lloyd Austin AEBetako Defentsa idazkariak esan zuen, ekainean, AEBek azken hamarkadetan posizio gisa aurkeztu duten «anbiguotasun estrategikoa» mantenduko dutela, eta Washingtonek «Txina bakarraren» politika defendatzen duela.

Auzi komertziala

Pekinen oharraren arabera, Ukrainako auziari buruz hitz egiterakoan Xik esan dio Bideni «irtenbide erraza ez duen auzi zail bat» dela, eta «potentzia handien arteko konfrontazioa» saihestu behar dela. AEBentzat, ordea, ez batak, ez besteak ez du nahi Ukrainan arma nuklearrik erabiltzea.

Ipar Koreak misilen jaurtiketa areagotu du azken asteetan, eta jarrera «probokatzaile» hori ere izan dute mintzagai bi liderrek, Washingtonen esanetan. Bidenek esan dio Xiri, zuzenean Txinari auzian egotzitako erantzukizuna aipatu gabe, nazioarteak Piongiang bultzatu beharko lukeela «era arduratsuan» jokatzera.

Txinak azpimarra jarri du auzi komertzialean. Izan ere, urri hasieran AEBek agindu zuten Txinari ez saltzeko AEBetako teknologiarekin fabrikatutako erdieroale jakin batzuk. Xik adierazi dio bere homologoari munduko bi ekonomia nagusien arteko gatazka batek ez diela onik egiten ez bataren ez bestearen interesei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.