Hemeroteka

'Irulegiko eskuak' azalak bete ditu papereko prentsan, eta hariak sarean

Arangurenen topaturiko piezan agertzen diren idazkunei izendatzeko orduan, Gorrotxategik proposaturiko «baskoniko» zuhurra erabili dute hainbat hedabidek, baina beste batzuek «euskara» erabili dute zuzenean

Edu Lartzanguren.
2022ko azaroaren 15a
13:28
Entzun

'Irulegiko eskua' protagonista nagusia izan da gaur argitaratu diren Euskal Herriko egunkari guztietan, eta orriak bete ditu baita kanpoko batzuetan ere.

Azal osoa eman dio Gara-k aurkikuntzari, «Irulegiko Eskua, iraganeko ikur bat etorkizuna berriz pentsatzeko» izenburupean. Editoriala ere azalera eraman du kazetak. «Hizkuntza, lurraldea, politika eta kultura uztartzen dituen aurkikuntza bat da». Gaineratu dute ez dela «txikikeria» Nafarroan topatu izana, eta seinalatu egin dituzte aurkikuntza albiste txartzat hartuko zutenak: «Ez dute haien herria aski maite».

Barruan bederatzi orri eskaini dizkio kazetak aurkikuntzari. Lan arkeologikoaren berri luze eta zabal emateaz gain, atzoko prentsaurrekoaren kronika egin du Gara-k, iragarpenaren neurri historikoa nabarmentzeko: «Eskuak zoriona ekarri du 2.000 urte eta gero». Horrez gain, eskua non ikusi ahalko den oraindik ez jakin arren, Maria Txibite Nafarroako presidenteak Nafarroako Museoa aipatu zuela adierazi du kazetak. Bi orri eskaini dizkio eskuaren egiazkotasunaren inguruko zalantzak uxatzeari, objektua aurkitzeko, eta garbitzeko eta idazkunak aurkitzeko prozesuan kontrol katea «orbangabea» izan zela kontatu du, hitzez eta irudiz.

Jakin-mina bazegoen Diario de Navarra-k gaiari emango zion oihartzunaz eta trataeraz. Azalean jarri du kazetak, Nafarroako Gobernuaren kudeaketaren inguruko izenburu baten azpian. «Iragan baskoia esku batean idatzita», titulatu du. Barruan bi orri erabili dituzte gaia lantzeko. Erreportaje nagusiko lehen esaldia bitxia da, Sorioneku eta euskarazko zorioneko hitzen arteko harreman zuzena adieraztea saihesten baitu. Bien artean «antza» dagoela idatzi dute, eta euskara ez dute gero berriz aipatu testu osoan.

Vocento taldeko egunkarietan alde txiki bat agertzen da izenburuetan. Gipuzkoako El Diario Vasco-k «baskoniko» hitza erabili du: «Baskonikoan idazten zen duela 2.100 urte». Batez ere Bizkaian saltzen den El Correo-n berriz, euskara hitza erabili dute, komatxoen artean sartu badute ere: «'Euskara'-z idazten zen duela 2.100 urte».

Barruan, hiru orri eskaini dizkio El Diario Vasco-k gaiari, eta eskuan agertzen den hizkuntzaren eta gaurko euskararen artean alde handia dagoela nabarmendu du, Mattin Aiestaran indusketa taldeko zuzendariaren hitzak aipatuta: «Ez da gaurko euskara, baskonikoa baizik, latina gaztelerarekiko bezala». Joaquin Gorrotxategi hizkuntzalaria elkarrizketatu du, eta, besteak beste, nabarmendu du zientzia aldizkari handi batera bidali dutela ikerketa, eta ez duela zalantzarik han argitaratuko dutela.

El Correo-k nabarmendu du hizkuntza baskonikoa «euskararen aitzindaria» dela. Erreportaje nagusian, eskuan agerturiko hitzen eta euskara modernoaren arteko aldea nabarmentzen dute, Gorrotxategiren hitzak erabilita: «Niretzat, euskara hitza Erdi Arotik eta XVI. mendetik ezagutzen dugun euskal hizkuntza da, eta irakur dezakeguna. Aurreko guztia beste zerbait da».

Horren ondotik, orri oso bat eskaini diote orduko gizatalde banaketari «iparraldean». Horretarako, Cantabriako (Espainia) historialari bat elkarrizketatu dute. Kantabroen, barduloen eta baskoien arteko banaketa nabarmentzen du hark, eta protoeuskara ere gutxiengo baten hizkuntza zela argudiatzen du: «Ez da uste gehiengoaren hizkuntza zela».

Noticias taldeko egunkariek Irulegiko eskua eraman dute azaleko albiste nagusira. Vocentokoek kultura saileko orrietara eraman dute gaia, eta haiek, berriz, egunkarien aurrealdera ekarri dute. Nafarroako Diario de Noticias kazetak sei orrialde eskaini dizkio gaiari. Erreazkioen artean, Unai Hualde (Geroa Bai) Nafarroako Parlamentuko presidentearena jaso dute: Euskara «nafarren nortasunaren eta historiaren osagaia da», esan du, eta oraindik entzuten diren «diskurtso ukatzaileak» salatu ditu.

Horrez gain, Andres Urrutia Euskaltzaindiako presidentearen adierazpenak argitaratu dituzte. Esan duenez, aurkikuntza erabili behar da «euskara gizartean bultzatzeko, eduki dezan dagokion lekua».

Eskuan T hizkia aurkitu izanaren garrantzia nabarmendu dute, iberiar hizkuntzan ez baitago halakorik. Horrek frogatuko luke zeinu sistema baskonikoa dela.

Gauza bera nabarmendu du, besteak beste, Noticias de Gipuzkoa kazetak.

Deia, berriz, ausartagoa izan da hizkuntza izendatzeko orduan. Azalean, «hizkuntza baskonikoa, euskararen jatorria» idatzi badute ere, barruan adierazi dute aurkiturikoa «euskara idatzirik zaharrena» dela.

Madrilen, «euskara»

Paradoxikoa ematen badu ere, Madrilgo prentsan askoz arazo gutxiago izan dituzte aurkituriko hizkuntza euskaratzat jotzeko. El País kazetak goizetik nabarmendu zuen atzo aurkikuntza webgunean. Gaurko papereko edizioan ere azalera eraman dute: «Euskarazko lehenengo testua aurkitu dute, duela 2.100 urtekoa». Barruan, kultura atalean, orrialde bat eskaini diote gaiari.

Gorrotxategiren zuhurtasunari baino, arreta handiagoa jarri diete Bartzelonako Unibertsitateko Javier Velaza Filologiako katedradunaren baieztapen sendoei. «Zalantzarik gabe, euskal hizkuntzan idatziriko lehenengo agiria da Irulegiko Eskua».

El Mundo-k berandu samar jarri zuen atzo aurkikuntzaren aipamena webgunean, baina paperekoan ia orrialde oso bat eman dio gaiari, nahiz eta ez aipatu azalean, «Brontzezko esku batek argia egin dio euskararen jaiolekuari» izenburupean. Aurkikuntzak politikoki eduki dezakeen eraginaren inguruko kezka agertu dute, eta salatu egin dituzte «idatziriko hitza eta gaurko euskarakoak bat etortzea berehala erabili zuten politikariak», Hualde zuzenean seinalatuta. «Adierazpenok aurreratzen dute Irulegiko Eskua erabili egingo dutela, geratzen diren lau hitzei zentzua aurkitzen dieten bitartean».

Hariak sarean

Litekeena da aurkikuntzaren oihartzuna are gehiago zabaltzea datozen egunetan. Sare sozialak dira, oraingoz, albistearen epizentrotik urrunago egonda ere, azkarren erantzun dutenak.

Twitterren, aurkikuntza eta haren garrantzia ingelesez azaltzeko, hari bat egin du Alistair Dodds Olaskoaga txiolari eta Manchesterko Unibertsitate Metropolitarreko doktoregaiak. «Euskara beti egon da misterioz inguraturik, jatorriari dagokionez. Gaur [atzo], sekulako aurrerapena egin da haren historiaz eta jatorriaz».

Hariak arrakasta handia eduki du, eta, gaur eguerdirako, 13.000 aldiz baino gehiago bertxiotua zuten, eta ia 70.000 atsegite zituen.

«Hau zoragarria da», idatzi du Kristina Killgrove AEBeko arkeologo eta dibulgaitzaileak Twitterren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.