Aurrekontuak

Aurrekontuekin «propaganda» egitea egotzi dio ELAk Jaurlaritzari

Sindikatuaren ustez, %1 handituko da bakarrik, eta Ekonomia sailburuak emandako %8,7ko datua gezurtatu du.

ELA sindikatuak Eusko Jaurlaritzaren 2023ko aurrekontu proiektua aletzeko eginiko agerraldia. BERRIA
Olatz Silva Rodrigo.
2022ko azaroaren 15a
16:29
Entzun

«Eusko Jaurlaritzak dirua dauka, baina ez du gastatu nahi». Hala salatu du Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusiak, Eusko Jaurlaritzaren 2023ko aurrekontu proiektua aletzeko eginiko agerraldian. Haren hitzetan, «propaganda» da Jaurlaritzak aurrekontuen inguruan esandakoa. Izan ere, haren ustetan, aurrekontua %1 baino ez da handituko 2023an.

«Aurrekontu hedagarrienak, sozialenak eta historikoenak direla esan dute, baina ez da horrela», azaldu du Aitor Murgia sindikatuko azterketa bulegoko kideak. Era berean, gehitu du normala dela aurrekontuaren %75 gastu sozialerako erabiltzea, Eusko Jaurlaritzaren eskumen gehienak arlo horretakoak direlako.

2023ko aurrekontuen analisia egiteko aurreko urteetakoen bilakaera aztertu behar dela zehaztu du Murgiak: «Aurrekontuek aldaketa ugari izaten dituzte adosten direnetik likidatzen diren arte». Izan ere, Murgiak azaldu duenez, 2021ean, Jaurlaritzak 800 milioi euroko superabitarekin itxi zuen urtea, eta ez zuen inbertitu nahi izan. Salatu du pandemian Eusko Jaurlaritzaren helburua «ahalik eta gutxien gastatzea» izan zela, eta «askoz gehiago» egin zezakeela gizartearen premiei erantzuteko.

«Zorra kitatzeari, AHTari eta berreskuratze eta erresilientzia mekanismoari zuzendutako sorta kenduta, 2023an 12.865 milioi euroko kontu operatiboa izango du Jaurlaritzak», zehaztu du Murgiak. Beraz, 2022ko itxiera aurreikuspenarekin alderatuta, %1 baino ez da handituko. Datu horiek kontuan hartzea «garrantzitsua» da, haren ustez, Eusko Jaurlaritzak %8,7ko igoera izango dela nabarmendu baitu: «Konparazioa aurreko urteko aurrekontuarekin egin dute, baina ez itxiera aurreikuspenarekin». Eta gehitu du aurrekontuek ekonomian duten «benetako pisua» murriztu egingo dela. BPGaren %15 izan ordez, %14,4 izango da datorren urtean.

Lakuntzaren arabera, aurrekontu hauekin gobernuak uko egingo dio ekonomian «traktore» izateari. Aldi berean, gaitzetsi du ez dituela aintzat hartu herritarren beharrak, eta, beraz, ezin dituztela aurrekontuak defendatu. Inbertsio handiago baten beharra aldarrikatu du, Europako beste herrialdeek egiten duten inbertsioekiko aldea murrizteko: «Gobernuak egin dezakeen onena da aurrekontu hauek bertan behera uztea».

Hartu beharreko neurriak

Desoreka horri aurre egiteko, ELAk hainbat neurri iradoki dizkio Jaurlaritzari. Leire Gallego ELA Ekintza Sozialeko arduradunaren arabera, sektore publikoak gidatu behar du langile klasea ez pobretzeko prozesua, eta eskubide sozialak bermatu behar ditu. Horrez gain, egungo krisi ekologikoak «bultzada publiko handia» behar du.

Argi utzi du aurrekontuak genero ikuspegiarekin aztertu behar direla: «Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan ez dago horrelako analisirik, eta zeharkako modu batean txertatu beharko litzateke». Zerga erreforma baten beharra ere nabarmendu du. Izan ere, eta Lakuntzak gogoratu duenez, 2017an hitzartutako fiskalitatea dago indarrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, «PPrekin hitzartu zena». Horregatik, aldaketa fiskala «beharrezkoa» da.

Osasunean eta Hezkuntzan egindako inbertsio publikoa Europako batezbestekoarekin parekatzeko exijitu du ELAk, eta etxebizitza politiken aurrekontua hamar bidez handiagotzea. «Sail horretara BPGaren %0,21 bideratzen da, eta %2 izan beharko luke», azaldu du Gallegok.

Diru sarrerak bermatzeko errentari dagokionez, oraintxe garatzen ari diren erreforma bertan behera uzteko eskatu du. Eta trantsizio ekosozialerako funts publikoaren premia nabarmendu du: «Klima krisiari aurre egiteko 2.300 milioi euroko funts bat beharrezkoa da». Halaber, Eusko Jaurlaritzaren langileen lan baldintzak lurraldean bertan adostu beharko liratekeela gogoratu du sindikatu subiranistak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.