Gasteizko Udalak dio ez duela baimenik eskatuko amiantoa Gardelegira eramateko

Tapiak «erantzukizuna eta elkartasuna» eskatu dizkio Urtarani, eta udalarekin hitz egin beharra dagoela esan du. Asensiok, ordea, Jaurlaritzaren proposamena «berandu» etorri dela iritzi dio.

Arantxa Tapia eta Gorka Urtaran, AHTari buruzko bilera batean. ENDIKA PORTILLO/FOKU
jone arruabarrena
2022ko azaroaren 17a
12:00
Entzun

Gasteizko Udalak ez du eskatuko Gardelegin «hondakin arriskutsuak» biltzeko ingurumen baimena. Horrela adierazi du ohar baten bidez, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak egindako proposamenari kontra eginez.

Izan ere, atzo iragarri zuen Tapiaren sailak hondakinen kudeaketarako hurrengo urteetako bide orria, eta, azaldu zuenez, 4,7 milioi tona handitu nahi dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bota daitekeen industria hondakinen kantitatea. Horretarako, industria hondakinetarako hiru zabortegi handitu—Igorrekoa, Bistibietakoa eta Beteartekoa— eta beste bi berriro irekiko ditu—Epelekoa eta Artxandakoa—.

Horrez gain, zabortegi batzuetan—Gasteizko Gardelegiko zabortegian, besteak beste— «fibrozementuzko hondakin estrukturalak baldintza egokietan hartuko dituzten itxitura espezifikoak» sortzeko proposamena egin zuen, 2024. urtetik aurrera. Mota horretako hondakin arriskutsuak hartzeko, beharrezkoa da ingurumen baimena egokitzeko eskatzea, baina Urtaranek uko egin dio eskaera hori egiteari: «Udala da zabortegi horren jabea, eta, beraz, baimen hori eskatu behar duena. Eta ez du eskatuko».

Tapiak atzo adierazi zuen Gasteizko Udalarekin «lanean» ari zela Jaurlaritza, hondakin horiek Gardelegin hartzeko «aurreakordio bat» egiteko. Gaineratu zuen Arabako hondakindegian fibrozementua hartzea beharrezkoa ikusten zuela Jaurlaritzak. Gasteizko Udalak, ordea, proposamen horri ezezkoa eman dio, eta azaldu du Udalaren aurreikuspenek «datozen 8-10 urteetarako edukiera» bermatzen dutela, eta epe hori bukatutakoan baloratuko dutela edukiera hori handitzeko aukera.

«Erantzukizuna eta elkartasuna»

«Gardelegiko zabortegia egonda, ez da zentzuzkoa inguruko fibrozementua beste leku batera eramatea». Horrela erantzun dio Arantxa Tapiak Gasteizko Udalak egindako adierazpenei, gaur goizean Onda Vasca irratiko elkarrizketa batean. Adierazi du Gasteizko Udalarekin «hitz egin beharra» dagoela, eta inguruko udalerriekiko «erantzukizuna eta elkartasuna» eskatu dio.

Azaldu duenez, Araba eremu «oso industriala» da, eta industria horretatik sortzen diren hondakinak «modu modernoan eta zentzuz» bideratu behar dira. Horretarako aukera egokiena Gardelegiko zabortegira eraman eta zelda espezifikoetan sartzea da, Tapiaren aburuz.

«Berandu goaz»

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatu eta PSE-EEren Gipuzkoako idazkari nagusia ere mintzatu da Jaurlaritzak atzo aurkeztutako planaren inguruan. Begi onez ikusi du Tapiaren proposamena, baina «birziklapen eta balorizazio azpiegiturak» sortzeko prozesua «azkartu beharra» dagoela iritzi dio, martxan dauden hondakindegiak ixteko. «Berandu goaz», adierazi du gaur goizean Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketa batean.

Adierazi du azpiegitura horiek sortzea «lehentasunezko eginbeharra» dela, eta eredutzat jarri du Zubietako erraustegia: «Zubietako azpiegiturari esker, ez daukagu hondakindegirik Gipuzkoan; guztia birziklatu eta balorizatzen da». Bide horretatik jarraitzeko deia egin dio Jaurlaritzari: «Hori da bidea, eta bizkortu egin behar da. Gure ekonomia eta industria bermatu nahi baditugu, horrelako azpiegiturak ezinbestekoak dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.