Pilota. Lau eta erdiko txapelketa

Bilbok nori egiten dio mesede?

Altuna III.ak eta Ezkurdiak gustuko pilotak aukeratu dituzte igandeko finalerako. Biek ala biek bizien alde egin dute. Ia 300 sarrera gelditzen dira txarteldegian, guztien %10.

Jokin Altuna eta Joseba Ezkrdia lau t'erdiko bi finalistak, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Haien artean Martin Alustiza pilota hautatzailea. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko azaroaren 17a
12:36
Entzun

«Bilbon edo Iruñean jokatu alde handia dago, pilotaleku oso ezberdinak dira». Gorka Altunaren begi klinikoaren diagnosia da, Bilboko Bizkaia pilotalekuko kontrakantxatik eginikoa. Bertan eseriko da igandean lehengusuari aholku emateko. Pilotalekua bi pareta eta zoru gogor bat baino gehiago da. Hura eraikitzeko aukeraturiko harriak zein arkitektoen gutiziek ezaugarri oso ezberdinak eransten dizkiete kantxei. Baina, partida aldatzeko adina? Joseba Ezkurdiak baietz uste du, Jokin Altunak ezetz. Hala azaldu dute biek lau eta erdiko txapelketako finalerako pilota aukeraketan.

Ikusi gehiago:Jokin Altuna, Aspeko pilotaria: «Oso-oso pozik nago; ez da erraza barneratzen»

Ezkurdiak lau eta erdiko bi final irabaziak dizkio Altunari (22-17, 2018an, eta 22-16, 2019an). Biak ala biak Iruñean jokatu ziren, Nafarroa Arenan. Final haien ondoren Altunak onartu zuen deseroso aritu zela. Aukeraketan, baina, bere orduko hitzak zehaztu ditu, eta batez ere azpiegitura erabiltzeko arazoez ari zela nabarmendu du: «Pilotaleku azkarrena Gasteizkoa da, han irabazi nion iaz Ezkurdiari [22-10]. Gu biok edozein pilotalekutan gara pilotari handiak. Ordukoan deseroso nengoela esan banuen, Nafarroa Arenan astean zehar entrenatzeko aukera gutxi izan genuelako zen. Hau negozio bat da, baina halako xehetasunak zaindu behar dira. Hori da Bizkaia pilotalekuak duen abantaila handia».

Ezkurdiak, aldiz, eragin ahalmen handiagoa aitortu dio pilotalekuari:«Nafarroa Arenak niri egiten dit mesede, eta Bizkaiak Altunari». Baina zergatik? «Iruñeko kantxak erritmo handiagoan jokatzeko aukera ematen du, zorua biziagoa da. Bizkaiak, aldiz, defentsan jarduteko aukera gehiago ematen ditu». Datu adierazgarria da Altunak Bilbon irabazi dituela bere ibilbideko sei txapelak. Dena den, Ezkurdiak nabarmendu du pilotalekua ez dela aitzakia.

Baten bolea, bestearen sakea

Bizi jokatu beharko du Ezkurdiak, eta bere sakea zukutu. Haren hitzetan, txapelketa honetan hobekien egin duen lana baita. Eta horretarako pilota egokiak aurkitu dituela esan du, 105,6 eta 106,4 gramokoak. Altunak, aldiz, 105,5 eta 106,5 gramokoak aukeratu ditu. Biek oso bizkor egin dute entresaka, minutu gutxi batzuk nahikoa izan dituzte galbahea pasatzeko. Altunaren iritziz, lau pilotak antzekoak dira, «biziak, sorta guztia bezala». Ezkurdiarentzat, aldiz, Altunaren bat motelagoa da. «Ez oso motela, baina erabili hala higatu gelditu daiteke», iragarri du.

Elkar ezin hobeto ezagutzen duten bi pilotari dira, ez alferrik lau eta erdian hamar aldiz neurtu dituzte indarrak. Ezkurdiak argi du aurkaria airez sar dadin eragotzi behar duela, «bestela galduta nago», onartu du. Era berean, kantxaren erdia hartzearen garrantzia nabarmendu, are gehiago Altunaren aurka. Amezketakoak, aldiz, aurkariaren sakea aipatu du. «Batzuetan eskua sartzeak beldurra ematen du. Errestoa ondo egin ezean badakizu hurrengo pilotakada okerragoa izango dela». Hala ere, ezin da horrekin itsutu: «Tantoa zuzenean egiten badit ezin naiz urduritu, ondoren beste tanto bat dator eta hura da garrantzitsuena».

Sarrera garestienak

Altuna da faborito apustuetan, alde handiz gainera. Ezkurdiak uste hori berretsi egin du, «txapelketa guztietan bera da faborito nagusia». Altunak, berriz, ez dio garrantzirik eman. Pilotalekuko harmailek itxura ona izango dute, baina ez dira beteko. Bizkaia pilotalekuak 3.000 eserleku ditu, eta ia 300 sarrera daude oraindik txarteldegian. Gehienak kantxako harmailako azken koadroetakoak dira, 100 eta 120 eurokoak, hurrenez hurren. Eserleku horiek betetzeko arazoa kronifikatzen ari da, are gehiago lau eta erdiko finalean. Bizkaia pilotalekuak kontra kantxa oso zabala da, eta han atzetik ez da ondo ikusten. Enpresek erreparatu beharko liokete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.