Zenbait protesta egin dituzte ikus-entzunezkoetan euskarazko edukiek duten presentzia urria salatzeko

Donostiako Parte Zaharreko gazte asanbladak eta Gazte Euskaltzaleen Sareak egin dituzte ekintzak

'Zinema euskaraz' margoketa, Donostian. TWITTER
Isabel Jaurena.
2022ko azaroaren 17a
13:07
Entzun

Azken egunetan zenbait protesta eta margoketa egon dira Donostian eta Bilbon, guztiak ikus-entzunezkoetan euskarak duen presentzia urria salatzeko. Lehenbizikoa Donostiako Parte Zaharreko gazte asanbladak egina da: hiriko zinema atari batean Zinema euskaraz esaldia margotu zuten. Taldeak bideoz grabatu zuen ekintza, eta Twitter kontuaren bidez zabaldu. «Film gutxi batzuk euskaraz ikus daitezkeen arren, euskararen presentzia pantailetan negargarria da», nabarmendu zuten txioan.

Gazte Euskaltzaleen Sareko kideek, berriz, Bilbora eraman zuten protesta. EITBren egoitzan 'Euskaraz behar dugu' mezua idatzi zuten folio txuri batzuen laguntzaz. Jarraian, egoitzaren aurrean bildu ziren, ETB2n ikus daitezkeen gaztelaniazko hainbat saioren logoen irudiak eskuan zituztela. Klak Gazte Ahotsaplataformak eman zuen ekintzaren berri, Twitterren argitaratutako bideo baten bidez.

Bideoan azaltzen denez, jendeak «gero eta denbora gehiago igarotzen» du ikus-entzunezkoetan. «Testuinguru horretan, hizkuntza txikiek ez dute lekurik, ez dira hain errentagarriak. Txikiegiak gara lehiazko mundu erraldoi honetan». Nabarmentzen da, gainera, erakunde publikoek egoera zein den dakiten arren, ez dituztela «behar diren neurriak hartzen». Bideoan diote, gainera, beraiek lanean jarraituko dutela «pantailak euskaraz izan daitezen lortu arte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.