Albistea entzun

Euskaraldia

«Euskara, ondare linguistiko bat ez ezik, euskal gizartearen lehiakortasunerako eta kohesio emozionalerako tresna ere bada»

Gorka Urtaran • EUDELeko elkarteburua eta Vitoria-Gasteizko alkatea

EUDELeko Batzorde Eragilearen familia-argazkia (Batzar Orokorrean, Laudion eginda azaroaren 16an).
EUDELeko Batzorde Eragilearen familia-argazkia (Batzar Orokorrean, Laudion eginda azaroaren 16an). EUDEL

EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak bat egiten du Euskaraldiarekin. Elkartea bera eta elkarteko kide diren udalak arigune aktiboak dira, eta langileek ere Euskaraldian parte hartuko dute, ahobizi edo belarriprest moduan.

EUDEL elkartean beti dago bermatuta euskara, zerbitzu- eta lan-hizkuntzari dagokionez, ezta?

Bai. Euskara gure elkartearen eginkizunetako bat da 1982an sortu zenetik. Euskal udalgintzaren sustraietan dago euskararen ezagutza eta erabilera sustatzea, bai zerbitzu-hizkuntza gisa herritarentzat, bai lan-hizkuntza gisa gure langileentzat. EUDELen Bikain kalitate-ziurtagiria eskuratu genuen 2020. urtean.

Halaber, EUDELek langileen artean hainbat egitasmo bultzatzen ditu euskararen normalizaziorako. Zeintzuk dira?

Euskararen barne-plana onartu genuenetik, 2021ean, hainbat dira langileen eskura jartzen ditugun egitasmoak, eta urte osoan garatzen direnak: euskarazko trebakuntza-saioak, mintzamen teknikorako saioak, Euskara Planaren jarraipena, eta orain dela hilabete gutxi abian jarri dugun Eusle metodologia, euskaraz komunikatzeko ahozko ohiturak geure egite aldera. Gure asmoa da apurka-apurka lankide gehiago batzea proiektu horretara.

EUDELek bat egiten du Euskaraldiarekin arigune gisa; eta norbanako gisa, ahobizi eta belarriprest. Langileen erantzuna ona da?

Bai, oso ona. Aurtengo aldia ere ilusioz hartzen dugu. Ahobizi edo belarriprest figura uneoro daukagu bermatuta. Plantilla osoak parte hartuko du Euskaraldian.

Euskadiko udalen erantzuna ere ona da?

Erabatekoa. Euskal udalok arigune aktiboak gara 2018tik. Euskaraldia lehen aldiz egin zenetik, hartu izan dugu parte oso era aktiboan.

Euskararen erabilera sustatzeko bidean, EUDELek aurrerapausoak ematen jarraitu nahi du, udalerriekin bat, ezta?

Zalantzarik gabe. EUDELen erronketako bat da gure udalerrietan kohesio emozionala sustatzea, gure herriaren kide izatearen sentimendua indartzeko, gure komunitatearekiko konpromisoa indartzeko. Horren guztiaren ondorioz, gure onena ematen dugu. Solidarioagoak eta lehiakorragoak egiten gaitu. Euskara ere bada, euskal komunitatearen biltzaile nagusietako bat. Horrexegatik ere EUDELen bat egiten dugu euskararekin, ondare linguistiko edo kultural bat ezezik, euskal gizartearen lehiakortasunerako eta kohesio emozionalerako tresna ere badelako.

EUDELek euskararen erabilera sustatzen du bere kide diren udalerrietan. Zeintzuk dira sustapen hori aurrera eramateko EUDELek eskura dituen baliabideak?

EUDELeko Euskara Zerbitzuak laguntza ematen die, bai abian jarritako kanpaina, egitasmo eta proiektuen gaineko zalantzak argitzeko, bai eta euskara planak garatzeko ere, bereziki 5.000 biztanletik beherako udalerrietan. Era berean, Bikain kalitate-ziurtagiriari buruzko deialdien berri ere ematen die, eta udalak eta beren sozietateak Bikain deialdira aurkeztea sustatzen du.

EUDEL, erakundeen arteko lankidetzan ere aritzen da. Zertan datza Euskaltzaindiarekin duen lankidetza-hitzarmena?

2001ean, EUDELek eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu zuten, Akademiak udalerriei onomastika alorreko aholkularitza teknikoaren zerbitzua emateko xedearekin: toki-izenen txostenak, toponimia-mapa, baserrien katalogoa, eta abar. Harrezkero, EUDELek toponimiaren azterketaren, ikerketaren eta hedapenaren garapenean laguntzen eta sustatzen du, eta toki-erakundeen eskura jarri zerbitzu hori. 2021ean berriztatu zen hitzarmena, udalek eskatzen zuten zerbitzua zela ikusita. 2021ean eta 2022an hogeita hamar bat udalek eskatu izan dute zerbitzu hori.

Horrez gain, euskara esparru instituzionalean txertatzeko ahalegina ere egiten du EUDELek. Herri-administrazioen arteko euskarazko harremanak areagotzeko egitasmoak asmo horri erantzuten dio?

Bai. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin, Emakunderekin, Uema-rekin, hiru foru aldundiekin eta hiru hiriburuetako udalekin elkarlanean, EUDELek parte hartzen du HAKOBA Herri Aginteen Koordinazio Batzordean, euskal udalerrien izenean. Helburu nagusia da herri-administrazioen arteko euskarazko harremanak areagotzeko proiektuak abian jartzea eta herri-erakundeen artean lankidetza indartzea. Adostutako egitasmo bateratuen artean, aipatzekoak dira euskara eremu sozioekonomikoan sustatzeko plana, euskara kirolean sustatzeko plana eta ESEPa (Euskara Sustatzeko Ekintza Plana) berritzeko estrategia-lerroen diseinua.

Aipagarria ere bada EUDELek parte hartzen eta laguntzen duela euskarari lotutako beste hainbat organotan. Horiek guztiak ere oso garrantzitsuak dira, ezta?

Halaxe da. Hauek dira EUDELen betidanik egin diren praktikak; eta abiapuntutzat hartzen dira, konpromiso irmotzat, euskara EUDEL Elkartean erabiltzeari eta bere presentziari dagokionez. Euskararekin lotutako beste hainbat organotan parte hartzen eta laguntzen du EUDELek: Euskararen Aholku Batzordea, Bikain euskararen kalitate-ziurtagiriaren Artezkaritza Kontseilua, HABEren Zuzendaritza Batzordea.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.eudel.eus

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Eudel