Zinema

‘Todas mis cicatrices se desvanecen en el viento’ filma nagusitu da Zinebi jaialdian

Angelica Restrepo eta Carlos Velandia kolonbiarren animaziozko lanak irabazi du Bilboko 64. zinema jaialdiko Sari Nagusia. Fikziozko Film Labur Onenaren Mikeldia, berriz, Nikita Diakurren Backflip lanarentzat izan da.

'Todas mis cicatrices se desvanecen en el viento' filmeko irudi bat. ZINEBI
Ainhoa Sarasola.
2022ko azaroaren 18a
13:25
Entzun

Zinebik, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, 64. aldiko saridunak jakinarazi ditu. Ekoizpen kolonbiar batek eskuratu du jaialdiko Sari Nagusia: Angelica Restrepo eta Carlos Velandiaren Todas mis cicatrices se desvanecen en el viento animaziozko lanak. Euskal Zinemaren Sari Nagusia, berriz, Karla Crncevicen Wild Flowers dokumental laburrak irabazi du. Eta Nikita Diakurren Backflip lanarentzat izan da Fikziozko Film Labur Onenaren Mikeldia.

Film laburren nazioarteko lehiak beste hainbat saridun ere utzi ditu. Esther Vital Garciak eskuratu du Animaziozko Film Labur Onenaren Mikeldia, Searching Heleny (Cadê Heleny?) lanari esker —Publikoaren EITB Saria ere eraman du filmak—; eta Film Labur Dokumental Onenaren Mikeldia, berriz, Gorana Jovanovicek, Balls (Lopte) lanagatik.

Heldu den urteko European Film Awards sariketan hautagai izateko, Jonatan Schwenken Zoon film laburra aukeratu du jaialdiak. Eta Espainiako Zinemaren Sari Nagusia Alba Esquinasen Olores filmari eman dio.

Zinemagile berriei aitortza

Film Laburren Nazioarteko Lehiaketarekin batera, ZIFF Zinebi First Film Nazioarteko Lehiaketa ere egin dute jaialdian. Bederatzi film luze izan dira lehian zinemagile berrien sailean, eta Theo Montoya zuzendari kolonbiarraren Anhell69 lanak eraman du ZIFF Sari Nagusia. ZIFF Aipamen Berezia, berriz, Diana Bustamantek eskuratu du, Nuestra película lanari esker. Eta ZIFF Gazte Epaimahaiaren Saria Marusya Syroetxkovskaia zinemagilearen How to Save a Dead Friend dokumentalak jaso du.

Hilaren 11n hasi zen jaialdia, eta gaur amaituko da —ohikoan bezala, saritutako filmen emanaldia antolatu dute biharko—. Hiru Ohorezko Mikeldi banatu ditu aurten Zinebik: Agnieszka Holland gidoilari eta zuzendari poloniarra, Albert Serra zinemagilea, eta berriki hildako Iñigo Salaberria zinemagile eta bideogilea omendu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.