Albistea entzun

Euskaraldia

Fagor, enpresaren arloan euskara sendotzeko lanean

Fagor Taldea aitzindaria da euskara enpresaren munduan eta industriaren sektorean lantzen. Urteak daramatza urratsak egiten euskararen normalizazioaren alde. Aurreko bi edizioetan bezala, Fagor Taldeko zortzi kooperatibek Euskaraldiarekin bat egin dute.

Fagor Taldeko kooperatibek eta kooperatibetako kideek Euskaraldiarekin bat egin dute.
Fagor Taldeko kooperatibek eta kooperatibetako kideek Euskaraldiarekin bat egin dute. FAGOR

Fagor Taldeko kooperatibak Euskaraldian parte hartzen ari dira. Guztira, 104 arigune sortu dira, eta kooperatibetako kideen artean 418 pertsonak eman dute izena ahobizi gisa eta beste 184k belarriprest gisa.

Euskaraldia Fagor Taldearentzat baliagarria izango dela azaldu du Leire Okarantza Ibabek, Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduradunak: «Euskaraldia guretzat oso lagungarria den ariketa bat da. Aurreko bi edizioetan ere horrela izan da, eta aurtengoa ere baliatu nahi dugu hainbat alorretan eragiteko, batez ere trebakuntza edo praktika falta daukagun hainbat egoeratan. Elkarrizketa elebidunetan trebatzeko, ulerrizketak praktikan jartzeko ere bai, eta, batez ere, hizkuntza ohiturak aldatzeko. Hiru helburu horiek jarriko genituzke, segur aski Euskaraldiak berak berez badituenak, eta guk, gure laneko testuingurura ekarrita, helburu horiek betetzeko ahalegina egingo dugu».

Euskalduntzearen aldeko apustua

Fagor Taldeak Euskaraldiarekin bat egiten du, eta sustatzaile ere bada, baina konpromisoa ez da berria, urteak baitaramatza euskararen normalizazioaren aldeko lanean, tresna edo ekinbide berriak sortzen, euskaraz egiteko aukerak sortzen, teknologiaren erabileraren eta hainbat metodologiaren bitartez. «Urte asko daramatzagu proiektu honetan, baina, egia esan, euskara oraindik ez dago erabat normalizatuta lan munduan. Datuak nahiko onak dira; ezagutza eta ulermen mailak oro har altu samarrak dira, baina baditugu erronkak, euskaldunon arteko elkarrizketa guztiak ez direlako euskaraz».

Kale neurketetan, Arrasateko (Gipuzkoa) datuen arabera, %26,3koa da ahozko erabileraren ehunekoa eta Debagoiena eskualdekoa, %42,4koa. Fagor Taldeko kooperatibetan aurten egindako neurketen arabera, berriz, elkarrizketen erdiak baino gehiago euskaraz izaten dira, %52. Beraz, aipagarria da Fagor Taldeko kooperatibetan euskararen erabilera Arrasaten baino bi aldiz handiagoa dela, eta Debagoienean baino handiagoa ere badela. Fagor Taldea, inguruko testuingurua kontuan izanik, arnasgune bat dela azpimarragarria da, eta aintzat hartu behar da euskararen alde egiten duen apustuaren eragina (inbertsioak, lana, baliabideak eskaintzea...).

Horrela, euskararen normalizazioaren aldeko urratsak egiten jarraitzen dute Fagor Taldean. «Ulermena ez daukaten pertsonak eta haiek zein gunetan kokatzen diren ikusita, taldekako ariketak egiten gabiltza. Hau da, talde bakoitzak, departamentu bakoitzak, negozio-sekzio bakoitzak bere azterketa egiten du kooperatiban, ikusteko zein den ulermen maila, ezagutza maila eta gaitasun maila, eta horren arabera zehazten dira helburuak». Horrela, Fagor Taldean aritu behar duen pertsona batek euskaraz ez badaki, pertsona horrek euskara erabil dezan zein prozesu egin behar duen zehazten da.

Gaur egun, euskara alor sozioekonomikoan erabiltzeko zereginean, erreferentzia garrantzitsu bat da Fagor Taldea. Izan ere, euskalduntzearen aldeko apustua egin du bere ibilbide osoan, eta enpresaren esparruan euskara lantzen aitzindaria da, euskarak tradizionalki presentzia murritza izan duen industriaren sektorean bereziki. «Urte askoan, Fagor Taldeak proiektu honetan jardun du, ulertu dugulako historikoki Fagorrek badaukala konpromiso bat gizarte erronka honetan eta lan mundura euskara txertatzea garrantzitsua eta posible ikusten delako, eta urratsak egiten ari gara norabide horretan».

Fagor Taldeko kooperatibetan dagoen euskara plan kopurua handia da, arlo sozioekonomikoko gainerako enpresekin alderatuta. «Trakzio lan hori egitea, euskara lan mundura ekartzea, bada gure kezketako bat. Horretarako parte hartzen dugu hainbat erakunderen batzorde eta foroetan, beste zenbait eragilerekin batera horretan eragiten saiatzeko».

Horren guztiaren ispilua da Gipuzkoako Foru Aldundiak Fagor Taldeari 2021ean eman zion Abbadia saria, lan munduan euskararen sustapenaren «adibide aurreratua» eta «zabaldu beharreko eredua» izanagatik. 1998an egin zuten lehen euskara plana Fagor Taldean, eta geroztik urratsez urrats aritu da lan munduan euskara bultzatzen.

Gizartearen beharrei erantzuten

Azken batean, Fagor Taldearen izaerari eta bere erantzukizun sozialari erantzuten dio euskararen normalizazioaren aldeko apustuak. «Fagor Taldeak beti eduki du errotuta dagoen lurraldearekiko konpromisoa, gizartearen beharrei erantzuteko sortu izanaren izaera hori, eta, hizkuntzari dagokionez, jarraitzen dugu izaera horri eusten. Ulertzen dugu gizartean euskara normalizatzeko urratsak egin ahal izateko esparru guztietara ekarri behar dugula asmo hori, ezin garela bakarrik hezkuntzan zentratu, edo kale erabileran, eta lan munduak badu hor egiteko garrantzitsu bat eta erantzukizun bat».

Hain zuzen, euskara eraldaketa sozialaren motorra da Fagor Taldearentzat. Kooperatibismotik, Fagor Taldea erabat murgilduta dago eraldaketa sozialean. Debagoieneko eraldaketa sozioekonomikoa euskaraz izango dela argi daukate. «Ez dugu esango euskara hutsean garatuko direnik hor garatzen diren proiektu guztiak, baina hizkuntza nagusia euskara izatearen aldeko apustua egingo du Fagorrek, parte hartzen duen esparru guztietan. Aukera dagoen neurrian eta aukera hori erreala izan dadin beharrezkoak diren baliabideak jarrita. Finean, etorkizuna hobetzeko lanean gabiltza, eta, hor, euskarak badu funtziorik».

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.fagor.eus.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Fagor Taldea

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.