Euskaraldia

Euskaraldi iraunkorra

ELA sindikatuak Euskaraldi iraunkorra egingo du urriaren 7tik abenduaren 2ra arte, ELAldaketa dinamikaren bidez. ‘Nik euskaraz’ txapa soinean eramango dute sindikatuko kideek.

ELA sindikatuko kideak Euskaraldiko banderatxoekin. ELA
2022ko azaroaren 18a
14:54
Entzun

ELA sindikatuak, bestelako desberdintasun sozialak bezala, euskaldunen hizkuntza eskubideak ahalegin kolektiboen baitan eta eskubide guztiak errespetatuko dituen gizarte baten testuinguruan kokatu nahi ditu, «hizkuntza eskubideen aldeko borroka berdintasunaren eta demokraziaren aldeko borroka delako, gure ustez», ELA sindikatuko kideek azpimarratu dutenez.

Horrela, Euskaraldiaren testuingurua baliatuta, euskararen erabilera benetan sustatzea dute xede nagusi eta, horren bitartez, hizkuntza ohiturak, ahal den neurrian, errotik aldatzea espero dute. «Tarte horretan, hizkuntza ohituretan, euskararen erabilerak parte hartzaileen hasierako egoeratik proiektua amaitzen denerako %20 gora egitea nahi dugu». Gainera, sindikatuaren barruan euskararen gaia ideologikoki landuko da, eta, bide batez, sindikatuko egunerokotasunean zehaztutako euskararen erabilera irizpideak gogora ekarriko dituzte.

Kanpora begira, sindikatuak ordezkaritza duen esparruetan euskara planen kopurua nabarmen haztea espero dute, ehun bat plan berri martxan jarrita lau urteko epean. ELAk ordezkatzen dituen enpresei arigune bezala izena emateko eskatu zaie, eta ondoren euskararen normalizazioarako planak martxan jar ditzaten.

Euskaraldia azaroaren 18an hasi bada ere, ELAk lehenago ekin dio euskararen erabilera bultzatzeko ekimenari, ELAldaketa dinamika martxan jarrita. ELAldaketa Euskaraldi iraunkorra da. Urriaren 7tik abenduaren 2ra arte izango da. Dinamika horren adierazgarria da ELA sindikatuko kideek soinean eramango duten Nik euskaraz txapa. Horrela, txapa daramanak euskaraz hitz egin beharko du ulertzen duen ororekin, nahiz eta besteak euskaraz ez hitz egin. «Epe luzean, gure lan esparruko hizkuntza ohiturak aldatzeko. Nik euskaraz mezua apropos aukeratutakoa da; izan ere, euskaraz hitz egin ez baina ulertzen duten pertsonekin gaztelaniara jotzeko ohitura dugu; zergatik ez batek euskaraz eta besteak gaztelaniaz, elkar ulertzen baldin badute?».

Lehenengo fasean, ibilbidea egin duten lehenengo hogei kideak hautatu dira —boluntarioak dira—, eta urriaren 7an hasita euskara hutsean hitz egin dute, Nik euskaraz txapa soinean. Hamabost egun pasatuta, boluntario bakoitzak beste pertsona bat hautatu du, guztira berrogei lagun aritzeko zeregin horretan, eta beste hamabost egunen ondoren berrogei lagun horiek beste berrogei hautatu dituzte. Beraz, guztira laurogei lagun aritu dira ELAldaketa egitasmoan. Azaroaren 18rako, Euskaraldia hasi den egunerako, ELAko laurogei lagun horiek euskaraz hitz egiteko konpromisoa betea dute, eta abenduaren 2ra arte ELAko guztiek Euskaraldian ohiko parte hartzea izango dute.

Euskaraz lan egiteko eskubidea

ELA eta LAB sindikatuek eta Euskalgintzaren Kontseiluak eremu sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiteko elkarlanean jarduteko apustua egin dute. Lankidetza horren bidez, eremu sozioekonomikoaren euskalduntzean jauzia egiteko ekintza sindikala eta euskalgintzaren ekarpena bateratu nahi dituzte, langileen euskaraz lan egiteko eskubidea erdigunean jarri eta hori bermatzeko bidean urratsak egin daitezen. Horretarako, sindikatuek batera dihardute enpresaz enpresa Euskaraldiarekin bat egin eta arigune gisa parte har dezaten bultzatzeko, eta lantokiak euskalduntzeko konpromiso zehatzak har ditzaten.

Enpresek hartu beharreko konpromisoei begira, sindikatuen aldetik, «egiturazko neurriak» landu behar direla argi dute. «Alegia, ez zaigu iruditzen neurri xeheetan edo konkretuetan jarri behar denik arreta, baizik eta, orain arte esandakoak aintzat hartuta, normalizazio prozesu planifikatu, arautu, progresibo eta adostua garatzea edota horretako baldintza egokiak sustatzea da bilatu beharko litzatekeena».

Horri begira, egitasmo hori bultzatzen duten hiru eragileen artean konpromiso hauek aurreikusi dira: euskara batzordeak eratzeko baliabideak eskaintzea (langileen liberazio orduak), diagnostikoa egin eta langileekin partekatzea, langileek euskaraz ikasteko liberazio partzialak eskaintzea, Bai Euskarari Ziurtagiria hartzea, eta, bereziki, euskara planak abiatzea.

Nik euskaraz txapa. ELA

Administrazio publikoaren euskalduntzea

Hamabost urtean Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoak euskalduna izan behar duela uste dute ELAk, LABek eta Kontseiluak. Horregatik, sektore publikoaren euskalduntzeari epemuga ezarri diote eta helburu hori lortzeko proposamenak aurkeztu zituzten irailaren 26an. Horiek horrela, hiru eragileek aurkeztutako dokumentuak neurri zehatzak jasotzen ditu: lanpostu guztietan euskarazko gutxieneko ezagutzak bermatzea, helburu eta epe zehatzak ezartzea. euskarazko zirkuituak eta unitateak sortzea, langileak euskalduntzeko prestakuntza programa sendoak garatzea, edota zehaztea zein ondorio izango lituzkeen helburuak ez betetzeak.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.ela.eus.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.