HONDAKINEN KUDEAKETA

Ekologistak Martxan-ek Jaurlaritzari eskatu dio hondakinak publikoki kudeatzeko

Artxandako zabortegia berriro irekitzearen aurka agertu da Artxanda Parke Bai plataforma, Bilboko alkateak irekiera babestu duen arren

Artxandako zabortegiaren argazki bat. ARITZ LOIOLA/FOKU
jone arruabarrena
2022ko azaroaren 18a
15:34
Entzun

«Gardentasuna» eta hondakinen kudeaketa «publikoa» izatea eskatu dio Ekologistak Martxan elkarteak Eusko Jaurlaritzari, eta ez «gutxi batzuen onurarako negozio bat». Horrela adierazi du ohar baten bidez, Arantxa Tapiak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak hondakinen kudeaketarako bide orri berria aurkeztu ondoren.

Izan ere, aste honetan iragarri du Tapiaren sailak hondakinak kudeatzeko hurrengo urteetako proposamena, eta, esan duenez, industria hondakinetarako hiru zabortegi handituko ditu —Igorrekoa, Bistibietakoa eta Beteartekoa—, eta beste bi berriro ireki— Epelekoa eta Artxandakoa—.

«Zero isurketa»

Tapiaren planak trantsizio modura handitu nahi ditu zabortegi horiek. Izan ere, 2030. urterako isuritako hondakin kopurua gaur egungoaren %15 izatea aurreikusten du Jaurlaritzak, eta epe hori bete artean sortzen diren hondakinak kudeatzeko handitu nahi du hondakindegietako edukiera. Ekologistak Martxan-ek, ordea, uste du helburu hori «baikorregia» dela, eta ez dela «errealista», «egungo joera kontuan hartuta». Ondorio horri jarraituta, elkarteak uste du 2030. urtetik aurrera ere martxan jarraitu beharko dutela zabortegi horiek.

Kontrara, elkarteak uste du zabortegiak «desagertzea» eta «zero isurketa» lortzea izan beharko lukeela helburu nagusia. Horretarako, «erabateko bermeak» eskatu dizkio Jaurlaritzari, besteak beste zabortegien itxiera modu egokian egiten dela ziurtatuta: «Iraganeko herentzia kudeatzea, zabortegi itxiak eta erabileraz kanpokoak modu egokian eta beharrezko neurri zuzentzaileekin itxiz, kutsadurarekiko esposizioa saihesteko eta osasun publikoa eta ingurunearen babesa bermatzeko».

Amiantoa eta bestelako substantzia arriskutsuak zabortegi jakin batzuetara eramatea ere aurreikusten du Jaurlaritzak, besteak beste Gardelegira. Horri buruzko informazioa falta dela ere salatu du elkarteak.

Artxanda, berriro irekita

Artxandako (Bilbo) zabortegia ere berriz irekitzea aurreikusten du planak. 1986. urtetik itxita dago hondakindegi hori, eta Tapiak adierazi zuen lindanoz kutsatuta dagoela. Artxanda Parke Bai Plataformak ere salatu du itxi zutenetik Asua eta Nerbioi ibaiak kutsatzen dituela isurtzen dituen lixibatuekin, eta adierazi du Jaurlaritzaren planarekin kutsadura horrek 2030. urtera arte jarraituko duela.

Plataforma horrek ere informazio «argia eta gardena» eskatu dio Jaurlaritzari, eta Bilboko Udalari ere egotzi dio «Jaurlaritzaren erabakietara» makurtu izana. Izan ere, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Jaurlaritzaren plana babestu du gaur goizean emandako elkarrizketa batean, eta adierazi du zabortegia berriro irekitzeak «hobetu» egingo duela Artxandako egoera: «Zabortegia berreskuratu, dituen hondakinak sailkatu eta beste zabortegi batzuetan sartuko dira. Ondoren, eraikuntzatik datozen hondakinak bertan sartuko dira, gero berreskuratu, ondo itxi eta naturalizatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.