Euskal presoak

Berangoko auzipetuak askatzeko eskatu dute

Hemezortzi lagun daude auzipetuta, Ibai Aginaga euskal presoaren ongietorrian parte hartzea egotzita.

Berangoko auzipetuen aldeko agerraldia, gaur eguerdian, Berangon (Bizkaia). MARISOL RAMIREZ / FOKU
2022ko azaroaren 19a
16:30
Entzun

Ibai Aginaga euskal presoaren ongietorrian parte hartzea egotzita auzipetutako herritarrei babesa agertu diete gaur eguerdian Berangon (Bizkaia). Dozenaka lagunek parte hartu dute auzipetuei sostengua adierazteko eta haiek askatzea eskatzeko agerraldian.

Espainiako Auzitegi Nazionalak, denera, hemezortzi lagun deitu ditu deklaratzera, martxoaren 13an Berangon bertan Aginagaren harreran parte hartzea egotzita. «Terrorismoa goratzea» egozten diete. Lehen hiru auzipetuek abuztuan deklaratu zuten. Ekitaldia pribatua izan zela defendatu zuten. Atzo eta herenegun deituta zeuden gainerako hamabostak.

Auzipetuek ohar bat plazaratu dute asteon gertakizunak salatzeko: «Sumario honen nondik norakoak norbanakoen aurkako eraso judizial bat baino askoz ere urrunago doaz. Ertzaintzaren, Espainiako Poliziaren eta, batez ere, Guardia Zibilaren txostenetan, militantzia eta antolakunde politiko ezberdinen aurkako jazarpena antzeman daiteke». Jarraipenak eta antolakunde politikoen gaineko kontrola ere salatu zituzten. Errepresioak «kolektiboki» jotzea bilatzen duela ere gaineratu zuten, eta, hortaz, horri eman beharreko erantzunak ere halakoa izan beharko duela aldarrikatu: «Deklaratzera deituak izan garenok askatasun politikoaren defentsa egitearen beharra azpimarratu nahi dugu. Hortaz, euskal langile klaseari gonbita egin nahi diogu martxan jarriko ditugun salaketa dinamiketan parte hartzeko», amaitu dute.

Espetxean ia hogei urte igarota geratu zen aske Aginaga. Haren ongietorriaren harira, salaketa jarri zuten Vox-ek, Villacisneros fundazioak eta Dignidad y Justicia erakundeak, eta orduan zabaldu zuen ikerketa Espainiako Auzitegi Nazionalak. Berangoko Udalak (EAJ), bestalde, isunak ezarri zizkien ekitaldiaren antolatzaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.