Qatar 0-2 Ekuador

Qatarrek irudi txarra eman du Munduko Kopako lehen neurketan

Ekuadorrek, Enner Valenciaren bi goli esker, lehen zatian utzi du partida erabakita. Milaka zalek zelaia utzi dute bigarren zatian.

Cifuentes, Ekuadorreko jokalaria, neurketaren amaieran. FRIEDEMANN VOGEL / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko azaroaren 20a
19:31
Entzun

Zelaian eta harmailetan. Bietan irudi txarra eman du Qatarrek, gaur hasi den Munduko Kopako lehen neurketan. Diruak ez du dena posible egiten. Zelaian, Ekuador jaun eta jabe izan da 90 minutuetan, eta Enner Valencia kapitainaren bi golek partida erabakita utzi dute atsedenaldirako. Okerragoa izan da zaleek harmailetan eman duten itxura.

Neurketa hasi aurretik, hainbat adituk faboritotzat zeukaten Qatar. Parean zuena, ustez, A multzoko talderik apalena zen. Printzipioz, Ekuador baino talde indartsuagoak dira multzoa osatzen duten taldeak, Senegal eta Herbehereak. Hegoamerikarrek, ordea, lehen minututik erakutsi dute Qatar baino gehiago zirela.

Neurketa hasi bezain pronto sartu du lehen gola Valenciak, baina baliogabetu egin du VAR-ak, jokoz kanpoko bategatik. Oso eztabaidagarria izan da erabakia, eta azkar hedatu da Qatarren aldeko interesak zeudela zioen mamua. Valenciak berak, ordea, azkar uxatu du: penalti bat eragin du 15. minutuan, eta maisuki bota du Fenerbahçeko jokalariak berak. 30.ean sartu du bigarrena, burukada bikain bati esker.

Qatar ez da Ekuadorren areara gerturatu ere egin. Are gutxiago bigarren zatian. Horretan, ez dute lagundu etxekoen zaleek ere.

Dirua eta irudia

Emirerriak hamabi urte igaro ditu Munduko Kopa prestatzen; selekzioak 26 lagunarteko jokatu ditu 2022an, eta nahi beste baliabide izan ditu gaurko egunera prestatuta iristeko. Mundu osoa begira zuela, ordea, oso eskas aritu da taldea, eta zer esanik ez afizioa: atsedenaldiaren ostean, taldeak erreakzionatzen ez zuela ikusita, Al-Bayt estadioa bete duten 60.000 zaleen parte handi bat alde egiten hasi da.

Harmailetan isiltasuna nagusi zela jokatu dute azken minutuetan, eta nabaritu da hori jokalarien intentsitatean ere. Qatarrek ez du erakutsi markagailua iraultzeko ez indarrik ez asmorik.

Seguru gaurkoa ez zela Qatarko agintariek eman nahi zuten irudia. Hango biztanleek, bederen, erakutsi dute ez dutela Munduko Kopan izugarrizko interesik. Mundu osoan zehar ere izan dira gaur Munduko Kopa Qatarren egitearen aurkako protestak. Emango du zeresana gaur gertatutakoak.

Ikusi gehiago:LOTSAREN MUNDUKO KOPA

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.