Qatarko Munduko Kopa. FIFAren amarruak

LOTSAREN MUNDUKO KOPA

Qatarko txapelketa «ustelduta» dago, FIFAk herrialde hura egoitza gisa hautatu aurretik. Hala dio Fonsi Loaiza kazetariak. 'Qatar. Sangre, dinero y fútbol' liburuan, xehe-xehe aletu ditu bai emirerriko buruek bai futboleko eta politikako buruek egindako jukutriak.

Xeikh Hamad bin Khalifa al-Thani Qatarko emirra, Munduko Koparekin. WALTER BIERI / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Jaun-andreok, Qatarrek antolatuko du 2022ko Munduko Kopa». Joseph Blatterrek esan zituen hitz horiek, 2010eko abenduaren 2an. FIFAko orduko presidentearen adierazpenek harrabotsa sortu zuten, baina ez emirerriko futbol tradizio eskasarengatik. Kritikek zerikusia izan zuten lehiaketa jokatzeko garaiarekin —azarotik abendura bitartean egingo da— eta jokalariengan beroak izango duen eraginarekin. Baina, oroz gain, protestak lotuago zeuden herrialdeko agintariek giza eskubideak urratzeko duten joerarekin eta txapelketaren egoitza izateko hautaketa prozesuan izandako jarrera lohituarekin. «Ustelkeria», alegia.

Ikusi gehiago:Prezioa: 6.750 langileren bizitza

Luzea da Qatarko eskubide urraketen zerrenda. Besteak beste, emakumeek, kualifikatu gabeko langileek eta LGTBI pertsonek mota askotako zapalkuntzak pairatzen dituzte han. Horrek, eta hautaketaren atzean dagoenak, eskandalua piztu du. Gizartean sortutako erreakzio sokak eraginda-edo, zera adierazi zuen Blatterrek azaroaren 8an, hautaketa egin eta ia hamabi urtera: «Qatar hautatzea hanka sartzea izan zen. Horren erantzukizuna neuregan hartzen dut».

Agintari ohiaren esanei garrantzia kendu die Fonsi Loaiza kazetariak (Cadiz, Espainia, 1990): «Blatterrek boterearen falta sumatzen du. Orain kritika egin du, baina bere garaian babestu egin zuen. FIFAk eta Olinpiar Jokoek klientelismo sareen gisan jokatzen dute: diru gehien jartzen duenak lortzen du egoitza izatea». Loaiza aditua da gaian; urteetan ikertu ditu FIFAren, UEFAren eta gainontzeko erakundeen jokabideak, eta liburu bat argitaratu du: Qatar. Sangre, dinero y fútbol (Qatar. Odola, dirua eta futbola).

144 orriko argitalpen horretan, Loaizak xehe-xehe azaldu ditu Qatar hautatu izanaren arrazoiak eta horren inguruan egondako «ustelkeria»; baita lehiaketa prestatzeko garaian jazotako heriotzak eta herrialde horretan gertatzen diren eskubide urraketak ere. Horiek guztiak batuta, Loaizak argi du: «Zalantzarik gabe, lotsaren Munduko Kopa da».

Berezia izan zen hautaketa bera egiteko prozesua. Aurretik, banaka egiten zen. Qatar aukeratu zutenean, berriz, 2018ko eta 2022ko Munduko Kopen egoitzak aukeratu zituzten. 2014koa Brasilen izan zenez, 2018koa Europako herrialde batean egin behar zen. 2022koa antolatzeko AEBak ziren hautagai nagusia. Blatterrek berak gerora esplikatu zuen: «Akordioa zegoen 2018koa Errusian jokatzeko, eta hurrengoa AEBetan, horrek zuen esanahi politikoarengatik».

FIFAko batzorde exekutiboko 24 kidek bozkatu behar zuten. Denak gizonezkoak. Azkenerako, hala ere, 22 izan ziren. Hilabete batzuk lehenago, bi kide, Reynald Temarii tahitiarra eta Amos Adamu nigeriarra, zigortu egin zituzten, euren botoak saldu egin nahi izan zituztelako. Azken bozketan ezustea izan zen: Qatarrek hamalau boto jaso zituen; AEBek, berriz, zortzi. Aurrez, bidean geratu ziren gainerako hautagaitzak: Australia, Hego Korea eta Japonia.

Emirerriaren hautaketak eskandalua eragin zuen, eta nonahiko estatuburuak, politikariak eta futboleko erakunde nahiz klubetako agintariak zipriztindu; Gianni Infantino FIFAko egungo presidentea, kasurako. Hain justu, Infantinok eta haren idazkari nagusi Fatma Samourak gutun bat helarazi zieten federazio guztiei azaroaren 4an, «futbolean zentratu» zitezela eskatuz, Qatarri leporatzen zaizkionak bazter utzita.

Ordea, itzalgune asko du gaur abiatuko den torneoren antolaketak. Loaizak salatu du Mendebaldeak «alfonbra gorria» jarri diola «satrapa erregimen bati», negozioa egiteko eta bere itxura hobetzeko. «Xeke arabiarrak ohartu dira munduan agintzeko kirolean ere agindu behar dutela, eta Espainiaren eta Frantziaren moduko estatuek bidea erraztu diete». Azken batean, Qatarrek zuen ahalmen ekonomikoa baliatu zuen botoak erosteko.

Sarkozyren itzal luzea

Qatarko matazak hari asko ditu, eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohia da haietako bat. Loaizak azaldu duenez, hura da Munduko Kopa Arabiar penintsulako herrialdean jokatzearen erantzule nagusietako bat. Kazetariaren esanetan, hark lan egin zuen, besteak beste, Paris Saint-Germain taldea Qatarko buruzagien esku gera zedin —France Football aldizkariak argitaratu zuen hori—, baita Michel Platinik Munduko Kopako egoitzaren inguruan eman beharreko botoa aldatzeko ere.

Platini jokalari ohia UEFAko presidentea zen garai hartan, eta haren bitartekaritza «funtsezkoa» izan zen Qatarren hautaketan. Munduko Kopa «erosi» egin zutela salatu du Loaizak, eta Qatargate deituriko afera ekarri du hizpidera: «Federazioak ados jarri ziren Qatarren alde bozkatzeko, nahiz eta jakin urte sasoi horretan jokatzea ezinezkoa zela, beroarengatik, besteak beste. Espainia, esaterako, hara joan zen lagunarteko partida bat jokatzera, komisio bidezko dirua kobratuta. Qatarko agintariek badakite nola jokatzen duten federazioetako buruek, oso errazak direla erosteko».

Ikusi gehiago:«'Kafala' abolitu duela dio Qatarrek, baina ez da egia; erreformatu egin dute»

Damua azaldu zuen egun berean, Blatterrek adierazi zuen Sarkozyk harremana izan zuela Qatarko agintariekin, eta handik sei hilabetera emirerriak gerrako hegazkinak erosi zizkiola Frantziari, 14,6 milioi dolar ordainduta:«Jakina, diru kontua zen guztia». Artean, ematen zuen AEBak aurretik zeudela bozketan.

Qatargate auziarekin lotuta, Platini hamabost orduz atxilotuta egon zen Frantzian, 2019ko ekainean. Kargurik gabe libre atera zen egun hartan. Aurrez piztutako eskandaluaren ondorioetako bat izan zen, baina ez bakarra.

Qatargate auzia, azalean

Datorren astean hamabi urte beteko dira Blatterrek Qatarren izena ahoskatu zuenetik. Alabaina, emirerriak askoz lehenago abiatu zuen egoitza izateko prozesua, isilpean abiatu ere.

Sarkozyrekin eta Platinirekin izandako harreman erabakigarria bozketa baino bederatzi egun lehenago egin zuten, 2010eko azaroaren 23an. Datu hori France Football agerkariak argitaratu zuen hiru urte geroago, 2013 urtarrilaren 29an. Azal hura izan zen eskandaluaren ernamuina. Herrialdearen irudi bat, eta 11 letra: Le Qatargate.

Hogei orrialdeko erreportaje batek zalantzarako tarte txikia utzi zuen. Hautagaitzaren eta haren jirakoen azpijokoak agerian utzi zituen, izen eta abizen. Besteak beste, Sarkozy, Blatter, Platini eta Tamin bin Hammad al-Thani printzea. Ustez, azken hori izan zen Platinirekin eta Sarkozyrekin azaroaren 23ko bilera erabakigarria egin zuena, Parisko Eliseoan.

Kazetaritza lan horrek fokupean jarri zuen Mohammed bin Hamman, Qatarko futbol federazioko presidente ohia. Ingalaterrako The Guardian egunkariaren arabera, FIFAko 30 kideri 3,6 milioi euroko eskupekoa eman zien, aldeko boza eman zezaten. Batzorde exekutiboko zenbait kidek 1,5 milioi euro jaso zituzten. Estatuetako federazioek, berriz, partidak jokatzearen truke jaso zuten dirutza. Argentinako eta Brasilgo agintariak, hau da, txapelketa irabazteko hautagai nagusietako biren agintariak ikerketapean egon ziren gerora.

Michael J. Garciarena izan zen supiztailea. AEBetako fiskal nagusi ohia izan zen FIFAk abiatutako barne ikerketaren arduraduna, baina futbol erakundeko eginkizuna utzi egin zuen Etika Komisioak «irregulartasun zantzurik ez» zegoela ebatzi zuenean. FIFAren irudia zuritzeko ikerketa izan zen.

Gerora, Suitzako Poliziak gaiaren inguruko dokumentazioa bildu zuen 2015eko ekainean, FBIrekin elkarlanean. AEBetako Poliziak FIFAko zenbat goi kargudun atxilotu zituen egun hartan, New Yorkeko Loretta Lynch fiskalaren ikerketa bat tarteko. Lehen aldian, 60tik gora pertsona eta erakunderen aurkako karguak aurkeztu zituen.

Qatar sorburu izan zuen olatuak zurrunbilo handia eragin du, eta hamaika ustelkeria kasu azaleratu. 2015eko abenduan, FIFAko etika batzordeak kargutik kendu zituen Blatter eta Platini, elkarren arteko bi milioiko ordainketa «justifikatu gabea» zela medio. Suitzako justiziak absolbitu egin ditu Platini eta Blatter aurtengo uztailean, futboleko ustelkeria sarearekiko loturen auzian, baina fiskaltzak helegitea jarri du.

Loaizaren arabera, Qatarko txapelketaren inguruan jazotakoek agerian uzten dute FIFAren ustelkeria, eta itxurakeria egotzi die arduradunei. Besteak beste, Infantinok orain gutxi helarazitako gutuna jarri du adibide: «Futbola baliatu dute aberasteko. Football Leaks kasuan, argi ikusi zen negozio baten atzeko erakunde kriminala dela». Loaizak adierazi duenez, zerga paradisuetan dute dirua, eta futbola erabiltzen dute Qatarren moduko erregimen diktatorialak zuritzeko.

Madrilgo tratuak

Espainiako futbola ere ez dago Qatarko Munduko Kopa busti duen ustelkeriaren zipriztinetik salbu. Loaizaren esanetan, Santiago Bernabeu estadioko agintarien palkoan «aliantza bat» osatu zuten Florentino Perez Real Madrileko presidenteak, Sandro Rosell Bartzelonako lehendakari ohiak, eta Angel Maria Villar Espainiako federazioko presidente ohi bilbotarrak: «Bat egin zuten hautagaitzaren alde, kontratuak eskuratzeko».

Dirua biltzeko zaku gisa definitu du Munduko Kopa: «Aurtengo txapelketaren aurkezpen txartelik onena babeslea da: kriptodiru enpresa bat izango da. Kapitalismoaren errematea da hori; erregimen erdi feudal batean jokatuko da, non eskulangileak esklabo dauden, eta kriptodiruak babestuko duen, hori iruzurra dela jakina den arren. Doilorkeria dago atzean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.