Ezkurdia 22-21 Altuna III.a

Sekulako finala

Joseba Ezkurdiak hirugarren aldiz jantzi du lau t'erdiko txapela, final gogoangarri bat irabazita. Aspaldiko finalik onena izan da Altuna III.aren aurka jokatu duena.

Joseba Ezkurdia, gaur, txapela jantzita. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon eskudero
2022ko azaroaren 20a
19:53
Entzun

Munduko Futbol Txapelketan izango zuten askok arreta jarria atzo, baina pilotak eman zuen benetan ikuskizun distiratsua. Besteak beste, final gogoangarria jokatu baitzuten Ezkurdiak eta Altuna III.ak, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Distira soberan izan zuen finalak, gutxitan gertatzen den bezala, egun bikaina egokitu baitzitzaien bi protagonistei. Biribila izateko emozioa soilik eska zekiokeen lehiari, eta hori ere ez zen falta izan. Izan ere, tanto bakar batez irabazi zuen Ezkurdiak, eta hirugarrenez jantzi du lau t'erdiko txapela. Biek merezi izan zuten irabaztea, baina azkenean Nafarroara joan da garaipena.

Hasi eta buka, elkarren gurpilean ibili dira bi pilotariak. Inork ez du lortu alde handirik markagailuan, baina azken txanpara bitartean Ezkurdia ibili da beti aurretik. Hots, 2-3 aurretik egon da amezketarra, baina beste momentu guztietan Ezkurdia ibili da gainetik. Tanto guztiak hain gogorrak eta azkarrak izaki, fisikoki nekea suma zitekeen, baina ematen zuen Ezkurdia osoago ote zegoen. Haren aurpegiak hori adierazten zuen, behintzat. Gainera, Altuna III.ak arazoak izan ditu eskuin eskuan, eta horrek guztiak Ezkurdiaren aldera eramaten zituen pronostikoak. Ihes egitea lortu ez arren, nafarrak itxura hobea eman du une oro.

Esaterako, lehen atsedenaldi luzera 12 eta 11 heldu da aurretik Arbizukoa. Ordura arte gehiago asmatu du sakearekin, eta harritzekoa izan da biek zein opari gutxi egin dioten elkarri. Ezker-eskuin ongi bilatu dituzte pilotalekuko bazterrak, eta zaleak behin baino gehiagotan jarri dira zutik txaloka. Irekita zegoen lehia, baina tanto bolada batek partida hauts zezakeen, eta Ezkurdiak aukera gehiago zuen horretarako, fisikoki osoago zegoelako.

Dena den, Altuna III.a zerbait bada, hori artista da, eta borrokalaria. Horri esker ez du inoiz etsi, eta, eutsi eta eutsi aritu ondoren, azken txanpan ederki atera ditu babak eltzetik. Sakez gehiago asmatu du, eta tantoak amaitzen ere fin ibili denez, ataka estuan jarri du aurkaria. Besteak beste, 16-19 aurretik jarri da amezketarra. Zurbil zegoen, baina zoragarri ari zen pilotan, tantoa bukatzen batez ere. Garai horretan bazirudien gertu zuela txapela, baina Ezkurdia ez zegoen amore emateko. «Garai horretan anaiarekin hitz egin dut, eta erabaki dugu kale edo bale jokatzea. Hiru tantoren aldea asko da garai horietan, eta nolabait eten beharra zegoen bolada hori. Fisikoki oso ondo sentitu naiz bukaeran, eta horrek lagundu dit partida bere onera ekartzen», adierazi du Arbizukoak. Horri esker, kontuak ezin estuago iritsi dira bukaerara.

Gaurko finalak 21na egin behar zuen zoragarria izateko, eta halaxe gertatu da. Hamar pilotakadako tantoa jokatu dute, eta Altunari txapara ihes egindako pilotakada batek erabaki du finala. Pozarren entzun du txapa hotsa Ezkurdiak. «Final ikaragarria izan da, eta oso pozik nago. Egunero babesten nauten guztiei eskaintzen diet txapela. Gutxitan jokatu izan dut hain partida gogorrik, eta nire gorputzak hain ondo erantzuteak harro sentiarazten nau. Lan asko dago txapelaren atzean, eta izugarri kontentu nago». Galdu arren, Altuna III.ak ere merezi zuen txapela. «Lehen zatian izugarri sufritu dut fisikoki, eta horrek eragina izan du gero. Halere, kastari esker, sufritzen jakin dut, eta detaile txikiengatik ez dut irabazi. Penatuta nago, baina egia da baloratu beharra dagoela 26 urterekin lortzen ari naizena».

Gelditzeko betarik gabe, lau t'erdikoa amaitu orduko hasiko da Binakako Txapelketa. Bihar aurkeztuko dute, eta bi finalistak bertan izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.