Ziberkazetaritza Kongresua

Kazetaritza automatizatua: softwarea erredaktore

Programa batek datuak albiste bihurtu ditzake. ‘Kazetaritza automatizatua’ deritzo, eta datu asko eragiten dituzten gertaeren berri emateko balio dezake. Horri esker, albisteak azkarrago sareratzen dira, eta hartzaile gehiagorengana heltzeko bidea ematen du, Jessica Kunert irakasleak EHUko Ziberkazetaritza Kongresuan azaldu duenez.

Jessica Kunert irakaslea gaur goizean, Bilboko Bizkaia Aretoan, EHUk antolatutako Ziberkazetaritza kongresuan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
amaia igartua aristondo
2022ko azaroaren 21a
13:36
Entzun

Teknologia kazetaritza aldatzen ari da, eta hamaika baliabide jarri ditu profesionalen esku: are, softwareak testuak idatz ditzake jada. Kazetaritza automatizatua deritzo horri. Aldez aurretik molde bat zehazten da askotariko aldagaiekin, eta, halaber, sinonimoak txertatzen dira, esaterako, testu denak ez daitezen berdinak izan. Eredu hori erabilita, eta hura eguneratutako datuekin hornituta, programak albistea idatz dezake, hasi eta buka, Jessica Kunert Mainzko (Alemania) Unibertsitateko irakaslearen arabera. Alegia, datuak narrazio bilakatzen ditu.

EHUk kazetaritza automatizatuari eta algoritmoei eskaini die aurtengo Ziberkazetaritza Kongresua, hamalaugarrena, eta teknologia horren onurez eta arriskuez jardun du Kunertek gaur, Bilboko Bizkaia aretoan. Azaldu duenez, tresna hasierako urratsak egiten ari da oraingoz, eta interesa eta errezeloa pizten ditu hala profesionalengan nola irakurleengan.

Datu mordoa sortzen duten gertakarien berri emateko balio du kazetaritza automatizatuak, hala nola finantzetarako eta delituetarako. Kunertek, zehazki, futbol partidetarako izan dezakeen erabilera ikertu du, eta Alemaniako tokiko erredakzioak izan ditu aztergai. Haren iritziz, erredakziook ez dute ez denborarik ez baliabiderik maila erregionalean jokatzen diren partida guztiez informatzeko; automatizazioarekin, ordea, ahal izango lukete. Eskaria badago, jendea ez baita inoiz asetzen informazioaz, irakaslearen irudiko. Bestelako alde positiboak ere ikusten dizkio Kunertek. «Ekitaldien emaitzak inork baino azkarrago argitaratu daitezke. Gainera, erreportaje sakonagoak egin daitezke, kazetariak ez baitu dena idatzi behar. Eta hartzaile berriengana heltzeko aukera ematen du».

Tresna berri horrek eragile berriak eskatzen ditu, dena den: kazetariak software eta datu hornitzaileekin lan egin beharko du, programa berria ezagutzeko eta datu andana bat aukeratu eta egiaztatzeko, hurrenez hurren. Baina ez da komeni eragile horiek kazetariaren figura ordezkatzea, Kunerten esanetan. Izan ere, softwarea 250 euro kostatzen da hilean, eta, futbolaren kasuan, inbertsio errentagarria izan daiteke elkarte batzuentzat, irakaslearen aburuz. «Esate baterako, Alemaniako Fussball.de atariak futboleko datu baserik handiena du. Albisteak ateratzen dituzte, baina ez zaie iruditzen kazetaritza egiten ari direnik; halere, kazetariak ordezten ari dira».

Ez da alde negatibo bakarra, ordea. Automatizazioak testuen kalitatea ere baldintzatu dezake, datuetan dagoena baino ez baita agertuko artikuluetan; alabaina, datuok mugatuak dira batzuetan, edo zeresana dute ekitaldiko gainontzeko elementuek ere: ikusleen jokaerak, esaterako. «Batzuetan, automatizazioa oinarri bat da, eta, gero, kazetariak garatu egiten du testua; elkarrizketekin, kasurako».

Etorkizuneko kazetaria

Kazetarien lana programa batek egin badezake, zein izango da etorkizunean kazetarien egitekoa? Kazetaririk gabeko kazetaritza al da norabidea? Kunertek irmo esan du ezetz. «Kazetaritza ez da zaharkituko, baina aldatu egin beharko du. Gaitasun berriak garatu beharko dira, eta ikuspegi zabala izan: zer egin dezakegu guk algoritmo batek baino hobeto?». Horrek ez du esan nahi kazetariek informatikari edota programatzaile ere izan beharko dutenik, baina profesional horiekin lan egiten ikasi beharko dute. Estatistikaren inguruko interesa izango da gakoa, irakaslearen ustez. «Hibridaziora» joko du ofizioak.

Dena den, kazetariak beti izango du tokia erredakzioetan, Kunerten hitzei erreparatuta: besteak beste, hari baitagokio datuak egiaztatzea, irudimentsua izatea, testuinguruari erreparatzea eta zer kontatuko den aukeratzea. «Kazetariak erabakiko du zer den garrantzitsua eta zer ez, zein datu agertuko diren eta zein ez. Ahalegindu behar du kazetaritza ona eskaintzen». Eta, halaber, hark bermatuko du ikuspegi etikoa. «Kazetariak hartuko ditu erabaki etikoak. Kazetaritzaren forma aldatu egingo da, baina kazetariaren etikak eta idealek bere hartan iraungo dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.