Euskaraldia

Ficoba, iparraldeko euskarak hegoaldeko euskararekin topo egiten duen lekua

Irungo Ficoba erakustazoka, duen eragin eremuagatik, Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko zubi bat da. Jatorri askotako jendea biltzen du, baina hizkuntza bera hitz egiten duena: euskara.

Lanbide Heziketako ikasleak Ficobara joaten, EuskoSkills 2021 txapelketan parte hartzeko. AITOR IZAGIRRE ANSA
2022ko azaroaren 22a
15:52
Entzun

«Kaixo, Ficoba, poxpolo kaxa erraldoi, gris eta gorrixka. Gaur konbustio kolektibo bat bizi nahi dugu berriz ta…». Hala hasi zuen bertsoetako bat Markina-Xemeingo (Bizkaia) Nerea Ibarzabalek Irungo (Gipuzkoa) Ficobako pabiloietan egin berri den Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoan.

Izan ere, Ficoba bada kaxa handi bat astero bizia hartzen duena askotariko ekitaldiak eginez: azokak, enpresa bilerak, ekitaldi erlijiosoak, dantza ikuskizunak, hitzaldiak, biltzarrak, azterketak, robotika lehiaketak, sari banaketak, kontzertuak, gala eta herri bazkari eta afariak, kirol eta magia jaialdiak... Ficobak, jarduera horien bidez, bere inguruko jarduera ekonomiko, sozial eta kulturalaren eragile izateko konpromisoa betetzen du.

Eta zein da haren ingurua? Ficoba, duen eragin eremuagatik, Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko zubia da. Jatorri askotako pertsonak elkartzen ditu, baina hizkuntza bera hitz egiten dutenak: euskara.

Euskaldunen topagunea

Kokapen geografikoagatik, iparraldeko eta hegoaldeko euskaldunen topagunea da Ficoba. Eta egitate horri 2003an jarduera hasi zuenetik eman dio balioa erakustazokak. Hasiera-hasieratik, Ficobak beti erabili du euskara elementu egituratzaile bat bezala barrura begira nahiz kanpora begira. Euskara, gaztelaniarekin eta frantsesarekin batera, Ficobaren hiru hizkuntza ofizialetako bat da. Mugaz gaindiko barruti bat, horrelako ezaugarriak dituen lehenengoa, eta hizkuntza desberdinen arteko bizikidetza naturaltasunez bizi duena.

Baina Ficobak beti jakin izan du euskara indartu eta maitasun bereziz tratatu behar zela elkarbizitza horretan, euskara hizkuntza minoritario bat baita eta gaztelania eta frantsesa, berriz, bi erraldoi. Horregatik, euskararen erabilera ez du mugatu eremu sinbolikoago batera edo ahozko eremu soilera, baizik eta komunikazio hizkuntzatzat hartu du.

Uhinak 2022 klima aldaketari eta itsasertzari buruzko kongresuaren bosgarren edizioa, Ficoban. AITOR IZAGIRRE ANSA

Euskara, egunerokoan

Euskara Ficobako taldekideen egunerokoan dago, komunikazio ofizialetan, kudeaketa agirietan, memorietan… Azken batean, Ficobaren egunerokoan. Baina Ficobak, azokak eta biltzarrak sustatzen dituen fundazio bat den aldetik, badu alde bat euskara komunikazio hizkuntza dela ikusgarriago egiten duena. Alde horretatik ere, Ficobak hasiera-hasieratik sartu zuen euskara irratian, prentsan, telebistan, sare sozialetan eta abarretan bere kanpo sustapenak egiteko kanpainetan. Euskara erabiltze hori ez da Euskadira mugatzen, Iparraldera ere zabaltzen baita, eta, horrela, indartu egiten du Bidasoaren alde bateko eta besteko euskaldunen arteko zubi irudi hori.

Euskaraldia berriz ere abian jarri den honetan, Ficobatik ez dute euskararen aldeko ekimen bereziez hitz egin beharrik. «Izan ere, hizkuntza normalizatzeko lan etengabearen hautua egin dugu, eta urteko 365 egunetan jarduten dugu belarriprest eta ahobizi gisa».

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:www.ficoba.org.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.