Ikerketa

106 ikertzailek txio bidez azaldu dituzte euren ikerketak, VI. Txiotesian

Hainbat gai jorratu dituzte, tartean euskara arkaikoa, angulak, eta Frantziako Tourra. Abenduaren 1ean jakinaraziko dute nortzuk diren lehiaketaren irabazleak.

Angulen ingruko ikerketa aurkezteko erabilitako irudia.
Edu Lartzanguren.
2022ko azaroaren 23a
18:17
Entzun

Udako Euskal Unibertsitatea 2013. urtean hasi zen Txiotesia lehiaketa antolatzen. Euskaraz ari diren ikertzaileek egiten ari diren tesien berri ematea da lehiaketaren helburua. Horretarako, Twitter sare soziala erabili behar dute, eta erronka da haientzat: izan ere, txio bakoitzak 280 karaktere ditu asko jota, eta halako sei txiotan sintetizatu behar dute beharbada ehunka orri dituen tesi bat.

Bi urtetik behin egiten da lehiaketa, eta atzo egin zuten seigarrena. Antolatzaileek emaniko datuen arabera, 106 ikertzailek hartu zuten parte, 58 emakumek eta 48 gizonek. Horietako gehienak doktoregaiak dira (%70), eta gainerakoak doktoreak dira jadanik. Hainbat unibertsitatetan ari dira prestatzen, Euskal Herrian zein atzerrian, Miamin tartean (AEBak).

Horrez gain, zenbait ikerketa zentrotan dabiltzan ikertzaileek hartu dute parte.

Euskal gatazkaren ertzetako biolentziak tesiaren berri eman du, esaterako, Maider Galardi F. Agirrek.

Ana Trakhtxeva kimikariak Ipar Mazedoniatik Euskal Herrira ikertzera etortzeko eginiko ibilbidea kontatu du, eta Sistema akrilikoetan erreakzio amaierako LOK-ak murrizteko estrategia berriak tesiaren nondik norakoak laburbildu zituen.

Iker Alvarez-Morak gai mamitsua aukeratu du: Aturri ibaiko kutsadurak angulei eragiten dien kaltea aztertzen ari da.

Eukene Franco Landa hizkuntzalaria Miamin ikertzen ari da, eta Zer da euskalduna izatea euskal-amerikarrentzat? lana aurkeztu du. «Diasporan euskal identitate berri bat sortzen ari dela» frogatu nahi du.

Frantziako Tourra frantziar, espainiar eta euskal prentsan (1903-2013): kazetaritza eta nazio-identitatea gaia lantzen ari da Xabier Fernandez Monje.

Eta azken egunotan denen ahotan egon den gai bat aspaldi ari da lantzen Borja Ariztimuño hizkuntzalaria: euskara arkaikoa. Horren aditza aztertzen ari da, hain zuzen ere.

Eibarren (Gipuzkoa) egingo dute sariak banatzeko ekitaldia, abenduaren 1ean. Markeskoa jauregian egingo dute, eta Aitor Cevidanes ikertzaileak bere esperientzia kontatuko du Euskara buruan eta ikertu munduan. Zientzialari euskaldun baten gorabeherak hitzaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.