Patronala

Garamendi hautatu dute CEOEren buru izateko beste lau urtean

Botoen %83 eskuratu ditu. Nuñez Feijoo PPko buruzagitzara heltzearekin batera gogoratu egin du Sanchezen gobernuaren aurkako diskurtsoa.

Antonio Garamendi, garaipena ospatzen, asteazken honetan. JUAN CARLOS HIDALGO (EFE)
jokin sagarzazu
2022ko azaroaren 23a
19:26
Entzun

Egunotan enpresa ugaritan egiten ari diren hauteskunde sindikalekin batera, Espainiako patronalean ere bozketa eguna izan dute asteazken honetan, eta aurreikuspen guztiak bete dira: Antonio Garamendi (Getxo, Bizkaia, 1958) aukeratu dute berriz ere CEOEko presidente, beste lau urterako. Aldeko 534 boto jaso ditu (%83) eta 87 haren arerioak, Virgina Guinda Kataluniako Foment de Treball patronaleko presidenteordeak. Hortaz, bigarren agintaldia izango du Garamendik.

2018an lortu zuen presidente kargua lehenengo aldiz, 2014an galdu ondoren, CEOEren orduko presidente Juan Rosellen aurrean; lau urte geroago, ez zen beste hautagairik aurkeztu. Orain hori gertatu izana erakutsiko luke, patronaleko sektore batzuen arabera, Garamendiren boterean higatzea bat gertatu dela; oso txikia, hala ere: «sinbolikoa».. Pandemiak markatutako agintaldia izan du Garamendik. Espainiako Lan ministro Yolanda Diazekin agerturiko sintonia onak eta harekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin eginiko hamasei akordioak —tartean lan eta pentsioen erreforma, eta aldi baterako enplegua erregulatzeko mekanismoa — ez ziren patronal guztien gustukoak izan.

Horrekin batera, Kataluniako prozesu independentista sustatzeagatik espetxeratutako buruzagi politikoei emandako indultuak babestu izanak ere arerio batzuk sortu zizkion; besteak beste, PPren aurreko buruzagi Pablo Casado.

Hauteskundeak —patronalekoak eta Espainiakoak— gerturatu ahala, baina, bertan behera utzi ditu azken hilabeteetan negoziatzen aritu den gai batzuk; hala nola, gutxieneko soldataren igoera eta bekadunaren estatutua. Gogortu egin du, halaber, Sanchezen gobernuari buruzko diskurtsoa eta, horrekin batera, hitz onak baino ez ditu izan Alberto Nuñez Feijoo PPren buruzagi berriarentzat.

Garamendi abizena beti egon da lotuta Neguriko oligarkiara eta Espainiako eskuinari. Ontzigintza sektoreko familia batean hazitakoa da Antonio Garamendi, Deustuko Unibertsitatean ikasitakoa, eta siderurgia eta finantza sektoreko enpresa batzuetako administrazio kontseiluetan aritutakoa — besteak beste, Red Electrica España, Bankoa, La Equitativa, Babcock & Wilcox eta Tubos Reunidos—. Dena den, erakundeetan eta bereziki patronaletan egin duen ibilbideagatik da ezagunagoa. Urtean 300.000 euroko soldata du CEOEko buru izateagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.