Euskaraldia

Euskara lan munduan sustatzen

Bergarako 38 entitatek euskara lan munduan sustatzeko konpromisoa hartu dute, Harixa programako hitzarmena sinatuta.

Harixa programa barruko hitzarmena sinatu duten entitateetako ordezkariak. BERGARAKO UDALA
2022ko azaroaren 25a
14:22
Entzun

Urriaren 25ean, Bergarako (Gipuzkoa) 38 entitatek euskara lan munduan sustatzeko Harixa programako hitzarmena sinatu zuten Miguel Altuna Lanbide Heziketako zentroan antolatu zen ekitaldian. 2021eko maiatzaz geroztik, hainbat eragile lanean aritu dira Harixa programaren barruan, eta lan-mahaiak egindako lanaren emaitzetako bat da hitzarmena.

Hitzarmenaren helburua da Bergarako enpresek euskara sustatzeko urratsak egitea, lan mundua ere euskarazko eremu bihurtzeko. Hitzarmenaren iraupena lau urtekoa da, eta Bergarako Udalak behar diren giza baliabideak jarriko ditu hitzarmenaren dinamizazioaz eta jarraipenaz arduratzeko.

Gorka Artola Bergarako alkateak ekitaldian azaldu zuenez, «askotariko eragileen arteko hitzarmen bat da. Elkarri esango diogu zer egiteko prest gauden, eta elkarri lagunduko diogu bidea egiten, Harixa programari jarraituz». Horrela, askotariko izaera eta egoera linguistikoa duten entitateak egonda, elkarri laguntzeko baliagarria izango da egitasmoa.

Artolak azpimarratu zuenez, Bergaran lan handia egin da lan munduaren euskalduntzean. «Hala ere, bizitzako beste esparru batzuekin alderatuta, lan munduarenean euskararen presentzia nabarmen ahulagoa da. Aipagarria da gaur egun 30 urte baino gutxiago dituzten eta Bergaran eskolatu diren herritar guztiek D ereduan egin dituztela Derrigorrezko Hezkuntzako ikasketak. Eskolaz kanpoko munduan (kulturan, kirolean, aisian...) ere aurrerapauso nabarmenak egin dira azken urteetan, eta nagusiki euskaraz funtzionatzen da».

Behar-beharrezkoa da, beraz, Artolaren esanetan, «eskolan egindako ahalegin horri jarraipena ematea, eta helduaroan euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzea. Eta hor leku berezia izan behar du lan arloak, helduok bizitzan denbora tarte handiena igarotzen dugun eremuetako bat delako eta lan mundua gizarte harremanen (bikoteen, lagunen...) sorleku nagusietako bat delako».

Hitzarmena sinatu duten 38 entitateek oinarrizko konpromiso batzuk hartu dituzte. Halaber, entitate bakoitzak konpromiso propioak ere hartu ditu.

Oinarrizko konpromisoak

Hauek dira entitateek hartu dituzten oinarrizko konpromisoak:

• Enpresak Harixa programarako solaskidea izendatzea eta langileei hitzarmenaren berri zabaltzea.

• Enpresako hizkuntza egoeraren diagnostiko laburra egitea, talde teknikoak finkatutako ereduaren arabera eta haren laguntzarekin.

• Hitzarmeneko kideen arteko harremanetan euskara sustatzea eta gutxienez beste hitzarmenkideen euskarazko idatziak onartzea.

• Urterako egitasmoa zehaztea eta bertan, gutxienez, ekintza berri bat jasotzea.

Hitzarmena sinatu duten enpresa eta entitateen izaera eta hizkuntza egoera oso desberdina izanik, enpresa bakoitzak bere ibilbidea finkatuko du, urratsez urrats konpromiso berriak hartuz. Hona hemen erreferentzia gisa proposatzen diren konpromisoak:

• Lanbide Heziketako (LH) ikasleen egonaldiak euskaraz eskaintzea.

• Langileei zein LH dualeko ikasleei harrera egitean euskarazko baliabideen gida eskaintzea: euskara ikasteko aukerak, euskara praktikatzekoak...

• Hizkuntza paisaia euskaratzea.

• Langileei euskara ikasi edo praktikatzeko bideak eskaintzea: uler saioak...

• Ahozko erabilera sustatzea: Euskaraldiko ariguneak eta beste.

• Webgunea euskaratzea.

• Hizkuntza irizpideak finkatzea.

• Barne erabilerako dokumentazioa (kontratua, nomina...) euskaraz jartzea.

• Enpresak lana euskalduntzeko izandako esperientzia eta praktika onak zabaltzea.

Industria enpresa ez direnen konpromisoa

Industria enpresa izan gabe hitzarmena sinatu duten entitateek (ikastetxe, euskara elkarte, banketxe eta abar) konpromisoa hartu dute industria lantegiekin dituzten harremanetan euskara bultzatzeko, euren zerbitzuak euskaraz eskainiz, sustapen jardueretan lagunduz, eta abar.

Lazpiur enpresa da hitzarmena sinatu dutenetako bat. «Harixak eskaintzen diguna da pauso txiki eta irmoen bitartez berriz ere hartzea konpromiso hori, euskara dagokion lekura eraman eta ahalik eta gehien lanean txertatzea», Lazpiur enpresako Aroa Agirrezabalen hitzetan.

Enpresare enpresa bilguneko Alain Vivasek ere hitzarmenaren onurak azpimarratu ditu: «Euskara lan munduan sustatzeko egitasmoa izango da. Bestalde, gero, enpresen artean lagundu ahal izateko eta batak bestearekin ikasteko aukera edukiko dugu».

Ildo berean, Mujika burdindegiko Kristina Pozok argi dauka egitasmoa lantegietako giroa euskalduntzeko akuilu baliagarria izango dela: «Harixa programan sartu gara uste dugulako egunerokotasunean giro euskaldun bat lortzen lagunduko digula. Programak erdaraz ditugu, hornitzaile askorekin erdaraz lan egiten delako, eta lortu nahi dugu artikulu denak euskalduntzea, horrela eskarietan, albaranetan, fakturetan euskalduntzen joatea, poliki-poliki».

Azkenik, Miguel Altuna Lanbide Heziketa zentroan uste dute hitzarmenaren bitartez ikastetxeak enpresekin duen harremana euskaldunduko dela, Joxu Aranak nabarmendu duenez: «Harixa programarekin lortu nahiko genukeena da harreman hori formalizatzea eta ez bakarrik Miguel Altunako irakasle eta langileek enpresetako langileekin, baizik eta gure ikasleek, euskaraz ikasten duten ikasle guztiek eta euskaldunak diren ikasle guztiek, enpresetan euren egonaldiak euskaraz egiteko aukera edukitzea. Bai heziketa duala eta bai lan prestakuntza euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dugu enpresen eta gure artean».

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.bergara.eus

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.