Ene Kantak taldeak Errigorarekin egindako abestiaren bideoklipa zabaldu du

'Lurretik ahora, Errigora' izena du, eta egitasmo horren egitekoak eta balioak zein diren azaltzen du.

Ene Kantak taldeko kideak, ludoteka aurkezten azaroan, Tafallan. ERRIGORA
Isabel Jaurena.
2022ko azaroaren 25a
14:42
Entzun

Ene Kantak taldeak atzo argitaratu zuen Errigorarekin elkarlanean egindako bideoklipa. Lurretik ahora, Errigora izena du abestiak, eta Nafarroa hegoaldeko herri egitasmoaren egitekoak eta balioak ditu hizpide. Nafarroa hegoaldeko produktuak Euskal Herri guztira zabaltzen ditu Errigorak, euskara ofiziala ez den eremuetan eragiteko; Nafarroa hegoaldean, adibidez.

Udaberrian, Eskutik eskura kanpaina antolatu zuten, eta oliba olio birjina estra eta kontserba sortak eskatzeko aukera izan zen. Udazkenean, berriz, Euskarari puzka kanpaina egin zuten, eta, haren bidez, Nafarroa hegoaldeko produktuz osatutako saskiak banatu zituzten.

Lurretik ahora, Errigora abestia taldearen Eragin, eragin! diskoan bilduta dago, bertze hamazazpi kantarekin batera. Taldeak dio «gorputzari, ahotsari, eskuei eta buruari eragiteko diskoa» dela. Diskoa salgai dago jada, eta bi formatutan eros daiteke: batetik, abestiak CDan eta bideoak DVDan; eta, bertzetik, abestiak eta bideoak USB giltza batean. Lehenbiziko formatuak 15 euro balio ditu, eta bigarrenak, berriz, 20.

Abestia zuzenean entzuteko aukera ere izanen da, Emozioen festa! ekitaldiaren emanaldi andana eginen baitu taldeak datozen hilabeteetan. Bihar, adibidez, Hondarribian (Gipuzkoa) izanen dira, 16:00etan eta 18:00etan. Abenduaren 17an, (Gipuzkoa) Tolosan ariko dira, eta bi emanaldi eginen dituzte: eguerdian lehenbizikoa, eta 16:00etan bigarrena. Abenduaren 23an eta 27an, Bilbon izanen da taldea ikusteko aukera; lau emanaldi eginen dituzte, 16:00etan eta 18:30ean. Azkeneko emanaldiak Iruñean izanen dira, urtarrilaren 2an, 12:30ean eta 17:30ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.