Antimilitarismoa

«Kuartela auzoarena izan arte!»

Hiru igeltsero antimilitaristak Bilboko Juan de Garay kuartel militarra eraisteko lanekin jarraitu dute. 6.500 metro koadroko orubea Iralako auzotarren esku gelditu dadin egin dute lan. Ertzaintzak kalteak eragitea leporatu die.

KEM talde antimilitaristaren ekintza, Bilboko koartelean. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko azaroaren 26a
11:33
Entzun

«Badago lana hemen!», esan dio igeltsero batek besteari. «Ba, ekin gogor!», erantzun dio besteak. Mailu handia hartuta, serio demonio jardun dute biek lanean, ugazabaren begirada zorrotzaren azpian. KEM kolektibo antimilitaristaren igeltseroak ziren, eta iaz utzitako tokian hartu dituzte iaz Bilboko Juan de Garay kaleko kuartel militarra eraisteko lanak. Josune Garcia ugazabak azaldu du Espainiako armadaren kuartelak espazioa «lapurtu» diola Irala auzoari, eta iragarri dute lanean jarraituko dutela «auzotarrek 6.500 metro koadroko orubea berreskuratu arte».

#Botakuartela goiburupean ekin diote lanari. Hiru langileek minutu pare batean muntatu dute aldamioa, eta bertan eskegi dute beren leloa zeukan pankarta bat. Obra ugazaba bat aldamioa muntatzen ikusi den lehen aldia dela nabarmendu du igeltseroetako batek. Ondoren, kaskoa jantzi, eta, segurtasun neurri guztiekin, hormari kolpeka hasi dira. Atzean, militarrak ikusten ziren telefonoz hitz egiten, eta berehala iritsi dira Ertzaintzaren lau auto. Igeltseroei gelditzeko agindu diete, eta haiek ogitartekoaren etena egiteko baliatu dute. «Ogitartekoa jaten ere ez dizute uzten, aizu!», kexu zen bata; besteak, berriz, damu zuen zintzurra bustitzeko ardo pixka bat ez eraman izana.

Ertzainek hiru langileak identifikatu ditu, eta nortasun agiria eskatu die bertaraturiko kazetari eta aktibistei. Hiru langileei «kalteak» leporatu dizkiete. Iazko abenduan, eraisten hasi ziren egunean, desobedientzia ere leporatu zieten. Iazko ekintzaren epaiketaren zain daude —ondo bidean, urtarrilean beharko luke— eta 2.000 eurotik gorako isunak jarri dizkiete. Fiskalak ia bi urteko zigor eskaera egina dauka. Poliziak mailuak kendu dizkie igeltseroei, eta aldamioa desmuntatzeko agindu die, orduan ere ugazabaren laguntzarekin. Ertzain batek «parodia» amaitua zela esan dio igeltsero bati, eta hark irmo azaldu du egoera: «Ze parodia? Ni lanera etorri naiz».

Eraisketa lanekin batera, Irala Auzoa Berroneratzeko Plana ere aurkeztu du ugazabak. Fotomuntaketa baten bitartez, kuartelean parke bat eraikitzeko aukera ikustarazi dute. Armadaren instalazioak ixtea asmo du KEM taldeak. Haren iritziz, «beste gizarte behar batzuetara» eta «hiriaren premietara» bideratu beharko litzateke espazio hori. Era berean, KEMek «bakearen alde eta gerraren aurka» mobilizatzera deitu ditu Irala auzoa eta bilbotarrak. Era berean, gogoratu dute Espainiako armadak 48.800 milioi euroko aurrekontua izango duela aurten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.