QATARKO MUNDUKO KOPA

Aske utzi dute LGTBI banderarekin zelaira salto egin ondotik atxilotutako gizona

Portugalen eta Uruguairen arteko partidan egin du ekintza. Ukrainaren eta Irango emakumezkoen aldeko mezua ere atera du. Ez diote zigorrik ezarri.

Gizonezkoa, LGTBIren ostadar banderarekin. EFE
Julen Etxeberria.
2022ko azaroaren 28a
21:51
Entzun

Portugal eta Uruguai Lusailgo (Qatar) Lusail estadioan jokatzen ari ziren partidaren bigarren zatian izan zen ekintza, atzo. Gizon batek jauzi egin zuen zelaira. Eskuan, LGTBI kolektiboaren aldeko ostadar bandera zeraman, eta soinean, Ukrainaren eta Irango emakumezkoen aldeko mezua: «Save Ukraine» (salbatu Ukraina) eta «Respect for the iranian woman» (errespetua Irango emakumearentzat). Estadioko segurtasun langileek berehala atzeman zuten, eta barrura sartu. Ordea, atxilotua libre utzi dute jadanik, inolako zigorrik gabe.

Atxilotuak berak eman ditu gertatutakoaren gaineko azalpenak, Kataluniako RAC1 irratian emaniko elkarrizketa batean. Kontatu duenez, goizaldeko hirurak arte izan da atxilotua. Halaber, gizonak gaineratu du FIFAko presidente Gianni Infantino «kezkatu» egin dela haren egoeraren gainean.

Gainera, gizonak azaldu du atzokoaren aurretik dagoeneko saiatua zela halako mezuak zelaian aldarrikatzen; ez zuen lortu, ordea. Frantzia-Danimarka eta Espainia-Alemania partidetan ahalegindu zen, baina atzo erdietsi zuen azkenean. «Mezu bat helarazi nahi nion munduari», argudiatu du irrati uhinetan.

Qatarko Munduko Kopan ari diren zazpi selekziok esan zuten euren kapitainek ostadarraren besokoa eramango zutela LGTBI kolektiboak Qatarren duen egoera makurraren kontra: Ingalaterrak, Galesek, Belgikak, Suitzak, Alemaniak, Herbehereek eta Danimarkak. Bada, atzera egin dute guztiek, FIFAk ohartarazi baitie epaileak txartel horia aterako diola ostadarraren besokoa eramaten duen jokalariari. Diskriminaziorik ez leloa duen besoko beltza eramango dute. Alemaniak, hala ere, FIFAk hartutako neurriaren aurkako protesta egin zuen. Hala, Japoniaren aurkako partida hasi aurretik, euren jokalariek ahoa estali zuten eskuarekin.

Bestalde, Irango selekzioko jokalariek protesta egin zuten ingelesen aurkako partidaren aurretik, Mahsa Aminiren hilketaren ondoko protesta mugimendua babesteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.