Frantziako eskuin muturraren presioari men egin, eta mahai joko antifaxista bat saltokietatik eta webguneko katalogotik erretiratzea erabaki du FNAC saltoki kateak. Bestalde, arrazakeria bultzatzen duten liburuak saltzen jarraitzea egotzi diote antifaxistek konpainiari.
Igande gauean iragarri zuen FNACek erabakia. «Datozen orduetan jokoa eskuragarri egon ez dadin, behar dena» egingo zutela iragarri zuten konpainiatik. Euskal Herriko hiriburu guztietan ditu dendak.
Antifa: le jeu du izena rol jokoak. No Pasaran sare antifaxistako La Horde taldeak argitaratu zuen, Libertalia argitaletxearen bidez, eta 2022ko edizio eguneratua zegoen salgai FNACen. «Adierazpen arrazistak, manifa homofoboak, faxisten indarkeria... aski da; eskuin muturraren kontra jokatzea zure esku dago». Horrela aurkezten du jokoak bere burua. Egoerak proposatzen ditu jokoak, eta jokalariek zer egin erabaki behar dute, tokian tokiko talde antifaxista bat simulatzeko.

Baina azken egunotan, jokoaren kontrako kanpaina egin du Frantziako eskuin muturrak.
Marine Le Penen Batasun Nazionala alderdiko Gregoire de Fournas diputatuak larunbatean Twitterren zabalduriko mezu batean jokoa aipatu zuen, eta idatzi: «FNAC, ez dizu lotsarik ematen?».
Case 1 : « je bloque une fac »
— Grégoire de Fournas (@gdefournas) November 26, 2022
Case 2 : « je tabasse un militant de droite »
Case 3 : « j’attaque un meeting du RN »
Case 4 : « je lance un cocktail Molotov sur les CRS »
La @Fnac vous n’avez pas honte ? pic.twitter.com/wlSY6eJFam
Izenburuak bete zituen De Fournasek duela aste batzuk, azaroaren 3an, Asanblea Nazionalean Frantzia Intsumisoa alderdiko Carlos Martens Bilongo diputatu beltzaren hitzaldia eten baitzuen «itzuli Afrikara» oihukatuz. Gero bere burua zuritu nahi izan zuen, esanez legez kanpoko migratzaileei esan ziela, eta ez diputatuari. Oraingoan ere, joko antifaxistaren aurkako mezua «ironikoa» zela esan zuen atzo, zentsuraren aurkako erreakzioa ikusi ostean.
Baina ez zen eskuin muturreko ordezkari bakarra izan. Alderdi bereko Victor Catteau diputatuak larunbatean bertan idatzi zuen «eskandalagarria» zeritzola FNACek jokoa saltzeari. «Antifak gorestea ere, taldetxo gorrotagarri horiek, indarkeria besterik ezagutzen ez dutenak gure demokraziari eta gure herrian gehien maite dugunari eraso egiteko...».
Mais comment la @Fnac peut-elle commercialiser un tel « jeu » ?
— â;Â;˜° Victor Catteau (@VictorCatteau) November 26, 2022
Mettre à l’honneur les antifa, ces groupuscules haineux qui ne connaissent que la violence pour s’attaquer à notre démocratie et à ce que nous avons de plus cher dans notre pays…
Absolument scandaleux ! pic.twitter.com/zPfT3ZcfMO
Ondoren, Polizia Nazionaleko Komisarioen Sindikatuak egin zuen bat eskuin muturreko diputatuen presio oldearekin. «FNACek azal zezakeen zergatik bultzatzen dituen horrela manifestazioetan apurtu, erre eta eraso dabiltzan antifak?», idatzi zuten. Frantziako Poliziako buruen gehiengoa ordezkatzen du sindikatuak.
Ce « jeu » est en vente à la Fnac. @Fnac un commentaire pour ainsi mettre en avant les antifas, qui cassent, incendient et agressent dans les manifestations? #Police#antifapic.twitter.com/gR6jNXyCKR
— Commissaires de la Police Nationale SCPN (@ScpnCommissaire) November 26, 2022
Igandean, FNACek jokoa kenduko zuela iragarri zuen, mezu baten bitartez: «ulertzen dugu 'joko' hau saltzeak gure erosle batzuk mindu zitzakeela». Sindikatuak horri «eskerrik asko» batekin erantzun zion. Edonola ere, azken orduetan euren jokabidea zuritu nahi izan dute, De Fournas diputatuak egin bezala. Atzo zabalduriko txio batean adierazi zuten larunbatean ez zutela «jokoa kentzeko eskatu», baizik eta «galdera bat besterik» ez ziotela egin FNACi. Sindikatua «erabat apolitikoa» dela gaineratu zuten mezu berean.
Le tweet du SCPN à l’origine de la polémique dénonce ce que sont (et font) les antifas, n’était pas une demande de retrait du jeu mais une simple question posée à la @Fnac
— Commissaires de la Police Nationale SCPN (@ScpnCommissaire) November 28, 2022
Le @ScpnCommissaire qui représente les commissaires de la Police Nationale est totalement apolitique. https://t.co/mih3SR1S0M
Gorrotoa salgai
FNACen jokabidea kritikatu duten batzuk nabarmendu dute kateak arazorik gabe saltzen dituela gorrotoa eta arrazakeria zabaltzen duten lanak, tartean Zeelanda Berriko Christuchurch hirian 2019an 51 pertsona hil eta beste 40 zauritu zituen erasotzaileak erreferentzia gisa harturiko liburuak.
Haatik, jokoa kentzeko, txio batzuk aski izan direla nabarmendu dute.
Streisand efektua igarri da, edonola ere. Horren arabera, gauza bat zentsuratzeko saiakera batzuk, ezkutatu nahi dena are gehiago zabaltzea lortzen dute. Libertalia argitaletxeak iragarri du Antifa: le jeu jokoaren edizio berria «amaitu» egin zaiela euren webgunean. «Berriz inprimatuko dugu», iragarri dute, baina merkatuan paper urritasuna dagoenez, urtarriletik aurrera saldu ahalko dutela berriz. Edonola ere, adierazi dute banatzaileak eta hainbat liburu denda independentek ale batzuk badituztela oraindik.