Sanferminak

Aurtengo sanferminak «atzerapauso bat» izan direla salatu dute zenbait herri eragilek

Guztion Sanferminak ekinbidea aurkeztu dute Iruñeko bestetan «kalteturiko» eta «jazarritako» herri eragileak batu eta egoera salatzeko. Azken asteetako debekuen kontra ere mintzatu dira.

Guztion Sanferminak egitasmoaren aurkezpena, gaur eguerdian, Iruñean. IñIGO URIZ / FOKU
Iker Tubia.
2022ko azaroaren 29a
13:03
Entzun

Iruñeko Udala 2023ko sanferminei begira dagoen honetan, bestetan parte hartzen duten herri eragileak aurtengo bestei begira paratu dira. Navarra Sumak aurtengo sanferminei buruz egindako balorazio baikorrarekin ez dute bat egiten. «Ez da batere erreala, eta ez ditu aintzat hartzen Iruñeko herri mugimenduen bizipenak eta iritziak. Azken jaietan gertatutakoa ez dugu errepikatzerik nahi», esan du Paula Garciak Guztion Sanferminak egitasmoaren izenean. Hain zuzen, egitasmo hori aurkeztu dute gaur eguerdian. Argi mintzatu dira: «Azken sanferminak atzerapauso bat izan dira iruindarrentzat».

Zenbait eragilek Guztion Sanferminak egitasmoan bat egitea erabaki dute gertatutakoa salatu eta haien iritzia plazaratzeko. Aipatutako atzerapausoa «erabat planifikatua» izan dela uste dute: «Protokolo feministaren aurka jo, eta haren zilegitasuna zalantzan jarri dute; peñen irudia kakazten saiatu, eta ekitaldiak oztopatu dituzte; herri sanferminetako txosnak debekatu dituzte; kultur aniztasunaren aldeko elkarteei ez diete espaziorik utzi; harreman seguruen aldeko kanpainan ez dute parte hartu... Finean, kriminalizatu egin dute haien hiri ereduarekin bat egiten ez duen edozein herri adierazpen bat-bateko, zabal eta askotariko, eta jazarri egin zaizkio».

Oztopoak eta debekuak bakarrik ez dituzte salatu. «Isunak, mehatxuak, jazarpena eta atxiloketak ere izan dira, haien mundu grisaren defentsan». Egoera ikusirik, bat egitea erabaki dute: «2022ko sanferminetan kalteturiko eta jazarritako herri mugimenduko adierazpen eta indar guztiok bat egin, eta egoera salatzeko unea heldu dela uste dugu». Helburua babesa adieraztea eta salaketa egitea da, batik bat: «Guztion Sanferminak dinamika martxan jartzea erabaki dugu aniztasunaren eta zabaltasunaren aurkako eraso oro salatzeko, herri mugimenduko adierazpen eta egitasmoei babesa eta elkartasuna adierazteko, aurreko urteko festetan gertatutakoa ez errepikatzea exijitzeko eta Navarra Sumak inposatu nahi digun jai ereduaren gainetik bestelako Iruñea eta sanferminak aldarrikatzeko».

Ez dira soilik sanferminei buruz aritu. «Udala etengabe ari da herri mugimenduaren ekintzak debekatzen, eta horren aurka ere egitasmoak antolatu nahi ditugu», esan du Garciak. Oraingoz, eragileak elkartu, eta erantzun bateratua eman dute, baina ez diote aterik itxi 2023ko sanferminetan elkarlanean aritzeari. Sanferminetako mahaiaren lehenbiziko bilerari buruzgaldetuta, salatu dute «soilik» informazioa jasotzeko balio duela, eta ez eztabaidatzeko.

Gehiago batuko direla uste badute ere, hauek dira gaur agerraldia egin duten eragileak: Iruñeko Peñen Federazioa, Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataforma, kultur aniztasunaren aldeko eragileak, Herri Sanferminak eta Sare GIB/HIES laguntza elkartea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.