Euskaraldia

Euskararen erabilera sustatzen

RPK enpresa-talde kooperatiboak euskararen erabilera bultzatzen du. Euskaraldirako, zenbait arigune sortu ditu.

RPK enpresa-talde kooperatiboak Euskaraldiarekin bat egiten du. Irudian, Euskara Batzordeko kideak. RPK
2022ko azaroaren 29a
14:39
Entzun

Euskararekin harremanetan egon da betidanik RPK enpresa-talde kooperatiboa, euskararen erabilera bultzatzen. Euskara Batzordea sortua eta Euskara Plana martxan jarria dauka. Halaber, Euskaraldiarekin bat egiten du, eta hainbat arigune sortu ditu.

RPK enpresa-talde kooperatiboaren jarduera nagusia malgukien fabrikazioa da. 1974an sortu zen Gasteizen, 4 emakume eta 15 gizonen ekimenez. Gaur egun 750 pertsona inguru ditu lanean, Gasteizen, Tarragonan, Errioxan, Mexikon, Indian eta Txinan dituen lantegietan, eta, horrez gain, bi bulego komertzial ditu Alemanian eta Ameriketako Estatu Batuetan. Gasteizko lantegian ia 260 pertsona aritzen dira.

RPK-ko arduradunek azpimarratu dutenez, etengabe inbertitzen dute teknologian eta hedapenean. «Inbertsio horrek finantza-sendotasunez kokatzen gaitu merkatu aldakorren aurrean, diseinuko eta produkzioko bitartekoak bezeroaren gogobetetzearen eguneroko erronkara egokituz. Malgutasun horrek gaitasuna ematen digu gure plantetan, prototipoetan, prozesuetan eta makinetan azkar eta behar bezala erantzuteko». Bezeroekin lankidetzan aritzen da, «diseinutik produkzioraino, eta dena azken teknologiak aplikatuz».

Taldeak fabrikazio-prozesu ugari integratzearen aldeko apustua egin du, «gure bezeroen beharrei zerbitzu malgu eta eraginkor batekin erantzuteko, produktuaren kontzepziotik hasi eta baldintza ezin hobeetan entregatzeraino, hori guztia gure nazioko eta nazioarteko bezero garrantzitsuen bermearekin, automotriza eta elektrizitatea bezalako sektore lehiakorren barruan».

Aipagarria da RPK betidanik egon dela euskararekin harremanetan. Gasteizko lantegian Euskara Batzordea sortu baino lehen, lau alditan parte hartu du Korrikan, kilometro bat erosiz. Gainera, azken edizioan RPK barruan korrika pertsonala antolatu zuten: sekzio bakoitza herri bat izango balitz bezala, Korrikaren egun bakoitzean RPKk eginiko lekukoa sekzio batean egon zen. Langileek mezu bat sartu zuten barruan, euskarak RPKri zer ekarpen egiten dion nabarmenduz, eta azken egunean mezu guztiak denen artean irakurri zituzten.

Halaber, RPKk Euskaraldiko hiru edizioetan parte hartu du, langileek belarriprest eta ahobizi txapak erabili dituzte, eta txapa pertsonalizatuak ere egin izan dituzte RPKren logotipoa baliatuta.

Euskara Batzordea

2020an RPK taldean, enpresen foroaren eta Bai Euskarari elkartearen eskutik, Euskara Batzordea sortzen hastea pentsatu zuten. Horretarako, lehen pausoa, RPK eta euskararen inguruan diagnostiko bat egitea izan zen. «Langilee guztiei inkesta bat pasa genien eta datuak oso interesgarriak izan ziren. Erantzun zutenen artean %69ak ados zegoen Euskara Batzordearen alde».

Beraz, RPK martxan jarri zen eta Euskara Batzordea sortu zuen, lehen helburua Euskara Plana izanik. «Zoritxarrez COVID-19a heldu zen eta gelditu egin zen ibilbidea, baina 2022an berriz martxan jarri ginen eta Euskara Batzordea lanean dabil».

Zortzi pertsona aritzen dira Euskara Batzordean, Gasteizko egoitzan. RPK Vitoria-Gasteiz lantegiak euskararekin harreman estuagoa edukitzea du abiapuntu eta Hizkuntza Kudeaketa Hobetzeko Planarekin hasi da lanean. Plan horren etorkizuneko helburu orokorra da RPK Vitoria-Gasteiz lantegia gaztelania eta euskara normaltasunez erabiliko dituen planta eleaniztuna izatea da. Horretarako, 2022-2024ko plangintzaldirako helburu nagusiak lau hauek dira:

• Plana abiatzea, hori kudeatzeko egitura sortzea eta erakundean ezagutaraztea.

• Euskal hiztunen eta euskaltzaleen sarea osatzea.

• Euskara presente edo hitz egingo den guneak, espazioak eta funtzioak identifikatzea, sortzea eta sustatzea.

• Euskara gaitasuna sustatzea.

Horrez gain, beste egitasmo hauek ere aipagarriak dira:

• Webgunea «freskatu» nahi dute eta euskaraz egotea, euskarako txoko bat gehituta, eta bertan euskaraz idatzitako komunikazioak eta berriak jartzea, edota Euskara Batzordean hitz egindakoa.

• Giza baliabideen sailean euskaraz zuzentzeko aukera dute.

• Komunikazioak langileei euskaraz eta erdaraz bidaltzen dizkiete.

• Batzar nagusiak euskaraz ere egiten dira. Gainera, batzarra izan baino lehen bilerak egiten dira eta euskaraz egiteko aukera ere badago.

Aurten, Euskaraldia prestatzeko, Gasteizko lantegian QRak jarri dituzte, langileek erraztasunez parte hartzeko aukera izan dezaten. Horrela, langileek belarriprest ala ahobizi diren jarri dute, ondoren txapak banatu ahal izateko. 19 lagunek eman dute izena ahobizi izateko eta beste 31 lagun belarriprest dira.

Ariguneak

Halaber, Euskaraldirako, Gasteizko lantegian hainbat arigune sortu dituzte: kafe makina guztietan, jantokian mahai bat dago euskaraz hitz egingo duten pertsonentzako eta departamentu desberdinetako bulegoetan pertsonak izendatu dituzte.

Azkenik, 2024an Euskara Plana bukatzearekin batera, RPK taldeak 50 urte beteko ditu, «beraz, zerbait berezia prestatzea pentsatu dugu, euskararekin eta RPKrekin zerikusia duena».

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.rpk.es

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.