Qatarko Munduko Kopa

Hiru emakumek zuzenduko dute gaur Alemania-Costa Rica partida

Stephanie Frappart izango da epaile nagusia, eta Neuza Back eta Karen Diaz marrazainak. Lehen aldia da emakumezko batek gizonezkoen Munduko Kopako partida bat zuzentzen duela.

Stephanie Frappart epailea. JUANJO MARTIN / EFE
ainara arratibel gascon
2022ko abenduaren 1a
10:30
Entzun

Estreinakoz emakumezko epaile batek partida bat zuzenduko du gizonezkoen Munduko Txapelketa batean. Gaur izango da, eta epaile hori Stephanie Frappart frantziarra izango da. Frappartek E multzoko Costa-Rica Alemania neurketa zuzenduko du, 20:00etan. Gainera, harekin egongo diren marrazainak ere emakumezkoak izango dira: Neuza Back brasildarra eta Karen Diaz mexikarra. Orain arte laugarren epaile izan da Frappart Mexiko-Polonia eta Portugal-Ghana neurketetan.

Frappartek 38 ditu, eta 2011tik da epailea FIFAko partidetan. Ibilbide luzea osatutakoa da emakumezkoen futbolean. Besteak beste, 2018an 20 urtez azpikoen Munduko Kopako finala zuzendu zuen, eta, urtebete geroago, 2019 Munduko Kopakoa, AEBen eta Herbehereen artean. Hortik aurrera gizonezkoen partidak zuzentzen hasi zen, eta berdintasunaren bidean mugarriak ezartzen. Lehenbizi, UEFAk Europako Superkopako finala arbitratzeko izendatu zuen 2019an. Lverpoolek eta Chelseak jokatu zuten neurketa hura, eta gaur moduan bi emakumezko izan zituen hegaletan laguntzen: Manuela Nicosi turkiarra eta Michelle O'neal irlandarra. Ondoren lehena izan zen Txapeldunen Ligako partida bat zuzentzen, Juventus eta Dinamo Kieven artekoa.

Qatarko Munduko Kopan sei emakumezko epaile daude, inoiz baino gehiago. Horietako hiru epaile nagusiak dira: Frappart bera, Yoshimmi Yamashita japoniarra eta Salima Mukasanga ruandarra. Beste hirurak marrazainak dira: Back, Diaz eta AEBetako Kathryn Nessbit.

Txapelketa hasi aurretik egon zen zurrumurrua Frapparti emango ziotela inaugurazio partida. Baina azkenean Danele Orsatok zuzendu zuen Qatarren eta Herbehereen arteko neurketa, eta Frappartek multzoko faseen hirugarren jardunaldian lortu du beste kristalezko sabai bat apurtzea berdintasunaren bidean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.