Euskara

'Euskararen urtekaria', gaur, BERRIArekin

72 orrialdetan, euskararen inguruan 2022ak eman dituen albiste nagusiak jasoko ditu, zenbait erreportajeren, elkarrizketaren, iritzi artikuluren eta umorearen bidez.

Edu Lartzanguren.
2022ko abenduaren 1a
11:48
Entzun

Lehen aldiz, euskararen inguruko urtekari bat doan banatuko du gaur BERRIAk, papereko egunkariarekin, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira. 72 orrialdetan, aurten euskararen inguruan jasotako albiste nagusiak bilduko ditu urtekariak. Harpidedunek ohiko bideetatik jasoko dute.

Dosier berezi batekin hasiko da, hizkuntz eskakizunen ingurukoa. Izan ere, epaitegietatik hainbat eraso egin dituzte 2022an euskaldunen hizkuntz eskubideen aurka. Euskalgintzak horiei emaniko erantzuna azalduko dute erreportajean.

Kronologia baten bidez kontatu dute zer ekarri duten azken 12 hilabeteek, Euskararen nazioarteko Egunetik Euskararen nazioarteko Egunera. Gertaera nagusiak hilabetez hilabete zerrendatuko ditu, 2021eko abenduaren 3tik. Korrika izango da protagonista nagusietako bat, espero bezala. Baina espero ez zen beste bat batu zaio horri: zorioneko Irulegiko Eskua.

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeari eginiko elkarrizketa irakurri ahalko da. Horretan, euskararen erabileran «jauzia» egiteko baldintzak inoizko onenak direla uste duela adieraziko du.

Horrez gain, Mikel Arregi Euskarabidea erakundeko zuzendariak azalduko du euskarak Nafarroan segurtasun juridikoa «bermatuko duen lege bat» behar duela.

Eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoaren buru Antton Kurutxarrik azaldu ditu zelako mugak dituzten euskara bultzatzeko orduan.

Iritziak

«Euskal soziolinguistikaren esparruan zalantzan jartzen ari dira orain arte baliagarriak izan zaizkigun sailkapenak». Besteak beste, mezu hori irakurri ahalko zaio Asier Basurto Arruti Soziolinguistika Klusterreko ikerlariari, iritzi artikulu batean.

Horrez gain, Euskal Konfederazioko Sebastien Casteten iritzia jasoko du urtekariak, eta Euskaltzaleen Topaguneko Jasone Mendizabal Altunarena, eta Kontseiluko Paul Bilbao Sarriarena.

Lan mundua euskalduntzeko Amaia Balda Emuneko koordinatzaileak eta Aitziber Salaberria Elhuyarreko euskara planen arduradunak eginiko lana ezagutu ahalko da.

Adibide batzuk besterik ez dira. Beste hainbat elkarrizketa eta erreportaje biltzen ditu urtekariak. Orri arinagoak ere baditu, sakontasunari uko egin gabe: Zaldieroak eta Olariagak euskararen inguruan urtean eginiko komikiekin irribarre egiteko aukera egongo da. Esaterako, euskara «eskualdeko hizkuntza» baino, eurohizkuntza dela baieztatzeko argudio eztabaidaezinak emango dizkiote irakurleari, edozein parlamentu, mahai inguru, sare sozial edo tabernan erabiltzeko moduan.

Euskararen urtekaria, gaur eta doan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.