Hedabideak

Euskarazko hedabideak «bereziki babestu» behar direla esan du Eusko Legebiltzarrak

EAJren eta PSE-EEren ekinbidea onartu du ganberak. EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari galdegin dio molda dezala diru laguntzen agindua, eta baldintza berriak ezar ditzala tokiko eta euskarazko hedabideekin batera adostuta.

Euskarazko hedabideak babesteko eta sustatzeko elkartasun jai bat Artziniegan (Araba). JUANAN RUIZ/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko abenduaren 1a
16:27
Entzun

EH Bilduren ekimenez, Eusko Jaurlaritzak hedabideentzako sei miloi euroren diru laguntzen inguruan eztabaidatu dute gaur Eusko Legebiltzarrean. EH Bilduren izenean, Jasone Agirrek «gaztelaniazko komunikabide handiak» babestea leporatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta dei egin dio erabakitzeko zein den bere «apustu estrategikoa». Hala, eskatu dio hedabideei ezohiko diru laguntzak banatzean, aintzat har ditzala bereziki euskarazko hedabideak. Era berean, Jaurlaritzari galdegin dio aurtengo diru laguntzen aginduan beharrezkoak diren moldaketak egin ditzala eta baldintza berriak ezar ditzala tokiko eta euskarazko hedabideekin batera adostuta. Halaber, eskaerak aurkezteko ezohiko epe bat zabaltzeko eskatu dio.

EH Bilduren ekinbideak ez du babes nahikorik jaso, eta ez du aurrera egin. EAJk, PSE-EEk, PP+C’s-k eta Voxek aurka bozkatu dute, eta abstenitu egin da Elkarrekin Podemos-IU. Ekinbide horren ordez, EAJk eta PSE-EEk hitzartutako osoko zuzenketa bat onartu dute. Haren bitartez, legebiltzarrak adierazi du euskarazko hedabideak «bereziki» babestu behar direla, «euskal komunikazio ekosisteman daukaten garrantziagatik», eta herritarrek euskaraz informatzeko eskubidea bermatzen dutelako. Bestalde, Jaurlaritzari eskatu diote euskarako hedabideei «babesa» emateko, sektoreak dituen beharrizanetara egokitu daitezen, eta hedabideen sektoreak bizi duen egoerari «arreta» jartzeko diru laguntzak bideratzeko orduan.

Diru laguntzen banaketa, «zalantzazkoa»
Eusko Jaurlaritzak bost milioi euroko diru laguntza zuzenak banatu zituen iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan argitaratzen diren paperezko egunkari eta irratien artean, COVID-19 dela eta, egunkarien salmenten beherakadak eta irratien kasuan, publizitatearen jaitsierak eragindako kalteak arintzeko. Diru banaketa horretatik at geratu ziren, ordea, egunkari digitalak, aldizkari orokorrak zein espezializatuak, tokiko hedabideak eta herri telebistak. EH Bilduko legebiltzarkideak salatu du banaketa egiteko moduak berak «zalantza asko» sortu zituela maila juridikoan, baina batez ere «ezinegona» eta «kezka» eragin zuela bost milioi euroetatik euskal hedabideek %6,6 baino ez zutelako jaso, eta euskarazko komunikabide txikiak laguntzetatik at geratu zirelako. Aurtengo laguntzen aginduan zuzendu egin dira maila juridikoan izandako arazoak, baina, Agirrek ohartarazi duenez, «ez dirudi aurten banatuko diren sei milioi horien zati handirik helduko denik euskarazko komunikabideetara». Haren ustez, dekretuaren baldintzak moldatzen ez badira, iaz bezala, aurten ere diru banaketa horretatik kanpo geratuko dira euskarazko hedabideak, tokikoak, herri telebistak, eta hainbat egunkari digital zein aldizkariak.

Gustavo Angulo Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak azpimarratu du egungo diru laguntzen ereduak «trabak» jartzen dizkiela tokiko hedabideei. Gogoratu du pandemiaren krisiak kolpe handia eman ziela hedabideei, eta bost milioi euroko laguntzak komunikabide gutxi batzuen artean banatu zirela, kanpoan utzita hedabiderik txikienak. «Jaurlaritzaren politika motz geratu zen, eta hedabide handiei mesede egin zien», salatu du. Aurten berriro ere eredu bera errepikatu duela deitoratu du, «hedabide txikienak albo batera utzita eta irizpide kuantitaboak lehenetsita». Diru laguntzak banatzean irizpideak berrikusi behar direla adierazi du Angulok, «aniztasuna bermatuz» eta tokiko hedabideei ahotsa emanez. Euskara ere aintzat hartu beharko litzatekeela gaineratu du.

EH Bilduren jatorrizko ekinbidearekin bat egin du EP-IUk, baina diru laguntzak hedabide gehiagotara zabaldu asmoz zuzenketa aurkeztu du. Jaurlaritzaren dekretua «motz» geratzen denez, proposatu du mahai bat eratzea tokiko hedabideekin, eta bertan adostea diru laguntza eredu «egonkor eta orekatu bat», non euskarak laguntza horien banaketan kontuan hartu beharreko irizpideetako bat izan behar duen.

PSE-EEren izenean, Alberto Alonsok Eusko Jaurlaritzak komunikabideentzako diru laguntza ezberdinak aletu ditu, eta esan du administrazioak ez dituela alde batera utzi euskarazko hedabideak..

Garikoitz Mendizabal jeltzaleak, berriz, bere balioa eman die Jaurlaritzak eta beste erakundeek euskal komunikabideei ematen dizkien laguntzen irizpideari. Haren ustez, euskarazko ekosistema «sendo» bat dago, eta euskarazko komunikabideak ez daude «larru hutsik». Adierazi du «inoizko diru laguntzarik handienak» jasotzen ari direla euskarazko hedabideak, eta Eusko Jaurlaritza «sekulako ahalegina» egiten ari dela. «Eztabaida lokaztea» egotzi dio EH Bilduri, halaber.

PP+C’s alderdiaren izenean, Carmelo Barriok euskarazko hedabideentzako diru laguntzak kritikatu ditu. «Dirutza handia bideratzen zaie», salatu du. Barriok esan du diru laguntza horiek «diskriminatzaileak» direla beste enpresa pribatuekiko, eta euskarazko hedabideentzako laguntzek gainerako komunikabideak «baztertzen» dituztela. «Enpresa pribatuak diren heinean, egokitu daitezela gainerako hedabideentzako laguntzen baldintza berberetara», ohartarazi du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.