Iritsi da eski denboraldia

Larra-Belagua eta Arette eski estazioak bisitariak hartzeko prest egonen dira bihartik aurrera.

Larra-Belagua eski estazioa. LARRA-BELAGUA
Isabel Jaurena.
2022ko abenduaren 2a
10:28
Entzun

Urrun gelditu dira udako egun eguzkitsu eta beroak. Lekukoa hartu diete hotzak, euriak eta, leku aunitzetan, elurrak. Azken horrek poza eraginen die eski estazioetan neguko opor guztiak igarotzen dituztenei. Estazio batek baino gehiagok pistak irekiko ditu bihartik aurrera. Asteburuan eguraldia egonkorra izanen da, denboraldiari hasiera emateko tenperatura apartekin.

Larra-Belagua

Belaguan, Erronkarin (Nafarroa) kokatutako eski estazioa iraupen eskirako eta erraketekin ibilbideak egiteko prestatuta dago. Orotara eskiatzeko 24 kilometro baditu ere, hamahiru kilometro pasatxo ireki ditu oraingoz, zazpi pista, zehazki. Elur gogorreko pistak dira guztiak, hamar eta 50 zentimetro bitarte lodi direnak. Erraketekin egiteko 6,8 kilometroko ibilbidea ere prestatu dute. Hala ere, estazioak jakinarazi duenez, eguraldiaren arabera aldaketak egon daitezke.

Materiala alokatzeko zerbitzuak eta taberna irekita egonen dira. Gainera, aurtengo denboraldirako zenbait berrikuntza planteatu dituztela adierazi dute kudeatzaileek, hala nola gauez eskiatzea izarrak ikusi ahal izateko. Helduentzako egun osorako sarrerak 10 euro balio du, eta umeenak, berriz, 6 euro.

Arette - L.P.S. Martin

Okzitaniako Pirinioetan dago estazioa, Auñamendi eta Arlas mendien inguruan. Bihar irekiko da estazioa, eta berrikuntza andana dakartza: ilunabarrean zuziekin eskiatzea, elurra kentzeko makinetara igotzea mantentze lanak nola egiten diren ulertzeko, edota artzainen bordetan gelditzeko aukera.

Ostatuak, jatetxeak, garbiketa zerbitzua, kirol dendak eta bertzelako zerbitzuak eskuragarri egonen dira bisitariendako. Hasi berriendako sarrerak 23 euroko prezioa izanen du, eta orokorrak, 39 eurokoa.

Gourette

Gouretteko eski estazioa Pirinioetako zaharrena da, 1907tik dago martxan. Ikasten dauden horiek jarri ditu erdigunean estazioak, teleaulki berriak jarri dituzte, eta 17 euroko forfaita jarri dute, Pirinioetako merkeena. Aurreikusita zegoen bihar irekiko zela, baina estazioak bere webgunean jarritako ohar baten arabera, «ezinezkoa» izanen da aurreikuspen hori betetzea. Hala ere, ekitaldi kultural andana antolatu dituzte astebururako: Eguberrietako azoka, zinema emanaldiak edota antzerkiak, adibidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.