EOLIKOAK

Sañu bizirik eta Oletan ere ez taldeak «makrozentral eolikoak» jartzearen aurka agertu dira

Adierazi dute proiektu horietan oinarritutako eredua ez dela «bideragarria», eta Statkraft enpresari buruz esan dute «gezurra eta zikina» baino ez darabiltela enpresa horietako ordezkariek

Sañu bizirik eta Oletan ere ez taldeek gaur goizean egindako agerraldia. BERRIA
2022ko abenduaren 3a
15:54
Entzun

«Klima larrialdiari aurre egiteko trantsizio energetikoa ezinbestekoa da. Baina mendietan makrozentral eolikoak jartzea ez da irtenbidea, amildegira garamatzan lehengo bidean azeleragailua zapaltzea besterik ez da». Azkoitia, Errezil, Zestoa eta Azpeitiko bizilagunak batzen dituzten Sañu bizirik eta Oletan ere ez taldeetako kideek egin dituzte adierazpen horiek, Azpeitian eman duten prentsaurreko batean.

Gehitu dute makroproiektuetan oinarritutako eredua ez dela «bideragarria», ezta «bidezkoa» ere. Horrez gain, ohartarazi dute Sañu eta Oletaz gain, beste hainbat eremuri ere eragingo dietela makroproiektu horiek: «Mendigune gehiago ere badituzte begiz jota Gipuzkoan». Besteak beste, Zestoa, Azpeitia, Azkoitia, Errezil, Urretxu, Zumarraga, Itsasondo, Soraluze, Elgoibar, Bergara, Zizurkil, Usurbil, Antzuola, Eskoriatza eta Bergara zerrendatu dituzte.

Hala ere, adierazi dute «energia berriztagarrien alde» daudela eta, beraz, «baita energia eolikoaren alde ere», baina ez «orain arteko etengabeko hazkundearen eskema erreproduzitzen duen eredua berdez mozorrotzearen alde»: «Hitzez desazkundea eta jasangarritasuna aipatzea baina ekintzez makrozentralen aldeko jarrera izatea ez da koherentea». Azpeitian eta Aramaion errotak jartzeko proposamena egin duen Statkraft enpresari buruz ere mintzatu dira, eta esan dute «gezurra eta zikina» baino ez darabiltela enpresa horietako ordezkariek.

Horrez gain, adierazi dute Sañu inguruko proiektuak Gipuzkoako argindar kontsumoaren %1ari baino ez diola erantzungo, eta, Oletakoak, berriz, Azkoitiko kontsumoaren %6ari baino ez. Horren ordez, adierazi dute «energia plan orokor eta integral baten beharra» dagoela. «Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektorialik gabe, nola lezakete udalek zentralak eraikitzeko aukera begi onez ikustea?», galdetu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.