Qatarko Munduko Kopa

Frantzia eta Ingalaterra, final-laurdenetara

Mbapperen bi golekin, Frantzia nagusitasunez gailendu zaio Poloniari (3-1). Ingalaterrak ere aise hartu du mendean Senegal (3-0).

Kilian Mbappe, gaur sartu duen bi goletako bat ospatzen. GEORGI LICOVSKI / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko abenduaren 4a
18:31
Entzun

Aurrera egin dute eguneko bi faboritoek. Oraingoz, ez da ezustekorik izan Qatarko Munduko Kopako final-zortzirenetan: Herbehereek, Argentinak, Frantziak eta Ingalaterrak egin dute aurrera. Azken biek nagusitasunez irabazi diete gaur Poloniari (3-1) eta Senegali, eta elkarren aurka arituko dira.

Frantzia 3-1 Polonia

Gaitasun ikaragarria du Frantziako selekzioak. Beldurra sortzeko moduko jokalariak ditu aurrealdean, eta beste behin erakutsi du hori gaur. Ez da alferrik egungo txapelduna. Didier Deschampsen mutilek Munduko Kopatik kanpo utzi dute Robert Lewandowskiren Polonia (3-1), Olivier Girouden gol bati eta Kilian Mbapperen biri esker, eta Ingalaterraren edo Senegalen aurka jokatuko dute final-laurdenetan.

Gaurko golari esker, Giroud Frantziako selekzioko golegile historiko onena bihurtu da, 52 golekin. Thierry Henry bera gainditu du (51); ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Etorkizunean, ordea, litekeena da Mbappek marka horiek haustea: PSGkoak bost gol daramatza Qatarko Munduko Kopan, eta txapelketako golegile nagusia da. Selekzioarekin 24 gol sartu ditu, 24 urte betetzear dela.

Norgehiagokari dagokionez, Frantzia lehen minututik hasi da nagusitasuna erakusten. Atzean sartu da Polonia, nahiz eta baloia ez zuenean goian presionatu dituen urdinak. Baloiarekin, ordea, ezer gutxi egiten zuten poloniarrek. Lan mordoa izan du Szczesny atezainak; besteak beste, Dembeleren eta Tchouameniren jaurtiketei erantzuteko.

Minutuak aurrera egin ahala, ordea, berdindu egin da partida; Lewandowskik eman du lehen abisua area kanpotik, eta, 37. minutuan, Poloniak izan du lehen zatiko aukerarik argiena: Zielinskik indartsu errematatu penalti puntutik, baina ondo erantzun dio Llorisek, eta bigarren errematea Frantziako defentsak atera du atepetik.

Oraindik sustoa gainditu gabe zutenean, Giroud izan da barkatu ez duena: Mbapperen pase eder bat baliatu du baloia sareetara bidaltzeko. Atsedenaldia heltzear zen, eta Milaneko aurrelariaren golak hotz utzi ditu poloniarrak.

Bigarren zatian, atzerapauso bat egin du Frantziak, horrela, kontraerasoak baliatzen saiatzeko. Eta ondo irten zaio jokaldia: Mbappek bi aldiz birrindu du Szczesnyren ateko sarea, bi jaurtiketa gogoangarrirekin, 74. eta 91. minutuetan. Lewandowskik azken minutuan sartu du, penaltiz, ohorearen gola. Aurkariaren zain geratu da txapelduna.

Ingalaterra 3-0 Senegal

Antzeko gidoia izan du eguneko bigarren partidak. Senegalek lehen zati ederra jokatu du, baina azken minutuetan duten kalitatea erakutsi dute Ingalaterrako jokalariek, eta neurketa erabakita utzi duten bi gol sartu dituzte atsedenaldiaren aurretik. Jokaldi azkarretan elkarrekin konbinatzeko sekulako gaitasuna dute Gareth Southgaten mutilek.

Aurretik, ordea, larri ibili dira ingelesak. Eurek izan dute baloiaren jabetza, baina, kontraerasoei eta presioari esker, Senegal izan da arrisku gehien sortu duen taldea. 23. minutuan, Diak aukera bikaina izan du area barruan; Stonesek eskuarekin desbideratu du baloia, baina epaileari ez zaio penaltia adierazteko modukoa iruditu. 31.ean, berriz, Sarrek erremate indartsua egin du, baina esku bikaina atera du Pickfordek baloia desbideratzeko. Suarekin jolasten ari zen Ingalaterra.

Kalitatea, ordea, soberan dute three lions-ek. Harry Kanek baloi bat jaso du, Bellinghami utzi dio, hark jokaldia egin du hegaletik, eta Hendersoni pasatu dio, Liverpooleko jokalariak baloia sareetara bidaltzeko. Gol bikaina. 46. minutuan, beste maisulan bat: kontraeraso bat zoragarri jokatu dute Bellighamek eta Fodenek, eta bakarrik utzi dute Kane Mendyren parean. Tottenhameko killer-ak ez du barkatu, eta bere lehen gola sartu du Munduko Kopan.

Bigarren zatia hasi eta gutxira, neurketa erabakita utzi du Sakak, Fodenen jokaldi bikain bat baliatuta. 58. minutua zen. Hortik amaierara arte, kontatzeko ezer gutxi izan du partidak. Ingelesek aurkari puska izango dute parean final-laurdenetan: itxura bikaina ematen ari den Mbapperen Frantzia, egungo txapelduna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.