Irrati libreak

Eguzki irratiak salatu du lege berriak ez diela lizentziarik bermatzen irrati komunitarioei

Hala ere, Iruñeko Eguzki irrati libreak lizentzia eskaera egingo du. Irratiak uste du badaudela nahikoa arrazoi lege berriaz ez fidatzeko.

Eguzki irratia. JAOBA MANTEROLA / FOKU
urtzi urkizu
2022ko abenduaren 5a
14:02
Entzun

Litekeena da Espainiako Ikus-entzunezko Lege Orokor berriaren hirugarren xedapen gehigarriak aukera ematea Hego Euskal Herriko zenbait irrati libre eta komunitariori legezko frekuentziak eskuratzeko, baina baldintza batzuk ezarri ditu Madrilek, eta ez dago argi zein irratik lortu ahalko duten frekuentzia. Iruñeko Eguzki irrati libreak salatu du lege berriak oraindik ere ez duela bermatzen irrati komunitarioek lizentziak eskuratzea. «Irrati komunitarioentzat, espazio edo irrati maiztasunaren eremua erreserbatzearen aukera estatuaren mende dago, eta orain arte ez du hori inoiz egin», dio Eguzkik agiri batean.
Nafarroako irrati librea da Eguzki, 40 urte daramatza martxan, baina ez du orain arte legezko frekuentziarik izan. Gogoratu duenez, uztailaren 7an indarrean jarri zen lege berriak ezartzen du interferentziarik sortu gabe bost urtez jarraian etenik gabe funtzionatu duela egiaztatu dezaketen irrati libre eta komunitarioek «titulu gaitzaile» bat eskatzeko aukera izango dutela, «irrati maiztasunaren eskuragarritasunaren arabera».

Eguzki irratiak gogorarazi du, era berean, Europako beste herrialde batzuetan ez bezala, Espainiak ez duela inoiz irrati komunitarioak arautzeko modurik eskaini. «1970eko hamarkadatik irrati libreak martxan egon arren, 2010era arte ez zen aitortu —aurreko legearekin— irrati libreak bazirela. Hala ere, aitorpen hori egin arren, ez da irrati libreentzako baimenik eman estatuan, ezta horientzako irrati maiztasun eremuan erreserbarik ere».

Horrenbestez, Iruñeko irrati elebiduna oso kritiko agertu da egungo egoerarekin: «Eguzki irratiak oraindik ere jasaten du adierazpen askatasunerako eskubidea urratzen duen diskriminazioa. Pertsona guztiek izan beharko luketen informazioa eman eta jasotzeko eskubidea urratuta dago oraindik».

Eguzki irratiak nabarmendu du urte asko daramatzala egoera baldintza tekniko «duinetan» erregulatzeko aukera eskatzen. «Eta administrazio guztiek, estatukoak edo autonomikoak izan, ez diote inolako irtenbiderik eman gure egoerari». Nafarroako Gobernuak irrati komunitarioentzako lizentzia bat lortzeko deialdia atera zuen 2017an, baina azkenean lehiaketarako deia desegin zuen. «Horrek frogatzen du arazoari irtenbide bat emateko borondate politikorik eza».

Eguzki irrati libreak, hala ere, lizentzia eskaera egingo du. «Gutxienez, gaur egun ematen ditugun baldintza teknikoak bermatzeko eskatuko dugu». Eguzkik ez ditu onartuko irrati komunitarioak baztertu nahi dituzten «baldintza diskriminatzaileak». Irratiak uste du badaudela nahikoa arrazoi lege berriaz ez fidatzeko. «Aurreko legearekin bezala, baliteke paper errean geratzea dena, ez baita irrati komunitarioentzat eremu propiorik gordetzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.