Euskalgintza

Adostasunak eta «letra larriko politika» aldarrikatu ditu Eskisabelek, Kontseiluaren lema hartuta

Euskararen biziberritzea «justiziari eta kohesio sozialari muin-muinean» lotutako auzia dela defendatu du idazkari nagusiak, eta balio horiekin bat egiten duten guztiekin adostasunak bilatuko dituela aurreratu. Tresna berriak behar dituzte euskaldunek, haren arabera, «bizitza bizigarriak izango badituzte».

Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusia eta Paul Bibao karguan haren aurrekoa, atzean Kontseiluko eragileetako ordezkarik dituztela, gaur, Durangon (Bizkaia). MARISOL RAMIREZ / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko abenduaren 6a
14:21
Entzun

«Euskaltzaleok, gure kezka eta beldurrek eraginda, gure burua babesteko xedez, askotan aipatu eta bultzatu dugun ideia da euskarak politikatik at behar duela. Nago ideia hori itzulikatu behar dugula, eta esan euskarak zerbait behar badu, politika dela, baina letra larriz idatzitako politika, desberdintasunen gainetik interes orokorra, euskararen biziberritzea, jarriko duen begirada zabaleko eta goi arnasdun politika». Hala amaitu du Idurre Eskisabelek Euskalgintzaren Kontseiluaren idazkari nagusi karguan egin duen lehen hitzartzea, Kontseiluaren 25. urteurreneko ekitaldian egindakoa, Durangon.

Euskalgintzak eta haren bilgune den Kontseiluak Eskisabelen eskutik zein oinarri izango dituzten agerian utzi dute haren hitzek. Hiru «zutoin» aipatu ditu: adostasun soziala, ezagutzaren unibertsalitzazioa eta erabilerarako eremu erosoak sortzea. Adostasunean «sakontzea» helburu izango duela nabarmendu du; bai euskalgintzako eragile eta norbanakoekin, baina baita «beren burua euskalgintzatik eta euskaratik aparte xamar ikusten duten arren justizia eta kohesio soziala helburu dituzten eragile eta norbanakoekin» ere. Hain zuzen, hizkuntzen auzia eta euskararen biziberritzea «justiziari eta kohesio sozialari muin-muinean lotzen zaizkion» auziak direla defendatu du.

Kontseilua osatzen duten eragileetako kideen, ordezkari instituzionalen eta gizarte eragileetako dozenaka lagunen babespean hartu du Kontseiluko gidaritza Eskisabelek, eta, hain justu, publikoan zeudenetako asko bana zitezkeen euskalgintzak eta Kontseiluak duela 25 urtetik gaurdaino izan dituen aro desberdinetan. Eskisabelek ere egin dio keinu «ziklo aldaketari». Eskertzatik, batetik, eta bereziki nabarmenduta «gure etxeko genealogia euskaltzalea»: «Euskara ur putzu sakon eta ilun bat besterik ez zen garai haietan, orduan ere ez zuelako etsi. Eta ahal zuen bezala eta ahal zuen guztietan atera zuelako handik ur gazi bat, tanta bat, eta eskura eman zigulako. Hain zuzen ere, beste milaka etxetan bezala, eguneroko ekin tematsuz, euskararentzako itsaso bat osatu arte».

Aipamen berezia egin dio gaur arte orain bera dagoen karguan izan den Paul Bilbaori ere. Hainbat «enbatatan» lemari eutsi ez ezik, «itsaso berriak non zeuden sumatzeko gai» ere izan da Bilbao, Eskisabelen esanetan, baita Kontseilua noranzko horietan jartzeko ere. Bestetik, aipatu du euskalgintzako kdieak aspalditik ari direla «aro berri baten iragarpenean», harik eta euren buruak «biribilgune batean bueltaka», «gurpil zoroan» irudikatzeraino. Edozein kasutan, egon badago aro berri baten premia, Eskisabelen ustez. «Munduaren aldaketa abiadura inoiz ez bezala azeleratu da azken bi hamarkadetan, eta euskarak iraungo badu eta euskaraz garen jendeok bizitza bizigarririk izango badugu, orain arteko tresna, apareju eta nabigazio kartak jada ez zaizkigu baliagarri», ohartarazi du. Aro berriak, baina, mugarri finkoek baino gehiago dute «jario etenik gabeko lan isilarekin», haren arabera, eta horretan hasia da euskalgintza.

«Enbatak», baina, ez dira nolanahikoak, gogorarazi duenez, eta horietako zenbait zerrendatu ditu; hala nola, euskarak ez duela estatus ofizialik bere lurraldearen zati handi batean, eta duen lekuetan «Espainiako botere judizialaren forman» iritsi dela euskaldunen kontrako «oldarraldia». Digitalizazioaren eta merkantilizazioaren ondorioz hizkuntzekiko harremana aldatzen ari dela ere azaldu du, eta horrek kaltetu egiten dituela «gutxiagotasun egoeran» dauden hizkuntzak, hegemonikoen mesedetan. Hizkuntza gutxituen alde egitea «hautu» bat dela akordarazi du, eta hautu hori egiteko behar dela «motibo» bat: «Hizkuntza horiek funtzionalitatea behar dute, baina, funtzionalitatea ez ezik, balio sinboliko handi bat ere bai. Balio hoiriek ez dira berez eta kasualitatez sortzen, baizik eta landu, eratu eta sustatu egiten dira».

Bilbaoren azken eskaerak

Eskisabelen lehen hitzak izan ziren kargu berrian, baina, aurretik, Bilbaok bere azkenak egin ditu kargu berean. Kontseiluaren eskertza gisa oroigarri bat jaso du eta dantza ere egin diote, eta, hala, hunkituta hartu du hitza. Hark ere omendu ditu hiru lagun, Kontseiluaren ibilbidean kide izandakoak: Joan Mari Torrealdai, Joxe Mari Auzmendi eta Isidro Ioldi. «Zaudeten lekuan zaudetela, jakin Kontseiluak bizirik jarraitzen duela».

Kontseiluan egindako azken hamabi urteak, idazkari nagusi moduan egindakoak, «intentsitate handikoak» izan direla aitortu du Bilbaok, baina gaineratu euskararen berreskurapen prozesuak behar duela «intentsitatea». Baita prozesu hori «azkartzea» ere: «Beharrezkoa da azeleragailua zapaltzea». Zentzu horretan, Kontseilua «ongi posizionatuta» ikusten du.

Bestalde, kargua hartu zuenean egindako eskariei erreferentzia egin die; euskalgintzari egindakoei, batetik; eragile sozialei luzatutakoei, bestetik; eta eragile politiko eta instituzionalei zuzendutakoei, bestetik. Ordukoetatik abiatuta, berritu egin ditu eskeak. Euskalgintzari eskatu dio jarraitzeko sinesten «indar metaketan»: «Gure arteko loturak zenbat eta trinkoagoa eta sendoagoak izan, are gehiago eragingo dugula barneratu behar dugu». Eragile sozialei, berriz, euren jarrera eskertu die: «Etxeko lanak bete dituzue. Orduan eskatzen genizuen urrats bat aurrera egiteko, eta halaxe ari gara, aliantza berriak eraikitzen. Hortaz, jarraitu horrela». Interpelazio zuzenena, beraz, eragile politiko eta instituzionalei egin die. Eurekiko harremanak hobetu direla aitortu du, baina eskatu die erreparatzeko Kontseilua eragile sozialekin egiten ari den bideari: «Hori balekoa izango zaizue, benetan, jauzia egiteko. Eta berandu baino lehen, zuek ere lotu adostasunetara».

Eskaera orokorrago bat ere egin die denei: «Oldarraldi judizialari» elkarrekin erantzutekoa. «Aldarrika dezagun badagokigula hizkuntza politika inolako esku hartzerik gabe egiteko eskubidea», defendatu du.

Kontseiluaren lehen idazkari nagusi Xabier Mendigurenek ere hartu du parte ekitaldian. Euskalgintzako eragileen bilgunearen lehen urteak gogora ekarri, eta Kontseiluak euskararen normalizazioaren aldeko lana bateratzen egindako ekarpena goratu du. «Trinkotze» bat ekarri zuen, haren arabera:»Talde txiki asko elkartu egin ziren, zeregin txiki asko metatu egin zen, eta horrek indarra segurtasuna ematen zigun aurrera egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.