Qatarko Munduko Kopa

Marokoarren zoramena Espainia kanporatu ostean

Euskal Herriko hainbat txokotan gogotik ospatu dute garaipena hemen bizi diren marokoarrek. Penaltietan lortu dute final-laurdenetarako sailkapena.

Marokoko  zelak garaipena ospatzen Bilbon.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko abenduaren 6a
22:04
Entzun

Marokok penaltian hartu du mendean Espainia, Qatarko Munduko Kopako final-zortzirenetan. Neurketa oso parekatua izan da hasieratik, eta 120 minutuan ez dute golik sartzea lortu. Penaltietan, Unai Simon Athleticeko atezainak jaurtiketa bat gelditu du, baina Espainiak jaurti dituen hirurak huts egin ditu. Euskal Herrian bizi diren milaka marokoarrek gogotik ospatu dute selekzioaren garaipena, eta kaleak bete dituzte; besteak beste, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean.

Maroko talentu handiko taldea izan da beti, baina ez da inoiz nabarmendu talde gisa jokatzeagatik. Hori, ordea, erabat aldatu da Walid Regraguirekin. Abuztuan iritsi zen Marokoko selekziora, aurreko entrenatzaileak zenbait jokalarirekin liskarrak izan ostean, eta lau hilabete nahikoa izan ditu taldeari zorroztasun taktikoa emateko. Gol bakarra jaso du lau partidatan, eta talde osoaren lan bikainari esker iritsi da final-laurdenetara.

Hasieratik espero zen partida ikusi da Education City estadioan. Espainiak Marokoren zelaian jokatu du, baina, pase ugari eman arren, nekez hurbildu da Bonoren ate ingurura. Regraguiren taldea oso sendo aritu da defentsako lanean. Hiru lerroak elkarrengandik oso gertu izan ditu une oro Marokok, eta asko zaildu dio Espainiari hain berea duen lerro arteko jokoa.

Espainiak pase ugari eman ditu lehen lerroan, baina arriskuren bat hartu duen bakoitzean baloia lapurtu dio Marokok. Kontraerasoan eta baloi geldian egin dute min gehien afrikarrek. Presioaren ostean, ziztu bizian atera dira, eta Sofiane Boufal eta Hakim Ziyech hegaleko jokalariek arriskua eraman dute Unai Simonen areara. Nayef Aguerdek izan du lehen zatiko aukerarik garbiena, baina geldikako jokaldian buruz egindako errematea kanpora joan zaio.

Espainiarrak arriskutsuagoak izan dira baloirik gabe presioa egitekoan. Marokoko atzelariek baloi arriskutsu batzuk galdu dituzte area inguruan, eta horrela izan du Espainiak min egiteko aukera. Hori ikusita, area inguruan arriskurik ez hartzeko agindua eman du Regraguik atsedenaldian, eta Espainia presioa egiteko aukerarik gabe utzi zuen. Hala ere, partidaren norabidea ez da gehiegi aldatu. Espainiak paseak ematen jarraitu du, baina zirrikiturik topatu gabe. Irabazteko grina baino, galtzearen beldurra nagusitu da zelaian, eta Luis Enrique zuhaitza astintzen saiatu bada ere, ez da gol aukera garbirik iritsi.

Hala iritsi dira bi taldeak luzapenera, baina nekez aldatu behar ziren gauzak. Marokok ez du baloia ikusi ere egin nahi izan, eta Espainiak, berriz, ez du afrikarren harresia eraistea lortu. Azken minutuan, ordea, gertu izan du garaipenaren gola. Pablo Sarabiak ederki errematatu du Rodri Hernandezen erdiraketa, baina zutoinera bidali du baloia.

Luis Enriquek esana zuen penaltiak ez direla «loteria», eta argi gelditu da. Bonok hiru jaurtiketak gelditu ditu, eta final-laurdenetara sailkatu ditu Atlaseko lehoiak, lehen aldiz.

Munduko Koparen historian Afrikako hiru selekzio soilik sailkatu dira final-laurdenetara: Kamerun, Senegal eta Ghana. Orain Maroko batu da zerrendara, baina ez du lan makala izango, inoiz ez baita Afrikako talderik sailkatu finalerdiak jokatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.