Durangoko Azoka

Euskal Herri barruko zein nazioarteko begirada dakar aurten BERRIAk

Euskal Herriko zein Kurdistango historia dakartza BERRIAk, baita Txakur Gorriaren hausnarketak ere.

Maria Ortega Zubiate
2022ko abenduaren 7a
10:13
Entzun

Barrurako eta kanporako begirada, biak dakartza aurten BERRIAk. BERRIA egunkariak bere tokia izango du Durangoko Azokan, urtero duen moduan; aurten, Goienkaleko 38-39 erakusmahaietan. Bere urteko uzta eskuragai izango da horietan. Urteroko produktuez gain —agenda eta egutegia, alegia—, beste hiru produktu berri ere izango dira salgai: batetik, Kurdistango historia eta egungo egoera aztertu eta landu ditu Urtzi Urrutikoetxea kazetariak liburu batean; bestetik, gaur egungo Amaiurretik abiatuta, hango biztanleen begiradatik eraikitako haurrentzako ipuina ondutako liburua, Amaia Elizagoien Varela idazlearen eta Begoña Durruty Sukilbide ilustratzailearen eskutik; eta, azkenik, barrura begirako gogoetak plazaratu dituzte Txakur Gorria kolektiboko lau emakumezko kideek, denborari buruzko gogoetetan.

Kurdistan. Argi bat Ekialde Hurbilean du izena Urtzi Urrutikoetxea kazetariak ondu duen lanak. Aleka bildumaren parte da, BERRIAk Elkar argitaletxearekin eta Jakin Fundazioarekin elkarlanean sortzen duena. Urrutikoetxeak, herrialde askoan ibilia, Kurdistanen erradiografia zehatza egin du liburuan: historia eta egungo egoera, bere leku geoestrategikoa eta han sortutako gatazkak aztertu ditu. Kazetariak, egun AEBetan, ez du aurkezpenik lotu azokan.

Bestera izango da beste bi liburuen kasuan, biek izango baitituzte ekintzak azokako egitarauaren barruan. Amaiur liburuak ostiralean ipuin kontaketa musikatua izango du, arratsaldeko bostetan, Saguganbaran. Bertan izango dira bi idazleak, Elizagoien eta Durruty, eta baita Irati Celestino musikaria eta Irati Azkue BERRIAko ordezkaria ere. Ipuinaren aurkezpena eta kontaketa egingo dute. Aurkezpenaren ostean, bi sortzaileek liburuak sinatuko dituzte BERRIAren erakusmahaian, 18:15etik 18:45era.

Txakur Gorriaren Denboraz obrak ere izango du bere aurkezpena: hilaren 11n, 13:30ean, Ahotsenean. Ane Labaka, Nerea Ibarzabal, Malen Amenabar eta Mariñe Arbeo taldeko lau kideak egongo dira obraren inguruan luze eta zabal berbetan. Izan ere, hats luzeko liburua da aurten laukoteak aurkeztu duena, BERRIAko Bi tarte atalean bi urtez idatzi dituzten artikuluek eta irudiek bultzatuta egin baitute liburua. Bertan, aurretik sortutako testu eta irudi horietatik abiatuta, testu zaharragoak eta berriagoak josi dituzte, eta irudi berriekin atondu.

Urteroko produktuak

Aurten ere, agendak eta egutegiak kaleratuko ditu BERRIAk. Idoia Beratarbide da aurtengo egutegiaren eta agenden diseinatzailea. Haren diseinuetan asteko eta eguneko ikuspegia egongo da aukeragai. Bestalde, BERRIAk diseinatutako agenda beltza ere egongo da, asteko ikuspegiarekin.

BERRIAk aukera aprobetxatu nahi izan du, eta, produktuak saltzeaz gain, harpidetzetan eskaintzak egingo ditu. Hilaren 20ra arte BERRIAlagun egiteko pausoa emateko eskaintza bat jarri du martxan egunkariak: BERRIAlagun sei hilabetez izateko aukera, 50 euroan, eta BERRIAren 2023ko agendetako bat opari. Proiektua babesteaz gain, eskaintza baliatzen dutenek hainbat abantaila izango dituzte. Azokako erakusmahaian bertan izango da aukera eskaintza baliatzeko, BERRIAlagunen webgunean (Berria.eus/berrialaguna) edo BERRIAren telefonora deituta (943-30 43 45).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.