Futbola

Euskal selekzioak partida bat jokatuko du abenduaren 20an, Txileren aurka

Mendizorrotzan jokatuko da partida, 19:00etan, eta Juanjo Arregi izango da selekzioaren hautatzaile berria. Irene Paredes, Maite Oroz, Nahikari Garcia eta Damaris Egurrola ezingo dira bertan egon, euren taldeekin Txapeldunen Ligako partidak dituztelako.

ainara arratibel gascon
2022ko abenduaren 7a
12:55
Entzun

Euskal selekzioak izango du partida Gabonetan. Txileren aurka jokatuko du. Mendizorrotzan. Abenduaren 20an izango da, 19:00etan. Aulkian aldaketa izango da. Izan ere, orain arteko hautatzaile IƱigo Juaristiren ordez, Juanjo Arregi arituko da taldea zuzentzen. Juaristik Alaveseko entrenatzaile kargua hartu zuen duela aste batzuk, eta horregatik izan da aldaketa. "Ilusio handia dugu partida honekin, eta euskal gizarteak ere hala izatea espero dugu", adierazi du Javier Landeta presidenteak. Eta hau erantsi du: "Beti esan izan dugu hiru baldintza bete behar direla euskal selekzioaren partida bat antolatzeko: Lehen Mailako zelai batean jokatzea, selekzio handi baten aurka izatea eta jokalari multzo onena bildu ahal izatea. Hirurak betetzen dira kasu honetan".

Euskal selekzioak iazko apirilean jokatu zuen azken neurketa. Basque Country International Football Cup hiruko txapelketan izan zen. Zubietan jokatu zen txapelketa, eta, euskal selekzioarekin batera, Argentinak eta Venezuelak jokatu zuten. Euskal selekzioarentzat izan zen txapela. Venezuelaren aurka 0-0 berdindu ostean, Argentinari 1-0 irabazi zioten, eta garaipen hori erabakigarria izan zen txapelketa lortzeko. Yulema Corres Athleticeko jokalariak sartu zuen gola.

Oraingo honetan, Txileren aurka neurtuko dituzte indarrak. Gora ari den selekzio bat da. Orain arte jokatutako Amerika kopa guztietan izan da, eta bi aldiz izan da txapeldunorde: 1991n eta 2018an. Aurten jokatutakoan, bosgarren postuan amaitu zuen. 2018an bigarren geratu izanak aukera eman zion 2019ko Munduko Kopan parte hartzeko. Estreinakoa izan zuen txapelketan. Ez zuen zorterik izan, multzoen fasean oso aurkari gogorrak izan baitzituen: AEBak, Suedia eta Thailandia. Dena den, lan ona egin zuten. Suediaren kontra 2-0 galdu zuten, eta AEBen kontra, 3-0. Thailandiaren aurka, berriz, 2-0 gailendu zen. Baina ez zen nahikoa izan. Multzoko hirugarren geratu ziren, eta kanporatuak izan ziren. Iazko Tokioko Olinpiar Jokoetan ere parte hartu zuten. Orduan ere, multzoen fasean kanporatu zituzten. Jokatutako hiru partidak galdu zituzten: Ingalaterraren kontra 2-0, Kanadaren kontra 2-1, eta Japoniaren kontra 1-0. Christiane Endler atezaina da haien jokalari ezagunena. PSGn distira egin ostean, egun haren aurkari zuzenean jokatzen du: Lyonen. Bigarren denboraldia du han, eta iaz Txapeldunen Liga eta Frantziako Liga irabazi zituen.

Arregik datozen egunetan emango du deialdia. Baina ziurra da Irene Paredes (Bartzelona), Maite Oroz, Nahikari Garcia (Real Madril) eta Damaris Egurrola (Lyon) ez direla bertan izango. Izan ere, aste horretan Txapeldunen Ligako partidak dituzte euren taldeekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.