Memoria

Foro Sozial Iraunkorra: «Egia ezagutzea funtsezkoa da biktimen erreparaziorako»

Egia jakitea «eragozten duten mugak gainditzeko» ekimenak bultzatu behar ditu gizarte zibilak, Bake prozesua indartzeko Foro Sozialaren arabera.

'Egia Ez Da Preskribatzen' jardunaldiak ezagutarazteko agerraldia. OSKAR MATXIN / FOKU
xabier martin
2022ko abenduaren 8a
11:16
Entzun

Egiaren Batzordearen inguruan aurten nazioartean izandako esperientziak aztertu ditu Foro Sozial Iraunkorrak, besteak beste Kolonbiakoak, eta azaroaren 23an eta 24an, Donostian eta Iruñean egindako jardunaldietan horiei buruz sakondu du. Nazioarteko esperientzia horiek 12/2016 Legearen Balorazio Batzordearen esperientziarekin eta Euskal Herrian erabilitako egia bilatzeko beste tresna batzuekin gurutzatu ditu Foro Sozialak, eta ondorio argiak atera ditu: «Egiarako eskubidea oinarrizko giza eskubidea da eta ez da preskribatzen».

Tesi horretatik abiatuta, abenduaren 10aren bezperan, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren atarian alegia, hausnarketa nagusi bat gizarteratu nahi du Foro Sozialak: «Egia ezagutzeko eskubidea funtsezko osagaia da giza eskubideen urraketen biktimei erreparazioa emateko». Foroak dio «nazioarteko estandar bat» dela, eta azpimarratu du «adostasun sozial, instituzional eta politiko bat» dagoela horren inguruan, «Eusko legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan behin baino gehiagotan ikusi den bezala». Foro Sozialak plazaratu duen txostenak gogoratzen du indarkeria gertaeren inguruko egia ezagutzea «ETAren nahiz Estatuaren biktimen oinarrizko eskaera bat» den arren, «zailtasun handiak» daudela horretarako.

Foro Sozialaren arabera, biktima guztien ikuspegitik, «edozein dela ere haien giza eskubideen urratzailea»,, egia partekatzea, bilatzea eta aitortzea «duindu» egiten ditu, eta «urrats bat izan daiteke haien bizitzak berreraikitzeko». Estatuaren biktimen kasuan, urraketa horiek «posible dira erakundeen isiltasunagatik», dio txostenak; «izan ere, salaketen preskripzioak eta egindakoa aitortzeari uko egiteak salatzaileak babesten ditu eta zigorgabetasuna ematen die».

Barrionuevoren adierazpenak

Hala ere, gertatutakoa ezagutzeak «biktimak ahalduntzen ditu», Foro Sozialaren ustez; horretarako gertaerak «interpretazio-esparru ulergarri batean» kokatu behar dira eta irtenbideak proposatu. Biktimarioen kasuan, «berriz ere min egiteko gaitasuna murriztu egiten die». Horren adibide bat ere jartzen du txostenak, Jose Barrionuevo ministro ohiaren adierazpenei erreparatuta. «GALen biktimek jasotako babesean» egiaztatu ei du Foro Sozialak min egiteko gaitasunaren apaltze hor.

Azken urteetan, «beste gai batzuen konponbidean aurrera pausoak» ematen ari direla uste du Foro Sozialak, baina egia ezagutzeko eskubidea «gainditu gabeko irakasgai handia» da, harentzat. Zailtasun ugari ikusten ditu, izan ere, egia ezagutzea gauzatu dadin. «Lehena eta garrantzitsuena da denborak egiaren eta biktimen aurka jokatzen duela».

ETAren biktimen kasuan, Espainiako Auzitegi Nazionalean espezializatutako fiskaltza bat dago «ebatzi gabeko kasuak» deritzen kasuetarako, «baina era askotako zailtasun handiak» aurkitzen ditu bere zeregina egiteko, txostenak jasotzen duenez. Estatuaren biktimek ez dute tresna hori, «eta, gainera, kasu gehienak preskribatuta» daudela ziurtatzen du gogoetak. Are, Foroak dio tresna horren eskaera ez dagoela agenda politikoan.

Izan ere, «Gobernuak ez daude beti prest Estatuaren biktimei egiarako eskubidea aitortu edo bermatzeko», Foro Sozialak garbi esaten duenez .«Batzuetan, azaleko bilaketa bat egiten da, espedientea betetzearren, bigarren mailako betebehar gisa». Horrez gain, Artxibo-politikak, Sekretu Ofizialen Legea tarteko, «gertaerak ezagutzea galarazten du». Halaber, Justizia Trantsizionalerako mekanismorik ez izatea «oztopoa da biktimarioek behar bezalako urratsak egin ahal izateko», Foro Sozialak azatzen duenez.

Gizarte zibilaren ekimenak

Hala ere, Foro Sozialak uste du egiaren auzia agendan sartzen ari dela pixkanaka hainbat eragile eta ekimenen eskutik, eta biktimen ahotsak gero eta pluralagoak direla. Edonola ere, ondorio nagusi batzuk ateratzen ditu Foro Sozialaren txostenak egiaren ezagutzaren auziari buruz: «Egiak guztiok jartzen gaitu ispiluaren aurrean, baina ziur gaude, Estatuaren biktimek jasaten duten tratamendu asimetrikoa gainditzeko urratsak ematen diren heinean, errazagoa izango dela egiaren auziari tratamendu integrala ematea».

Foroak uste du «fase honetan, gizarte zibilak» izan beharko duela, ekimen berrien bidez, «egiaren bilaketaren buru»,maila instituzionalean eta judizialean mugak daudela «egiaztatu» duelako. Martxan jartzen diren ekimen horiek «egia sozialean eta peritu-egian aurrera egiteko» tresna izan behar dute, foroaren esanetan, «errekonozimendu eta erreparazio ofizialak eskatzeko», baina beste tresna batzuen «osagarri» gisa jotzen ditu. Nolanahi ere, «egiaren bilaketa ofiziala» bultzatu behar dutela zehazten du idatziak, eta «ekintza ofizialaren aurretik» joan behar dutela, «gutxieneko estandarrak zehaztuz, ondoren ekimen ofizialek atzetik jarraitzeko».

Era berean, Foro Sozial Iraunkorrak «apustu irmoa» egin du «egia tresna sendagarri gisa» kokatzearen alde, «justizia penal zigortzaile gisa baino gehiago»; txostenak dio justizia zigortzaileak ez diola «ia ezer ekartzen» bizikidetza demokratikoari, eta «zaildu» egiten duela adiskidetzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.