Peru

Pedro Castillok Mexikori egindako asilo eskaera berretsi du kartzelatik

Peruko presidente ohia preso egongo da, oraingoz, hilaren 13ra arte. Dina Boluartek Mexikoren esku utzi du asilo eskaeraren auzia.

Pedro Castillo, Poliziaren autoan, asteazkenean atxilotu berritan. RENATO PAJUELO/ EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko abenduaren 9a
16:25
Entzun

Desegonkortasun politiko handiko garaia dute Perun. Pedro Castillo presidente ohia preso dago espetxe batean, oraingoz hilaren 13ra arte. Matxinada delitua leporatzen diote, herenegun kongresua desegin eta salbuespenezko gobernu bat ezarri nahi izateagatik. Gobernuko kideek, kongresuak, botere judizialak, armadak eta poliziak ez zuten babestu Castilloren erabakia, eta bizkarzainek atxilotu egin zuten. Mexikoren enbaxadarantz zihoala atxilotu zuten Castillo; Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidentearen gobernuari asiloa eskatzeko helburua zuen. Gaur, kartzelan, berretsi egin dio eskaera Pablo Monroyri, Mexikok Perun duen enbaxadoreari.

Dina Boluarte da Peruko presidentea asteazkenetik, eta, gaur adierazi duenez, Castillo bisitatzeko asmoa du. Gainera, Mexikoren esku utzi du Castilloren eta haren senideen asilo eskaeraren auzia: «Mexikoko Gobernuari dagokio asilo eskubideak dioena aztertzea».

Boluartek herenegun egin zuen karguaren zina, eta hasia da gobernu berria osatzeko lanetan. Kongresuko talde parlamentario nagusien buruekin elkartu da gaur, gobernuaren egoitzan. Peruko emakumezko lehen presidentearen erronka nagusia gobernuaren eta parlamentuaren arteko harremana hobetzea izango da, hori izan baita Castilloren agintaldia amaitzeko arrazoietako bat.

Presidente berriak bilerak egin ditu Cambio Democratico eta Peru Bicentenario ezkerreko alderdietako buruekin, Somos Peru eta Avanza Pais alderdi eskuindarretakoekin, eta Keiko Fujimorik zuzentzen duen Fuerza Popular alderdi ultraeskuindarrekoekin. Ez du zehaztu, ordea, nolakoa izango den bere gobernua: «Herrialdea garrantzitsuagoa da alderdien ikuspegiak baino». Boluartek adierazi du gaur edo bihar osatuko duela gobernua.

Hauteskundeak aurreratzeko atea ere zabalik utzi du Boluartek. Nabarmendu du bere agintaldia 2026ra artekoa dela, orduan amaitzekoa zelako Castillorena; iaz egin zituzten hauteskundeak. Hala ere, adierazi du, «gizarteak eta egoerak mereziko balute», aurreratu egingo lituzkeela bozak, «indar politikoekin adostu ostean».

AEB Ameriketako Estatu Batuek eta EB Europako Batasunak babesa adierazi diote Boluarteri, eta nabarmendu Castillok egin zuena estatu kolpea jotzeko saiakera bat izan zela. Latinoamerikako gobernuen artean denetariko erreakzioak eragin ditu Peruko krisi politikoak. Miguel Diaz-Canel Kubako presidenteak eta Nicolas Maduro Venezuelakoak, esaterako, Castilloren atxiloketa gaitzetsi dute. Haien arabera, «oligarkiek» atxilotu dute Castillo, eta «jasan duen jazarpena» salatu dute. Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak eta Evo Morales Boliviako presidente ohiak, berriz, kautelazko neurriak eskatu dituzte, Castillo babesteko.

Estatu kolpea jotzeko saioa

Herenegun dar-dar egin zuten bai Peruk eta bai Castillok. Egun horretan, Castilloren aurkako zentsura mozio bat bozkatzekoa zen kongresua —urte eta erdiko agintaldian hirugarren aldiz—, baina, aurretik, gutxik espero bezalako diskurtsoa egin zion presidenteak nazioari; dardarka, telebistan ikus zitekeenez. Kongresua desegin zuen, hauteskundeetara deitu, salbuespenezko gobernu bat ezarri, «legez kanpoko armak» dituzten guztiei haiek entregatzeko agindu zien, eta etxeratze agindua ezarri zuen.

Gobernuko kideek, kongresuak, botere judizialak, armadak eta poliziak ez zuten babestu Castillok egin zuen estatu kolpea. Horregatik, kongresuko gehiengo osoak —130 diputatutik 101ek— kargutik kendu zuen Castillo, «ezgaitasun moral etengabeagatik». Ondorioz, Dina Boluarte presidenteordeak presidente karguaren zina egin zuen, Kongresuak eskatuta.

Agerraldi publikoa egin ostean, Castillok alde egin zuen Peruko Gobernuaren egoitzatik, familiarekin. Mexikoren enbaxadarantz asiloa eskatzera zihoala atxilotu zuten bere bizkarzainek. Matxinada delitua egotzita, espetxeratu egin zuten, behin-behinean, hilaren 13ra arte.

Limako Barbadillo espetxean dago Castillo, eta hortxe bertan betetzen ari da Alberto Fujimori Peruko presidente ohia (1990-2000) 25 urteko kartzela zigorra. Fujimorik Castillok egindakoaren antzeko estatu kolpe bat egin zuen 1992an, baina Fujimorirenak arrakasta izan zuen, armadaren babesa zuelako, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.