Munduko Kopa

Maroko eta Frantzia finalerdietan dira

Finalerdietan sartu den Afrikako lehen selekzioa da Maroko. Frantzia ere sailkatu da, Ingalaterra garaituta.

Marokoko jokalariak finalerdietarako sailkapena ospatzen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
jon eskudero
2022ko abenduaren 10a
22:43
Entzun

Marka egin eta markak hautsi. Balentria ederra lortu du Marokok Qatarko Munduko Kopan, Portugal mendean hartuta (1-0). Afrikako selekzioek sekula ez zuten lortua munduko lau talde onenetan sartzea, baina marokoarrak historian sartu dira, kontinenteko lehenak izango baitira munduko futbol txapelketa bateko finalerdiak jokatzen. Lehenago final-laurdenetan arituak ziren Afrikako beste selekzio batzuk: Kamerun lehiatu zen 1990ean, Italian; Senegal ere bai 2002an, Korea eta Japonian jokaturiko txapelketan; eta Ghana ere final-laurdenetan aritu zen 2010ean, Hegoafrikan. Ordea, inork ez zuen eskuratu finalerdietako sailkapenik. Horretarako aukera ederra zuen Marokok, eta ez du hutsik egin. Orain, amesten jarraitu eta finalerainoko bidea egin nahi dute afrikarrek. Frantzia menderatu beharko dute finalerdietan, hain zuzen, Ingalaterrari irabazi baitiote frantziarrek (2-1).

Gero eta berdinduago dago egungo futbola munduko selekzio guztien artean, eta jada ez da Europako eta Hego Amerikako taldeen kontua soilik. Berdintasunaren ispilu garbiena da Marokoren sailkapena. Multzoen fasea lider amaitu zuen. Askok ez zioten aukera handirik ikusten final-zortzirenetan Espainiari irabazteko, baina ezustekoa eman zuten penaltietan gailenduta. Bada, hura gutxi ez eta atzo ere erakustaldi galanta eman dute, Portugalen aurrean. Oraindik gol bakarra jaso dute jokaturiko bost partidetan, eta fisikoki zein taktikoki oso selekzio indartsua direla azaldu dute. Gainera, eraginkorrak dira aurkariaren ate aurrean.

Ohi bezala, aurreko partidetako gidoiari eutsi dio Regragui Marokoko entrenatzaileak, eta bete-betean asmatu du. Lau jokalariz osaturiko bi lerro osatuta, ordena eta sendotasuna izan ditu oinarri. Hori bai, ez du atzean autobusa ezarri. Baloia ia gehienean Portugalek izanagatik, bururik galdu gabe jokatu dute afrikarrek, euren arma nagusia kontraerasoa zelarik. Galtzeko beldurrez aritudira bi taldeak lehen zati osoan, baina Portugalek izan ditu bizpahiru aukera on, Joao Felixen eskutik. Ez zdu asmatu, ordea. Bazirudien husnakoarekin helduko zirela atsedenaldira, baina 42. minutuan iritsi da partidako gol bakarra. Erdipurdiko erdiraketa bat buruz errematatu du En-Nesiry aurrelariak, jauzi erraldoia egin eta baloia sareetara bidaliz.

Golak min egin dio Portugali, eta bigarren zatiari begira aldaketak egin ditu Santos entrenatzaileak. Cristiano Ronaldoren zelairatzea izan da aipagarriena. Bada, haren ekarpenak ere ez dio balio izan. Saiakera faltan ez dira geratu; baloi luzeen bidez zein Bruno Fernandesen kalitateari esker, Marokoren ate aurrera erraz iritsi dira, baina ez dute asmatu gola egiten. Bono atezainaren lanak zerikusia izan du horretan; beste behin, maisuki aritu da Sevillako atezaina. Hamar jokalarirekin amaitu dute lehia afrikarrek, eta ondo baino hobeto jakin dute sufritzen.

Marokoko zaleek ere sufritu egin dute bukaeran, partida amaitzeko gogoz, baina pozez lehertu dira epaileak partidaren amaiera adierazi duenean, eta Euskal Herriko herri askotan atera dira kalera, haien taldea finalerdietan dela eta historia egin dutela ospatzeko. Bilbon, San Frantzisko kalean jendetza bildu da, eta kalejiran atera dira partida amaitu ondoren. Marokok Bilbon duen kontsuletxeak Twitterren oharra zabaldu du: «Momentu historikoa Marokorentzat, mundu arabiarrarentzat eta Afrikarentzat. Zorionak gure lehoiei, eta eskerrik asko munduko komunitate marokoarrari bere babesagatik»:

Frantzia, sufrituta

Ederki sufritu behar izan du Frantziak ere Ingalaterra mendean hartu, eta finalerdietarako sailkatzeko. Lehen zatia goi mailakoa egin du Didier Deschampsen taldeak. Erritmo bizian aritu da atzean zein aurrean, eta Griezmannen gidaritzapean, nagusi izan da. Tchouameniren golak abantaila eman die frantziarrei. Bigarren zatian, hori bai, gogotik aldatu dira kontuak. Askoz oldarkorrago jokatu du Ingalaterrak, eta Kanek penalti puntutik ezarri du banakoa. Ondorengo minutuetan askoz erosoago sentitu dira ingelesak, eta gol aukera garbirik eduki ez arren, nagusi izan dira jokoan.

Oso talde gaztea du Ingalaterrak, eta esperientzia falta izan zaio azken minutuetan. Nahi eta ezin ari da Frantzia, baina ezerezetik gola egin du berriro, 78. minutuan, Giroudek. Ordu laurden eskas zuen Ingalaterrak lehia berriro berdintzeko, eta izan du aukerarik. Besteak beste, Kanek beste penalti bat jaurti du, baina zeruetara bota du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.