TURKIA

Atenasera misil bat jaurtitzeko mehatxua egin dio Erdoganek Greziari

Ankarak Greziari egozten dio Egeo Itsasoko bere menpeko uharteak militarizatzea. 500 kilometrotik gorako irismena duen misil bat garatu du Turkiak.

Recep Tayyip Erdogan, aurreko hilabetean. EFE
Igor Susaeta.
2022ko abenduaren 12a
13:24
Entzun

Greziaren aurkako erretorika gogortu du Turkiak azkeneko asteetan. Horren adibide, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak atzo adierazitakoa. «Baretu ezean», Atenasera misil bat jaurtitzeko mehatxatua egin zion Greziari. Egeo itsasoko Greziaren menpeko uharteak militarizatzea egozten dio Ankarak Atenasi.

«Gure misilak egiten hasi gara orain», esan zuen Erdoganek, Samsun hirian egindako ekitaldi publiko batean. «Noski, ekoizpen horrek greziarrak beldurtzen ditu. Tayfun esaten duzunean, greziarrak beldurtu egiten dira eta esaten dute: 'Atenas joko du'. Bada, joko du, noski».

Tayfun-ek tifoi esan nahi du turkieraz, eta Turkiak garatutako irismen laburreko misilbat da. Joan den urrian probatu zuten Itsaso Beltzean, eta jaurtitako lekutik 560 kilometrotara zegoen helburu bat jo zuen. Irismen horren erdia dute Ankarak orain arte eduki dituen misilek. Turkiako kostaldearen eta Atenasen artean 500 kilometro baino gutxiago daude.

Erdoganek Greziako Gobernuari leporatzen dio AEBei armamentu militarra erostea. «Lasaitzen ez badira, ahalegintzen badira zerbait [armak] erosten handik eta hemendik, AEBetatik uharteetara, Turkia ez da begira geratuko. Zerbait egin beharra dauka». Greziak armamentu astuna erosi die azken hilabeteetan AEBei: besteak beste, F-35 gerra hegazkinak. Nikos Panagiotopoulos Defentsa ministroak erabakia justifikatu izan du esanez erosketa horiek «pauso garrantzitsu bat» direla «kanpoko mehatxuei» aurre egiteko ahaleginean.

Joan den astean Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroak egin zion ohartarazpena Greziari. Adierazi zuen Egeoko uharteak militarizatzen jarraitzen badute Ankarak «neurriak» hartu beharko dituela.

Greziaren eskaera

NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kideak dira bi estatuak, baina hamarkadak daramatzate etsaituta, aldebiko gatazka batzuen harira: hala nola itsasoko mugak eta Zipreko auzia.

Urtearen hasieran, Greziak Mendebaldeari eskatu zion Turkiaren erretorika apaltzen ahalegintzeko, ohartaraziz Ukrainakoaren antzeko egoera bat errepika zitekeela bestela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.