Arrantza

Txitxarroaren arrantza kuota %95 murriztu du Bruselak

Argudiatu du espezie horren biomasa biziraupena bermatzeko mugatzat jotzen denaren azpitik dagoela. Euskal arrantzaleek kopuru txiki bat mantentzea eskatu zuten.

Getariako (Gipuzkoa) arrantzale batzuk, arraina portuan deskargatzen. GORKA RUBIO (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko abenduaren 13a
11:52
Entzun

Oro har, 2023rako arrantza kuoten inguruko lehen negoziazioek emaitza onak ekarri dizkiete Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleei. Berdela harrapatzeko aukerak %20 handituko dira iazkoekin alderatuta, 29.439 tona guztira. Hego Euskal Herriko baxurako arrantzaleentzat espezie hori da harrapaketa nagusietako bat, hegaluzearekin eta antxoarekin batera. Legatzaren kuota, berriz, %10 igo da, 9.953 tonaraino.

Txitxarroaren kuotari dagokionez, berriz, Bruselatik albiste gazi-gozoak datoz euskal arrantzaleentzat. Murrizketa handia ezarri du: 3.271 tona harrapatu ahalko dute Kantauri itsasoan, urte honetan arrantzatutakoaren %4 inguru. Gobernuek txitxarroaren arrantza murriztea adostu dute, stockaren «baldintza txarrak» direla eta. Europako Batzordeak Kantauri itsasoan arrantzatzea debekatzea proposatu zuen.

Egun hauetan egindako bileran ez dira hegaluzearen eta antxoaren kuotak adostu. Horiek dira euskal arrantzaleen espezie nagusiak. Bizkaiko eta Gipuzkoako lonjetan egindako deskarga guztien bi heren inguru. Bi espezie horien kuotak aurrerago ezarriko dira. Antxoaren kasuan, urtearen hasieran, azterketa zientifikoen emaitzen ondoren. Hegaluzeari dagokionez, otsailean ezarri ohi da. Euskal arrantzaleek ez dute aldaketarik espero bi espezie horien kuotetan.

Txitxarrorik ez Kantauri itsasoan

Txitxarroari dagokionez, euskal arrantzaleek kopuru txiki bat mantentzeko eskatu zuten. Espezie hori ez dute asko arrantzatzen. Bizkaiko eta Gipuzkoako lonjetako salmenten % 2 baino ez da. Kantauri itsasoko ontzidia osoari 3.200 tonako kuota esleitu zaio, eta, aurreko urteetan Madrilek egindako banaketa kontuan hartuz, 900 tona izango lirateke Bizkaiko eta Gipuzkoako barkuentzat, azken urteetako deskargen antzeko kopurua.

Inguraketa, mailasarea eta arraste teknikak erabiltzen dituzten barkuak aritzen dira horretan, batez ere arrastekoak, eta garrantzi berezia du Ondarroako portuan (Bizkaia). Beste batzuentzat ordezko espeziea da udazken-neguetan, antxoaren eta hegaluzearen kostera amaitzen dutenean. Kasu gehienetan, nahi gabe arrantzatzen da espezie hori, txitxarroa sareetan beste espezie batzuekin nahasten delako. Kontuan izan behar da itsasontziak behartuta daudela arrantzatzen duten guztia portura eramatera, bestela isunak jartzen dizkiete. Horregatik eskatu zuten kuota bat mantentzea, txikia izan arren.

Txosten zientifikoen arabera, espezie horren biomasaren egoera haren iraupena bermatzeko mugatzat jotzen denaren azpitik dago. Ikerlariek diote 2024an azpitik iraungo duela, nahiz eta arrantza murriztu, eta horregatik proposatzen zuten debekatzea. Arrantzaleek onartzen dute asko murriztu dela, batez ere Kantauri itsasoan, baina esaten dute beste eremu batzuetan ez dela hori gertatzen. Horretarako hainbat arrazoi egon daitezkeela diote; adibidez, itsasoaren tenperatura igo izana. Horrek eragingo luke, haien ustez, txitxarroa urruntzea, beste espezie batzuk ugaritzeagatik.

Beste espezie batzuk

Berdelaren kuota handitzea albiste ona da euskal arrantzaleentzat. Azken urteetan pisu handia hartu du espezie horrek, bereziki baxurako ontzientzat, eta deskarga kopuruetan hegaluzearen pare jarri da. Legatzak, berriz, gero eta pisu txikiagoa du Bizkaiko eta Gipuzkoako lonjetan, baina kuota handitu izana txalotu dute. Azkenengo zortzi urteetan lehen aldiz handitu du, espeziearen kontserbazioa ona dela eta. Urrian, Bruselak horren seinale bat eman zuen, abendura arte 9.201 tona gehiago arrantzatzeko aukera eman baitzien.

Beste espezie batzuei dagokienez, Europako Batzordeak bakailaoarentzat eta mihi arrainarentzat proposatutako murrizketak txikitu dira. Bi espezie horietarako, Bruselak %10eko eta %11eko murrizketak proposatu zituen, hurrenez hurren, baina azkenean iazko kuotak mantentzea hitzartu dute. Aingirari dagokionez, akordioa lortu dute sei hilabeteko debekualdi baterako, espeziea berreskuratzea lortzeko.

Bestalde, Erresuma Batuarekin eta Norvegiarekin negoziazioak irekita daude oraindik. Europako Batasunak arrantza tokiak partekatzen ditu bi herrialde horiekin, eta arrantzaleak akordio horien mende daude, bereziki alturakoak. Espainiako Gobernuak aurreratu du lehen aldiz lortu dituela Erresuma Batuko uretan hegaluzea arrantzatzeko lizentziak; horrez gain, legatzaren kuotak %5 igo dira, eta zapoarena eta oilarrarena, %11 eta %14, hurrenez hurren. Norvegiarekiko harremanak, berriz, trabatuta daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.